Charlotte Wilson
| Charlotte Wilson | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Kemerton (en) |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Irvington, 1944ko apirilaren 28a (89 urte) |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Cheltenham Ladies' College (en) Newnham College (1873 - 1876) |
| Hizkuntzak | ingelesa |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea, civil libertarian (en) |
| Ideologia | anarkismoa |
Charlotte Mary Wilson, Charlotte Mary Martin jaiotzean, (Kemerton, Worcestershire, 1854ko maiatzaren 6a – Irvington-on-Hudson, New York, 1944ko apirilaren 28a) ingeles fabiandar eta anarkista izan zen. Freedom egunkaria sortu zuen 1886an, Piotr Kropotkinekin batera, eta haren erredakzioaz, argitalpenaz eta finantzaketaz arduratu zen, batez ere lehen hamarkadan, 1895era arte erredaktore buru izaten jarraitu zuen arren.[1]
Biografia
Lehen urteak eta ikasketak
Charlotte Mary Martin erdi-mailako klaseko familia batean jaio zen, Kemertonen, Worcestershiren, Tewkesbury herritik gertu dagoen herri batean, Gloucestershire konderrian.[2] Aita, Robert Spencer Martin, zirujau aberats bat zen, zeta-ekoizle baten iloba;[3] ama, berriz, Clementina Susannah Davies, merkataritzan eta administrazioan ziharduen familia dirudun batetik zetorren.[4]
Lehen ikasketak Cheltenham College-n egin zituen, baina han «ez zen zoriontsua izan».[4] Geroago, 1870eko hamarkadaren hasieran, 1873an edo 1874an, seguru aski, Merton Hall-en hasi zen ikasten,[Oh 1] Cambridgeko Unibertsitateko School of Pythagoras ikastetxeari atxikitako jauretxe txikian, hamalau ikasleko talde batean.[5] Wilsonek Cambridge Unibertsitateko Higher Local Examination azterketa egin zuen.[Oh 2][4] Ez zuen unibertsitate-titulurik lortu, garai hartan, eta debekua 1923an kendu arte[2], emakumeek ezin baitzuten unibertsitatean ikasi.[4] Wilsonek Cambridge utzi zuenean «gizarte-zientzia positibisten lengoaia menderatzen zuen eta ekonomiari eta eboluzioari buruzko diskurtso maskulinoan parte hartzeko gauza zen, eta, dohain horiei esker, eztabaida erradikaletan entzun zitezkeen ahots femenino bakanetako bat bihurtu zen».[3]
Fabian Society
1876an, Charlotte Mary Martin Arthur Wilson lehengusu txikiarekin ezkondu zen. Arthur Londreseko Islingtongo bikarioaren semea zen,[3] Oxfordeko Wadham Collegen lizentziaduna eta burtsako artekaria.[4] Senar-emazteak, hasiera batean, Hampsteaden bizi izan ziren, Londresen, eta han, Charlottek «gogotsu jardun zuen ongintza- eta hezkuntza-ekimenetan».[4] 1885ean, Edith Nesbit idazle eta poeta fabiandarrak honela deskribatu zuen Wilson bere adiskide Ada Breakwelli idatzitako gutun batean:
«Oso senar atsegina du, benetako gentleman bat. Ezer kontatu dizut haien etxeaz? Gizona burtsako artekaria da, eta Hampsteadeko etxe xarmagarri eta nahiko garesti batean bizi ziren, baina, halako batean, Charlottek uko egin zion senarraren diru-sarreretatik bizitzen jarraitzeari ("bidegabekeriaren soldata" deitzen die lakonikoki), eta orain etxetxo txiki batean bizi dira, non berak etxeko hegaztiak hazten dituen. Etxalde txikia da, xarmagarria eta nahiko idilikoa.[Oh 3] Bi logela, estudio bat eta sukalde bat baino ez ditu. Sukaldea idealizatutako baserriko sukaldea da, non, jakina, ez den sukaldatzen, baina han dira esertoki biguna, beheko sua, arasa leundu bat eta bankuak, eta etxeko beirateria eta baxera guztia ikusgai, eltzeekin, zartaginekin, errezelekin, aulkiekin eta balio estetiko handiko mahaiekin nahastuta. Oso efektu inkongruentea, baina, hala ere, oso atsegina». (letra etzana jatorrizkoan)[6]
George Woodcock (1990) idazle anarkistak honako hau dokumentatu zuen: «Sozialista bilakatu zenean[Oh 4], [Wilsonek] bizimodu xumeagoa hartu zuen Heath kanpoaldeko etxetxo batean».[Oh 5][7]
Hinely historialariaren iritziz, Lehen Mundu Gerraren aurreko hiruzpalau hamarkadetan, «ekintzaile erradikalak eta haien erakunde aldakorrak elkartu eta bereizi egiten ziren etiketa desberdin askoren pean: anarkistak, antiinperialistak, New Women, eugenistak, begetarianoak eta, denetan zentzu zabalenean, sozialistak».[3] Gainera, David Goodway egile anarkistak dokumentatu zuen bezala: «Sozialismoa berpiztu zen lehen urteetan, talde ezberdinen arteko mugak lausoak ziren eta haien artean nahaste handia zegoen».[8] Wilson horren adibide garbia zen. Goodwayk dioenez, «Horren adibidea da Charlotte Wilson, Freedom aldizkariko lehen editorea, Fabian Societyko kide ere bazena».

Woodcockek dokumentatu zuenez, Wilson «Fabian Society elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta 1884ko abenduan, Bernard Shaw eta beste hiru lagunekin batera, elkarteko lehen batzorde betearazleko kide izateko hautatua izan zen».[Oh 6] Gainera, Hinelyk adierazi zuenez, 1870eko hamarkadaren amaieratik aurrera, erakunde batzuk sortu zituen edo zenbaitekin bat egin zuen.[3] Adibidez, Wyldesen biltzen zen Hampstead Historic Club elkartea sortu zuen, pentsalari aurreratuentzako ikerketa politikoko talde informala, Karl Marx Elkartea edo Proudhon Elkartea izenez ere ezaguna.[9][10] Ez da klubaren erregistrorik gorde. Hala ere, zenbait pertsonaren memorietan horri buruzko aipamenak daude. Adibidez, Wyldes Farm-eko bere historian, Wilsonek bere etxera joan ziren pertsona batzuen izenak utzi zituen jasota, eta jakina da gehienak klubeko bileretara joaten zirela.[11] Horien artean zeuden, besteak beste, Sidney Webb, George Bernard Shaw, Sydney Olivier, Annie Besant, Graham Wallas, Belfort Bax, Edward Pease, E. Nesbit, Hubert Bland, Karl Pearson, Havelock Ellis, Edward Carpenter, Frank Podmore, Ford Madox Brown eta Olive Schreiner. Idazkaria Emma Brooke zen.[12]
Hampstead Historic Club taldeak, hasiera batean, emakume errusiar batek frantsesez irakurtzen zien Karl Marxen Kapitalaren aztertzeari ekin zion; baina geroago Proudhonen lanak irakurtzea erabaki zuten. 1889an, George Bernard Shaw-ek klubeko eztabaida sutsuak deskribatu zituen.[13] Fabian Society eta Hampstead Historic Club taldeetan kide komun asko elkartzen ziren arren, erakunde independente gisa mantendu ziren. Klubean eztabaidatutako ideien ondorioz, Fabian Essays in Socialism saiakera bilduma argitaratu zen 1889an.[14][13] Haietan, Shaw-ek Hampstead eta bere bilerak «klase ertaineko sozialismoaren sehaska» bailitzan deskribatu zituen.[15]

Beste elkarte bat The Society of Friends of Russian Freedom (Errusiako Askatasunaren Lagunen Elkartea) izan zen, Wilsonek Sergei Stepniakekin, Karl Pearsonekin eta Wilfrid Voynich-ekin batera sortua. Testuinguru horretan Voynichekin izandako harremanak azal lezake Wilson izatea Ethel Voynich-en The Gadfly eleberriko Gemma pertsonaiaren inspirazio iturria.[16][17]
1886ko irailean, Fabian Society elkartean garai hartan eragin handia izan zuten bi emakume zeuden bere kideen artean: Wilson eta Annie Besant.[18] Hala ere, Wilson «ezari-ezarian baztertua geratu zen, Annie Besantek elkarteak rol politiko aktiboagoa hartu behar zuela defendatzen zuelako».[19] Horren ondorioz, elkarteak hiriko erakunde sozialistak bilera batera deitu zituen Fleet Streeteko Anderton hotelean, Europan bezala Erresuma Batuan ere alderdi politiko bat osatzeko aukera eztabaidatzeko.[20][21] Besantek horren aldeko proposamena aurkeztu zuen eta Hubert Blandek harekin bat egin zuen. William Morrisek, berriz, zuzenketa bat proposatu zuen, Wilsonek babestu zuena. Hau izan zen aurkeztu zuten zuzenketaren ondorioa:
Baina, kontuan harturik sozialismoaren betebehar garrantzitsuenak bi direla, lehena jendea heztea, bere egungo egoera zein den eta bere etorkizuna zein izan daitekeen uler dezan, eta bigarrena jendaren artean sozialismoaren printzipioak beti presente mantentzea; eta kontuan harturik parlamentuan jokatzeak konpromisoak hartzea eta kontzesioak egitea nahitaez ekarriko lukeela, jendearen heziketa ostopatuz eta gure printzipioak ilunduz; urrats faltsua litzateke sozialistak Legebiltzarreko gatazkan parte hartzen saiatzea.[20]
Zuzenketa ez zen onartua izan, eta, horren ondorioz, Wilsonek «1887ko apirilean Fabian Society-ko batzar exekutibotik dimititu zuen, eta hogei urtez ez zuen Elkartean aktiboki parte hartu, nahiz eta kide izaten jarraitu».[22]
Freedom aldizkaria

Wilsonek hasieran, Hamstead Historic Clubeko kide zenean, William Morris sozialista libertarioa miresten zuen bereziki. [23] Hala ere, geroago, atxikimendu handiagoa agertu zuen Piotr Kropotkinekiko.[23] Horren ondorioz, 1884 eta 1896 artean, Karl Pearsonekin posta-truke handia izan zuen anarkismoari, fabiandarrei, Karl Marx Elkarteari eta sortu nahi zuen Errusiako Elkarteari buruz.[24] Pearsoni Marxen irakurketari buruzko aholkua eskatu zion, eta giza izaerari buruz zuen ikuspegia argudiatzen saiatu zen, zeinaren arabera «anarkismoa zen sistema politiko moral bakarra».[23] 1886ko urtarrilaren erdialdean, Piotr Kropotkin, eskorbuto eta malariaz gaixorik, eta Frantziako Clairvauxeko kartzelako gainerako kide anarkistak aske utzi zituzten.[25] Bere kartzelaldian, Wilson harremanetan egon zen bere emazte Sofiarekin.[26] Urtarrilaren 20an, Piotr Kropotkinek George Herzig Genevako lagunari idatzi zion: «Londresera deitu didate ingelesezko egunkari anarkista bat sortzeko; baliabideak eskura dituzte eta ni prest nago lanean buru-belarri hasteko».[27] Woodockek eta Avakumoovius-ek (1971) beren liburuan honako hau adierazi zuten: «Ez dakigu ziur norengandik zetorren" deia ", baina oso litekeena da Charlotte Wilsonena izatea».[27]
Martxoaren hasieran, Sofia eta Piotr Kropotkin Ingalaterrara joan ziren, eta Harrowen, Londresen, jarri ziren bizitzen.[28][25] Martxoan bertan, edo apirilaren hasieran, Wilson, J. Burns-Gibson doktorea eta beste pertsona bat edo bi ezagutu zituzten.[Oh 7][28] Urrian argitaratu zen Freedom aldizkariaren lehen zenbakia, lau orrialdeko liburuxka formatuan.[29] Wilson aldizkariaren editorea izan zen 1895era arte.[22] Zenbaki guztietan, bigarren orrialdean agertzen den adierazpenean, laburbiltzen dira egileen asmoak eta anarkismoaz duten ikuspegia:
«Anarkistok elkarren arteko laguntzan eta borondatezko lankidetzan oinarritutako gizarte baten alde borrokatzen gara. Gobernuaren eta ekonomiaren errepresio mota oro arbuiatzen dugu. 1936tik etengabe argitaratzen den egunkari honen helburua da anarkismoa publiko zabalago bati ezagutaraztea eta erakustea gizarte anarkista batean bakarrik egin dezakeela aurrera giza askatasunak».
Wilsonek idatziriko "Work" (1888) saiakera oker egotzi zitzaion Kropotkini urte askotan.[30]
Fabian Society-n berriro
XIX. mendeko azken urteetan —haietan gurasoak hil zitzaizkion, aita 1896an eta ama 1903an —, Wilsonek ez zuen ezkerreko politikan parte hartu.[22] 1906an itzuli zen berriro jarduera politikora. Ez zion ideologia anarkistari uko egin; hala ere, Fabian Society elkartearekin lerrokatu zen.[22] Handik gutxira, 1908 eta 1913 artean[31], elkarteko idazkari nagusi kargua bete zuen, eta aldi horretan emakumeen sufragioaren aldeko kanpainarekin bat egin zuen.[32][33][34]
Wilson Fabian Women 's Group taldearen sortzaile nagusia ere izan zen. «Taldea South Kensingtoneko areto dotore batean sortu zen. 1908ko martxoan egindako lehen bileran, hamalau emakumek indarrak batzeko konpromisoa hartu zuten, garai hartako bi mugimendu garrantzitsuenen arteko harremana aztertzeko: sozialismoa eta feminismoa. Handik aurrera, emakume ospetsu askok parte hartu zuten bileretan, haien artean Beatrice Webb, Edith Nesbitt eleberrigilea, Annie Besant jaiotza-kontrolaren defendatzailea, Margaret Bondfield Gobernuko lehen ministro eta dendaria, eta Susan Lawrence 1902ko hamarkadako diputatu laborista».[35]
Wilsonek St John 's Wood-eko bere etxean hartu zituen taldearen bilerak.[22] Elkarteko Ikasketa Azpibatzordeko idazkaria ere izan zen (1908-1913), eta eragin handia izan zuen emakumeen lan-baldintzei buruzko ikasketen orientazioan. 1912an, Helen Blagg-ekin batera, elkartearentzako liburuxka bat idatzi zuen: «Emakumeak eta kartzelak». 1911n, Fabiandar Emakumeen Taldearen jarduerak deskribatu zituen.[36] Eta, 1916ra arte, osasun arrazoiengatik dimisioa eman zuen arte, taldeko kiderik aktiboena izan zen.[22]
Lanak
1880ko hamarkada
- "Women's labour in factories". Justice. 1884ko martxoaren 8a.
- "The condition of the Russian peasantry". Today. 1885eko uztaila/abuztua.
- "The Family as a Type of Society". The Anarchist. 1886ko apirila.
- "Freedom". Freedom. 1 1886ko ekaina.
- "Anarchism". Fabian Tract No. 4 What socialism is. London: George Standring. 1886ko uztaila.[37]
- "The principles and aims of anarchism". Present Day. 1886ko uztaila.
- "Education by force". Freedom. 1: 1-2. 1886ko azaroa.
- "Women's Labour". Freedom. 1 (10): 2. 1887ko uztaila.
- "The condemned anarchists". Commonweal. 1887ko azaroaren 12a.
- "The tragedy of Chicago". Freedom. 1887ko abendua.
- "The women of the commune". Freedom. 1888ko apirila.
- "Work". Freedom. 1888ko uztaila.
- "The marriage controversy". Freedom. 1888ko urria.
- "The revolt of the English workers in the nineteenth century". Freedom. 1889ko apirila/iraila.
- "What anarchist communism means". Freedom. 1889ko abuztua.
1890eko hamarkada
- "Democracy or anarchism". Freedom. 1890eko otsaila.
- "Anarchism and outrage". Freedom. 1893ko abendua.[38]
- "Anarchism and homicidal outrage". What is anarchism? 1893.[Oh 8][39]
1900eko hamarkada
- "A brief history of Freedom". Freedom. XIV (153): 49-50. 1900.
- "Wyldes and its story". Transactions of the Hampstead Antiquarian and Historical Society. 1902-1903.
- "The economic disintegration of the family". Fabian News. 1909ko uztaila.
- (Helen Blagg-ekin batera) "Women and Prisons". Fabian Tract No. 163. London: Fabian Society 1912.
Oharrak
- ↑ W-ek, bere artikuluan (W 1986), esan zuen Wilsonek ez zuela Girton Collegen ikasi, nahiz eta «zenbaitek hori adierazi duten». E. Nesbit idazle eta poeta fabiarra izan zen, antza, akats hori egin zuen lehena; ikus (Briggs 1987, 69 or. ). Haren atzetik etorri zen (Woodcock 1990, 202 or. ), Wilson «Girtonen graduatu» gisa deskribatu zuena, eta duela gutxi (MacCarthy 2014, 13 or. ), «Girtonen trebatua» gisa deskribatu zuena.
- ↑ Higher Local Examination azterketak (Goi Mailako Tokiko Azterketa) 1869tik 1922ra egin ziren. 18 urtetik gorako emakumeentzako azterketa gisa ezarri ziren, baina gizonei ere ireki zitzaizkien sei urte geroago. Azterketak UCLES-ek (University of Cambridge Local Examinations Syndicate) ezarri eta antolatzen zituen, eta emakumeek osaturiko eskualde-batzordeek, berriz, alderdi praktikoak kudeatzen zituzten, hala nola aretoak kontratatzea, bulego-materiala erostea eta azterketetako zaintzaileak kontratatzea. Kalifikazioak unibertsitateko tituluak bezalakoak ziren: Ohorezkoak (Lehen, Bigarren eta Hirugarren Mailakoak) edo arruntak. Ziurtagiriak lortzeko, hautagaiek zenbait ikasgai, multzoka sailkatuta, gainditu behar izaten zuten, nahiz eta azterketa guztiak urte bakar batean egin beharrik ez izan.
- ↑ Nesbitek aipatzen zuen "etxalde txikia" Wyldes zen, XVII. mende hasierako landetxe zahar bat, zeinaren historia Philip Venningek, Eraikin Zaharrak Babesteko Elkarteko idazkari ohiak, argitalpen pribatuko liburuxka batean dokumentatu baitzuen.(Venning 1977)
- ↑ Claeysek (Claeys 2005, 14 or. ) Wilson 1880ko hamarkadan bilakatu zela sozialista dokumentatu zuen.
- ↑ MacCarthyren ustez, "... bizimodu xumea beti izan da erakargarriagoa klase kultuentzat langileentzat baino, azken horiek, suposatzekoa denez, askotan ez baitiote inolako zentzurik agertu. Landa-etxean bizitzeko modak indar handia izan zuen 1890eko hamarkadako emakume intelektualen artean. Adibidez, Charlotte Wilsonek, Girtonen hezitako anarkista eta feministak, estilo horren zale sutsuak — jende askok uste zuen berak asmatu zuela —, fabiandarren bilera ospetsuak egiten zituen bere landetxeko sukaldean, non, dirudienez, ez zen inoiz ezertxo ere sukaldatu".(MacCarthy 2014, 13 or. ) (Ikus, halaber, Wilson andrearen baserri-estiloko sukaldearen deskribapena, Edith Nesbit-ek idatzia (Langley Moore 1966, 85 or. )).
- ↑ Ikus, halaber, (Pease 1916, 48 or. )
- ↑ J. Burns-Gibson doktorea medikua, hizlaria, literatur kritikaria eta filosofiaz eta psikologiaz, besteak beste, idatzi zituen hainbat argitalpenen egilea zen. Aristoteliar Elkarteko eta Filosofi Elkarteko kide zen. Gainera, lotura estua zuen Fabian Society eta Socialist League elkarteekin. Bere «Anarkismoak indibidualismoa hiltzen du» artikulua modu anonimoan argitaratu zen Freedomen lehen zenbakian.Woodcock, 1990
- ↑ Rooumek (Rooum, 2016, or. 70) honako hau zioen artikulu honen oin-ohar batean: «Artikulu hau 1893an argitaratu zen, Espainiako Gobernuaren adierazpen bati erantzunez». Hala ere, azken paragrafoa izan ezik, badirudi artikulua lehen aipatutako «Anarchism and outrage» izenekoaren berdina dela, Freedom-en 1893ko abenduko zenbakitik birinprimatu baitzen.
Erreferentziak
- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, ingelesezko wikipediako «Charlotte Wilson» artikulutik itzulia izan da, 2026-04-28 data duen 1351568331 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2026-04-28 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- ↑ Txantiloi:Cite ODNB
- ↑ a b Walter 1979, v or. .
- ↑ a b c d e Hinely 2012.
- ↑ a b c d e f Walter 2007, 220 or. .
- ↑ Merton Hall later evolved into Newnham College.
- ↑ (Langley Moore 1966, 85 or. )
- ↑ Woodcock 1990, 203 or. .
- ↑ Goodway 2012, 20 or. .
- ↑ British Library Archive ADD MS 50511 f143, Emma Brooke to G.B. Shaw, 26 November 1885
- ↑ Venning 1977.
- ↑ Wilson 1902.
- ↑ Daniels 2003.
- ↑ a b Shaw 1965.
- ↑ (Ingelesez) G. Bernard Shaw, Fabian Society (Great Britain). (1908). Fabian Essays in Socialism. Ball (kontsulta data: 2026-06-25).
- ↑ (Ingelesez) Shaw, George B.. (1907-06-01). Hampstead & Highgate Express.
- ↑ Walter 2007, 229 or. .
- ↑ Bevir 2011, 258 or. .
- ↑ Briggs 1987, 81 or. .
- ↑ Briggs 1987, 139 or. .
- ↑ a b (W 1986).
- ↑ Boix 2007.
- ↑ a b c d e f W 1986.
- ↑ a b c Porter 2004, 108 or. .
- ↑ Porter 2004, 108, 160, 171 or. .
- ↑ a b Osofsky 1979, 40 or. .
- ↑ Quail 2019, 69 or. .
- ↑ a b Woodcock & Avakumoović 1971, 202 or. .
- ↑ a b Woodcock 1990, 204 or. .
- ↑ Woodcock 1990, 208 or. .
- ↑ (Ingelesez) Northeastern Federation of Anarcho-Communists. (2001). «Review: Charlotte M. Wilson’s Anarchist Essays» The Anarchist Library (kontsulta data: 2026-06-25).
- ↑ (MacKenzie & MacKenzie 1979).
- ↑ London School of Economics Archive FABIAN SOCIETY/H30
- ↑ London School of Economics Archive FABIAN SOCIETY/H20
- ↑ Oakley 2021, 79 or. .
- ↑ Alexander, 1988
- ↑ (Fabian Women's Group 1988) originally 1911.
- ↑ Lan hau berriro argitaratu zen "Three essays on anarchism" liburua. Ikus (Wilson 1979).
- ↑ This article was reprinted in 1893 as "Freedom Pamphlets. No. 8." by C.M. Wilson, London, see Anarchism and outrage.
- ↑ Rooum, 2016, or. 70
Bibliografia
- (Ingelesez) Alexander, Sally, ed. (1988). Women's Fabian Tracks. London: Routledge ISBN 0-415-01244-9..
- (Ingelesez) Anon. (1895). «Emma Brooke: The author of Transition» Current Literature XVIII (1): 6. (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) Bevir, Mark. (2011). The making of British socialism. Princeton, New Jersey: Princeton University Press ISBN 978-0-691-15083-3. (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) Boix, Carles. (2007). «The emergence of parties and party systems» in Boix, Carles; Stokes, Susan C. (arg.) The Oxford Handbook of Comparative Politics. Oxford: Oxford University Press ISBN 978-0-19-927848-0..
- (Ingelesez) Briggs, Julia. (1987). A woman of passion The life of E. Nesbit 1858-1924. New York: New Amsterdam Books ISBN 0-941533-03-4. (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) Claeys, Gregory. (2005). «Introduction» in Claeys, Gregory Owenite socialism Pamphlets and correspondence. (Volume 1 1819-1825 ed.) Abingdon, Oxfordshire: Routledge ISBN 0-415-14973-8. (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) Daniels, Kay. (2003). «Emma Brooke: Fabian, feminist and writer» Women's History Review 12 (2): 153-168. doi:. ISSN 0961-2025. (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) Fabian Women's Group. (1988). «Three years work, 1908-1911» in Alexander, Sally (arg.) Women's Fabian Tracts. London: Routledge ISBN 0-415-01244-9..
- (Ingelesez) Hinely, Susan. (2012). «Charlotte Wilson, the "Woman Question", and the Meanings of Anarchist Socialism in Late Victorian Radicalism» International Review of Social History 57 (1): 3-36. (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) Goodway, David. (2012). Anarchist seeds beneath the snow. Oakland, California: PM Press ISBN 978-1-60486-221-8. (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) Langley Moore, Doris. (1966). E. Nesbit A biography. Philadelphia: Chilton Books (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) MacCarthy, Fiona. (2014). The simple life C.R. Ashbee in the Cotswolds. London: Faber & Faber ISBN 978-0-571-32020-2. (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) MacKenzie, Jeanne; MacKenzie, Norman. (1979). The First Fabians. London: Quartet Books ISBN 0 7043 3251 5. (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) Oakley, Ann. (2021). Forgotten wives How women get written out of history. Bristol: Policy Press ISBN 978-1-4473-5583-0. (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) Osofsky, Stephen. (1979). Peter Kropotkin. Boston: Twane Publishers ISBN 0-8057-7724-5. (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) Pease, Edward R. (1916). The history of the Fabian Society. New York: E.P. Dutton & Company (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) Porter, Theodore M. (2004). Karl Pearson The scientific life in a statistical age. Princeton, New Jersey: Princeton University Press ISBN 0-691-11445-5..
- (Ingelesez) Rooum, Donald; Richards, Vernon. (2016). What is anarchism?. Oakland, California: PM Press ISBN 978-1-62963-146-2. (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) Quail, John. (2019). The slow burning fuse. Oakland, California: PM Press ISBN 978-1-62963-582-8. (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) Venning, Philip. (1977). Wyldes: A new history. London.
- (Ingelesez) W., N. (1986). «Charlotte Wilson» Freedom A hundred years October 1886 to October 1986. London: Freedom Press ISBN 0 900384 35 2. https://files.libcom.org/files/freedom-centenary.pdf(kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) Walter, Nicholas. (1979). «Charlotte Wilson» in Wilson, Charlotte Three essays on anarchism. Sanday, Orkney: Cienfuegos Press ISBN 0-904564-26-6. (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) Walter, Nicholas. (2007). The anarchist past and other essays. Nottingham: Five Leaves ISBN 978 1 905512 16 4. (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) Wilson, Arthur. (1902). «Wyldes and its story» Hampstead Antiquarian and Historical Society Transacations (Hampstead Antiq. and Hist. Soc. 1902-3): 145-158..
- (Ingelesez) Wilson, Charlotte. (1979). Three essays on anarchism. Over the Water, Sanday, Orkney: Cienfuegos Press ISBN 0-904564-26-6. (kontsulta data: 2026-06-23).
- (Ingelesez) Wilson, Charlotte; Walter, Nicolas (arg.). (2000). Anarchist essays. London: Freedom Press ISBN 0-900384-99-9..
- (Ingelesez) Woodcock, George. (1990). Peter Kropotkin From prince to rebel. Montréal, Québec, Canada: Black Rose Books ISBN 0-921689-61-6..
- (Ingelesez) Woodcock, George; Avakumoović, Ivan. (1950). The anarchist prince. New York: Schocken Books (kontsulta data: 2026-06-23).
Kanpo estekak
Content Disclaimer
Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.
- The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
- There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
- It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
- Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
- Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.









