Abdullah Öcalan
Abdullah Öcalan (Ömerli, Halfeti, Şanlıurfa probintzia, 1948ko apirilaren 4a) politikari kurdua da, bere herriaren askapenaren aldeko mugimenduaren gaur egungo buruzagi ospetsuena. Turkiak (Estatu Batuen eta Israelen laguntzaz) Kenian bahitu zuen 1999an, eta, epaiketa bidegabe baten ondoren, preso dauka geroztik, bakartze sistema gogor baten pean. BizitzaKurdistango Langileen Alderdiaren (PKK) sorreran, 1978an, parte hartze handia izan zuen. 1984an Turkiaren aurkako ekintza armatuei ekin zien. Egun, borroka armatuaren garaia bukatu dela dio, eta kurduentzat konponbide politikoa bilatu behar dela.[1] 1999ko otsailaren 15ean Turkiako MIT zerbitzu sekretuko agenteek bahitu zuten Nairobin, Greziako enbaxadatik aireportura zihoala, (dirudienez, CIA eta Mossad espioitza agentzien laguntzaz). Turkiara eraman zuten, eta, Turkiako legearen kontra erakunde armatua eratzea egotzita, hasiera batean heriotza zigorra ezarri zioten. Hala ere, hiru urte geroago, horren ordez bizi arteko espetxe zigorra ezarri zioten, nazioarteko presioei men eginez heriotza zigorra bere legeetatik ezeztatu baitzuen Turkiak. Izan ere, Europar Batasuneko kide bihurtu nahi du Turkiak, eta giza eskubideen arloan hainbat eskakizun ezartzen ditu erakunde horrek, bertako kide izateko. Turkiara eraman zutenetik 2009raino, Imrali uharteko kartzela bateko preso bakarra izan zen.[2] 2005ean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen Turkiak Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 3., 5. eta 6. artikuluak urratu zituela, Öcalani ez baitzion bere atxiloketaren aurkako errekurtsoa aurkezteko aukerarik eman, eta bidezko epaiketarik gabe ezarri baitzion heriotza zigorra.[3] Ondoren, Öcalanek berriz epaitzeko eskaria egin zuen, baina Turkiako auzitegiek ukatu egin zioten.[4] Europako Batzordeko Torturaren Prebentziorako Batzordeak Öcalani bisita egin zion, eta haren kartzelatze egoera ez zela egokia salatu zuen. Horren eraginez, Turkiako agintariek espetxe berri bat eraiki zuten uhartean, eta 2009an iragarri zuten Öcalanekin batera han izango zirela PKKko beste preso batzuk, eta Öcalanek (hamar urtez bakarrik espetxeratuta izan eta gero) haiekin elkartu ahal izango zuela astean hamar orduz.[5][6] Espetxetik, Öcalanek hainbat liburu argitaratu ditu, azkena 2012an. Turkian HDP alderdi kurdua legez kanporatzeko ahaleginen erdian, 2021eko martxoaren 19an Öcalanek ez zuen kanpoaldearekin batere harremanik izan eta ez zegoen haren batere berririk 2020ko apirilaz 27az geroztik, Serbay Koklu haren abokatuak jakinarazi zuenez; inkomunikazioa erabatekoa zen. Horrek haren osasunari buruzko kezka piztu zuen.[7] Alabak adierazi zuen ez zekitela ere non zegoen.[8] 2024an, Öcalanen berririk gabe jarraitzen zutela eta Turkiak Öcalan legez kanpoko sistema zorrotz baten pean zeukala salatu zuen haren abokatu Ibrahim Bilmezek, Euskal Herrian.[9] Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak
|