Amoniakoa naturan kantitate nabarmenetan aurkitzen den konposatu kimiko bat da, animalia eta landare jatorriko substantzia nitrogenatuetatik sortzen dena. Amoniakoa eta amonio-gatzak kantitate txikian aurkitzen dira euri-uretan[1].
Industria kimikoko produktu garrantzitsuenetako bat da. 2018an amoniakoaren ekoizpen industrial globala 175 milioi tonakoa izan zen[3], eta 2021ean 236 milioi tonakoa[4]. 2018ko datuen arabera, munduko amoniakoaren %28,5 Txinan ekoizten da, %10,3 Errusian, %9,1 AEBetan eta %6,7 Indian[3]. Gaur egun ekoizten den amoniakoaren %90 nekazaritzarako ongarriak sortzeko erabiltzen da. Horrez gain, hondakinen tratamendurako, zelulosaren eta paperaren industriarako, garbiketa produktuak sortzeko eta lehergaiak egiteko erabilgarria da[5].
Amoniakoaren ekoizpen masiboan Haber-Bosch prozesua erabiltzen da[5][6]:
N2 + 3 H2 → 2 NH3, ΔH° = −91.8 kJ/mol
Toxikotasuna
Amoniakoa oso toxikoa da uretako animalientzat, eta horregatik ingurumenarentzat arriskutsu gisa sailkatuta dago[7]. Ez da hain toxikoa ugaztun gehienentzat[8] eta landareentzat[9]. Tabakoaren kearen osagaietako bat da[10].
Amoniako disoluzioen Europar Batasuneko sailkapena
Pisuaren
araberako kontzentrazioa
Molartasuna
Masa/bolumena
Piktogramak
Giza osasunerako
eta ingurumenerako
arriskuak
% 5-10
2,87-5,62 mol/L
48,9-95,7 g/L
H314: Larruazaleko erredura larriak eta begietako kalteak eragiten ditu
% 10-25
5,62-13,29 mol/L
95,7–226,3 g/L
H314: Larruazaleko erredura larriak eta begietako kalteak eragiten ditu.
H335: Arnas narritadura eragin dezake.
H400: Oso toxikoa uretako bizidunentzat.
> %25
>13,29 mol/L
>226,3 g/L
H314: Larruazaleko erredura larriak eta begietako kalteak eragiten ditu.
H335: Arnas narritadura eragin dezake.
H400: Oso toxikoa uretako bizidunentzat.
H411: Toxikoa uretako bizidunentzat, efektu iraunkorrak ditu.