Clelia Mosher
| Clelia Mosher | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Albany, 1863ko abenduaren 16a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Palo Alto, 1940ko abenduaren 21a (77 urte) |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Stanford Unibertsitatea Johns Hopkins Unibertsitatea Wisconsingo Unibertsitatea Madisonen |
| Hizkuntzak | ingelesa |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | sexologoa, medikua eta unibertsitateko irakaslea |
| Enplegatzailea(k) | Stanford Unibertsitatea American Red Cross |
| Zerbitzu militarra | |
| Parte hartutako gatazkak | Lehen Mundu Gerra |
Clelia Duel Mosher (Albany, Ameriketako Estatu Batuak, 1863ko abenduaren 16a - Palo Alto, Ameriketako Estatu Batuak, 1940ko abenduaren 21a), estatubatuar mediku eta ikertzailea izan zen, eta emakumeen osasuna izan zen bere lanaren oinarria. Artikulu zientifiko ugari idatzi zituen, eta higieneari, ariketa fisikoari eta profilaxiari buruzko hogeita bat lan. Menstruazioari, emakumeen indar fisikoari eta emakumeen sexualitateari buruzko lanengatik da ezaguna. Aitzindari izan zen azken arlo hori aztertzen, eta, hala, Estatu Batuetako emakumeen sexu-praktikei buruzko lehen inkestaren egilea izan zen. Inkesta hori 1974an berraurkitu zen, eta Viktoriar Aroan gaiari buruz ezagutzen den ikerketa bakarra izaten jarraitzen du, Kinsey txostenak argitaratu baino mende erdi lehenago.
Biografia
Gaztaroa eta prestakuntza
Clelia Mosher Sarah Burritt eta Cornelius Mosherren alaba izan zen, Albany (New York Estatua) hiriko medikua, dementziaren arloan aditua eta liburutegi aberats baten jabea. Bikoteak beste alaba bat izan zuen, Esther, Clelia Mosherrek hogeita bi urte zituela hil zena.
Clelia Mosher-ek Albany Female Academyn ikasi zuen hamaika urteetatik aurrera, 1881ean Bigarren Hezkuntzan graduatu zen arte. Alabaren tuberkulosi gaisotasuna zela eta, Clelia Mosherren aitak ez zion utzi unibertsitatera ikastera joaten, bere ondoan eduki nahi zuen. Familiaren etxe ondoan zegoen negutegi bat ikasteko leku bihurtu zuen, alabak botanika ikas zezan, eta lorezain bat kontratatu zuen baratzezaintza hari irakasteko, lorezain gisa ezar zedin. Clelia, hala ere, medikuntza ikasi nahi zuenez, familiaren lore-negozioan hiru urtean unibertsitateko ikasketak finantzatzeko adina irabazi ondoren, bi mila dolar, Wellesley Collegen ikasten hasi zen 1889an, hogeita bost urte zituela. Bere osasun ahulagatik eta prestakuntza eskasagatik, hasiera zaila izan zuen, eta lehen urtea errepikatu egin zuen. Ondoren, Wisconsineko Unibertsitatean sartu zen bere junior year-erako, non emakumeen praktika sexualei buruzko ikerketa hasi zuen. Ondoren, Stanford Unibertsitatean ikasi zuen senior year-erako 1892tik aurrera. Eta 1893an, Fisiologiako Lizentziatura lortu zuen.[1][2]
Unibertsitatean higiene-laguntzaile gisa hasi zen lanean, eta, horri esker, unibertsitateko ikasle berriak aztertu ahal izan zituen, eta horrela, 1894an egindako master-lanerako materia lortu zuen. Sasoi hartan sinesten zen arrazoi fisiologiak zeudela emakume eta gizonen arnasketa desberdina izateko eta hor jarri zuen Cleliak bere arreta, hau da, emakumeek modu kostalean arnasten dutela, bular mailan, eta gizonek, berriz, modu diafragmatikoan; desberdintasuna emakumeek haurrak eraman behar izatearekin lotuta omen zegoela. Stanfordeko ikasleei eta emakume haurdunei buruzko behaketak eginez, eta emakume biluziekin neurriak hartuz, Mosherrek ondorioztatu zuen garaiko janzkera praktikak zirela, kortse eta barruko arropa estuak, hain zuzen, sexuen arteko arnasketa desberdintasunaren eragileak. Bere baieztapena 1896an berretsi zuen Harvardeko Unibertsitateko mediku batek.
Hilekoa ere aztertu zuen Clelia Mosherrek. Ikasleei ematen zizkien galdetegien bidez, hilekoa eta haren aldaketak deskribatzea zuen helburu. Eta datuak zehaztasunez aztertu ahal izateko, medikuntza ikasten jarraitzea erabaki zuen. Horrela,1896an, Johns-Hopkins Medikuntza Eskolan hasi zen, han Gertrude Stein izan zuen ikaskide. 1900ean graduatu zen.[1][2]

Medikuntzako doktore gradua lortu ondoren, urte bat eman zuen Johns-Hopkins Ospitaleko anbulatorioan, Ginekologiako laguntzaile gisa. Urte hartan, Stanforden egon zen bitartean, emakumeen artean lortutako datu medikoak aztertu zituen. Artikulu bat argitaratu zuen Johns-Hopkinseko aldizkarian hilekoen ezaugarriei eta horiek alda ditzaketen faktoreei buruz, itzulgarritzat jotzen zituenak, hala nola, jantzi estuak, inaktibitatea, muskuluen garapen falta, idorreria edo hilekoa deserosoa espero izatea, besteak beste [3].
Ginekologiako zirujau postu bat eskaini zioten, baina hark uko egin zion; izan ere, esan zioten litekeena zela gizonezko batek ere ez onartzea emakume baten agindupean lan egitea. Kaliforniara itzuli zen, Palo Altora, eta bere mediku kontsultategia ireki zuen, paziente gehienak emakumeak eta haurrak izanik. Hilekoari buruz ikertzen jarraitzeko finantziazio bila aritu zen, arrakastarik gabe. 1910ean, Stanfordeko Unibertsitatean higiene pertsonaleko irakasle laguntzaile eta emakumeen aholkulari mediku lanpostua eskaini zioten, eta hara itzuli eta ikertzen jarraitu zuen. Besteak beste, ordurako bilduta zituen datuak aztertu zituen, eta menstruazioaren inguruko lehen ikerketa artikulua argitaratu zuen hurrengo urtean eta argudiatu zuen ez dagoela ezelako arrazoi fisiologikorik ohiko menstruazioek emakumeak desabantailan jartzeko.[1][2]
Dismenorrea[4] eragiten duten praktikak nabarmendu zituen, eta mina jasangarri egiteko ohiturak eta ariketak aholkatu zizkien emakumeei. 1914an, arnasketa-ariketa bat iradoki zuen menstruazio hain mingarri ez izateko, eta unibertsitateko emakumeei erakutsi zitzaien, Mosher breathing exercise (Mosherren arnasketa-ariketa) izenez ezagutzen den ariketa. Errefortzu muskularraren praktika defendatu zuen lehen mediku estatubatuarra izan zen, karranpekin lotutako minak murrizteko menstruazioan.[5]
1917an Ameriketako Estatu Batuetako Gurutze Gorrian izena eman zuen, Stanfordeko irakasle ohi bat aurkitu ondoren, erakundearekin harremanetan jarri zuena, eta Frantziarako bidean itsasoratu zen. Mosherrek Children's Bureau-ko aholkulari mediko laguntzaile kargua hartu zuen lehenik, eta, ondoren, Bureau of Refugees and Relief bulegoko zuzendari mediko, William Palmer Lucasen zuzendaritzapean. Mosher, besteak beste, hiriburuko haurrak ebakuatzeaz arduratu zen. Zeregin horretan ohartu zen, emakumeek modu eraginkorrean ordezkatzen zituztela gizonak, bai soroetan, bai fabriketan, bai behinola “hauskorrak” izateagatik kontraindikatuta zituzten zereginetan. Ondoren, Ernest Martin fisiologoarekin batera, artikulu bat argitaratu zuen, gizon eta emakumeen arteko indar fisikoaren aldea, batez ere, haien erabilera bereiziaren ondorio dela ondorioztatzen zuena, eta ez haien fisiologiaren ondorio.
Estatu Batuetara itzulita, Women's Medical Journal aldizkarian gerran eta ondorengo berreraikitze-garaian inspiratutako hainbat albiste argitaratu zituen, As Seen by the Doctor izenarekin. Higieneko irakasle elkartua izatera pasa zen.
1923an, Woman's Physical Freedom argitaratu zuen, sei aldiz inprimatua. 1924an, Emakume Medikuen Nazioarteko Konferentzian parte hartu zuen. 1928an Stanfordeko irakasle izendatu zuten.[2]
Erretiroa eta heriotza
Clelia Mosher, azken aldian gaixotasunek eta adinak ahulduta, 1929an erretiratu zen Stanfordeko campusean zuen etxera eta lorezaintzan aritu zen. 1934an, Mills College-ko honoris causa doktore titulua jaso zuen. 1940ko abenduan hil zen Palo Alton.
Lanak
Hilekoari buruzko ikerketak
Mosherrek Stanforden ikasten ari zela ekin zion hilekoari buruzko ikerketari. Ordungo iritzi nagusiak zioen, emakumeak hilekoak etengabe ahuldutako pertsonak zirela. Haren arabera, hilekoaren pertzepzioa, gizonek ezarria, okerra da, peioratiboa eta patologizatzailea baita. Eskuragarri zegoen informazio gehiena, gizonezko medikuek egindako deskribapenetatik zetorren, patologiaren mende egon ohi ziren emakumeei buruz. Mosher kritiko agertu zen ezarritako ezagutzekin eta gaiari buruz aurretik egindako ikerketekin. Haren arabera, orduan zeuden ikerketak ez ziren zehatzak, zientzialarien zorroztasun faltagatik eta zehaztugabetasunagatik. Hala, gizonek egindako behaketak emakumeek eurek kontatutako deskribapenak baino fidagarriagoak ez zirela baieztatu zuen, baina baita emakumeek gai horri buruz ez zutela komunikazio garbirik beren mediku gizonekin. Azkenik, hilekoaren egunak aldi ezgaitzaile, gaixotasun edo sufrimendu batekin parekatzeak, Mosherren arabera, eragin psikologiko negatiboa zuen emakumeek hilekoarekin lotutako sintomak hautemateko orduan.
Hileko normalak eta horietan eragiten duten faktoreak ezagutzeko, Mosher-ek osasuntsu zeuden emakumeen hilekoei buruzko lehen datu-bilketa egin zuen. Izan ere, ginekologiako literaturan jasota zegoen informazio gehiena kasu patologikoen ondoriozkoa zen batez ere.Galdetegi bat egin eta ikasleei banatu zien, eta hilekoaren ziklo osoan zehar eguneroko oharrak hartzeko eskatu zien. Guztira, 3.350 hileko-karpeta baino gehiago bildu zituen, 400 emakume ingururi esker. Hopkinseko barnetegian Mosherrek aurrez bildutako datuak aztertu zituen, eta bere ikerketen lehen emaitzak argitaratu zituen 1901ean, Johns-Hopkins Ospitaleko Buletinean, Normal menstruations and some factors modifying it izenburuarekin. Hileko "baliaezintasuna" eragin dezaketen zenbait faktore itzulgarri identifikatu zituen, hala nola, arropa estuegiak, jarduerarik eza, idorreria eta hileko deserosoa espero izatea.
Bere ondorioak berretsi egin ziren ondorengo ikerketetan, 2.000 kasu eta 12.000 hileko aztertu ondoren. Stanfordera itzulita, Mosherrek hilekoei buruzko ikerketen emaitzak laburbildu zituen, eta gaiari buruzko lehen artikulua argitaratu zuen 1911n, California State Journal of Medicine aldizkarian, Functional periodicity in women and some of the modifying factors izenburupean.
Bere ikerketen arabera, ondorioztatu zuen hilekoak ez duela zertan mingarria izan kasu gehienetan. Min horiek, bere ustez, hainbat faktorek eragiten dituzte: zutik egoteak, muskuluen garapen eskasak eta diafragma eta muskulu abdominalak bezalako muskulu batzuen gutxiespenak, jarduera fisiko eskasa hilekoetan eta aldi mingarri eta deserosoa espero izateak.
Palo Altotik itzuli zenean, unibertsitatean ikasten zebilela, Mosherrek arnasketa-ariketak ezarri zituen hilekoaren minak arintzeko, eta bere ikasleekin probatu zituen Physical training and Personal higiene ikastaroen bidez. Ariketa horiei mosherings edo moshers deitzen zieten ikasleek.
Mosher txostena
Bere lanik ezagunena 1973an aurkitu zuen Carl Degler historialari estatubatuarrak, eta 1974an ezagutarazi zuen American Historical Review-n argitaratu zuen artikulu batean. Mosherrek 1892an hasi zuen ikerketa, Wisconsineko unibertsitateko gradu-aurreko ikaslea zela, amen klubak antolatutako ezkontza-harremanei buruzko konferentziaren prestaketan. 1920ra arte egin zuen, eta Viktoriar aroko emakumeen sexu-ohiturei buruz ezagutzen den inkesta bakarra izan zen, baita Amerikako emakumeei buruzko lehen genero-azterketa sistematikoa ere. Inkesta hau, Statistical Survey of the Marriages of Forty-Seven Women izenekoa, Mosherren argitaratu gabeko lan ugarien hamargarren liburukian agertzen da, Higiene eta Fisiologia of Women. Ikerketa 1980an argitaratu zen.[2][1]
Panela
Galdeketa bidez egindako inkestan, 45 emakumek hartu zuten parte. Emakume horiek ez ziren viktoriar aroko emakume guztien ordezkariak, gehienak klase ertain-altukoak baitziren, eta, heziketa jasoa zuten edo gizon tituludunekin ezkonduta zeuden. Mosherrek aldi desberdinetan bildu zituen galdetegiak: Wisconsin-eko Unibertsitateko Ama Klubeko emakumeen bidez lehen erantzunak lortu zituen, eta gero beste lanpostu batzuetan eta mediku gisa aritu zen bitartean erantzunak biltzen jarraitu zuen. 17 galdetegi 1900 baino lehen lortu zituen, beste 14, 1913 eta 1917 artean, 5 galdetegi, 1920an, eta beste 9ak datarik gabekoak dira. Emakumeak ere adin desberdinekoak ziren: gehienak XIX. mendean hazi eta ezkondu ziren, baina, gutxienez, 33 emakume elkarrizketatu 1870. urtea baino lehen jaio ziren, horietatik 17 Sezesio Gerra baino lehen. Inkestatutako gazteenak 1890eko hamarkadan jaio ziren.[2]
Galdetegia
Mosherrek sortutako galdetegiak bederatzi orrialde eta hogeita bost galdera ditu, eta, batzuetan, azpi-galderak ere. Galderak itxita daude, baina erantzunari xehetasunak gehi diezazkiokete inkestatuek. Inkestak honako gai hauei buruzko galderak ditu: ezkondu aurreko sexualitatearen ezagutza, senarrarekin ohe komun bat partekatzea, sexu-desira, orgasmoa, sexu-harreman batera eramaten duten motibazioak, antisorgailuren baten erabilera eta sexualitate idealaz duten ikuskera.
Inkestaren emaitzak
Erantzun zuten gehienek zioten ez zekitela ezer sexualitateari buruz edo ezagutza gutxi izan zutela ezkondu aurretik; 13 emakumek, berriz, nolabaiteko ezagutza zuten, eta 11k ezagutza ona, askotan lanetatik, ikastaroetatik, familiatik edo lagunengandik jasotakoa. Emakumeen bi herenek senarrarekin partekatzen zuten ohea, nahita edo behartuta, eta heren batek, gutxi gorabehera, aparteko ohea zuen.
Elkarrizketatutako emakumeen artean, 44tik 35ek zioten sexu-desira sentitzen zutela. 34 emakumek kontatu zuten orgasmoa esperimentatu zutela, eta beste bostek inoiz ez; galdetegi batzuk, berriz, erantzunik gabe utzi zituzten galdera horrentzat.
Hogeita hamar emakumek adierazi zuten ugalketa dela sexu-harremanen arrazoi nagusia, 24k plazera aipatu zuten eta gutxi batzuek ugalketa-xedea aipatzen dute harremanak izateko arrazoi bakar gisa.
Gutxienez 30 emakumek baieztatu zuten antisorgailuren bat erabiltzen zutela, gehienek baginako dutxa, likido ezberdinekin: ur beroa, epela, izoztua edo gasifikatua, alkohola edo zink sulfatoa. Erretiratze eta "timing" metodoak ere erabiltzen zituzten. Bi emakumek ziotenez, kapa zerbikala erabiltzen zuten, eta beste batek, kakao-gurina.
Erantzun zuten emakumeen hiru-laurdenek gutxienez sexu harreman bat zuten astean. Lagineko 15 emakumek ez zuten uste sexu harremanak izatea bi bikotekideen beharrizana zenik.[1]
Gaur egungo analisia
Estelle Freedman historialari estatubatuarraren ustez, Mosherren ikerketa benetako "urrezko meategia" da ikertzaileentzat. Mosherrek galdera modernoak egin zituen garai hartarako, eta, aldi berean, emakumeen egoera azaleratu zuen, viktoriar aroko arau tradizionalen eta sexualitateari buruz zituzten uste pertsonalagoen artean.[2]
Argitalpenak
- Clelia Mosher. (1901). «Normal menstruation and some of the factors modifying it» Johns Hopkins Hospital Bulletin 12: 178-179...
- Clelia Mosher. (1911). «Functional periodicity in women and some of the modifying factors» California State Journal of Medicine 9 (1-2): 4-8. PMID 18735166...
- Clelia Mosher. (1914). «A physiologic treatment of congestive dysmenorrhea and kindred disorders associated with the menstrual function» Journal of the American Medical Association 62 (17): 1297-1301. doi:...
- (en) Clelia Mosher, The relation of health to the woman movement, National Board Young Women's Christian Associations, 1916 (lire en ligne).
- (en) Clelia Mosher, Woman’s physical freedom, New York, The Womans Press, 1923 (lire en ligne)
- (en) Clelia Duel Mosher, The Mosher survey : Sexual attitudes of 45 Victorian women, USA, Arno Press, 1980, 469 p. (ISBN 0-405-13090-2)
Bibliografia
- Allamong Jacob, Kathryn. (1981). «The Mosher Report» American Heritage 32 (4)..
- (en) Elizabeth Brownlee Griego, « Clelia Duel Mosher », in Geraldine Joncich, Lone Voyagers: Academic Women in Coeducational Institutions, 1870-1937, New York, Feminist Press at The City University of New York, 1989, 336 p. (ISBN 978-0935312843).
- Degler, Carl N.. (1974). «What Ought To Be and What Was» The American Historical Review 79 (5): 1467-1490. doi:...
- Roberts Coolidge, Mary. (1941). «Clelia Duel Mosher, the Scientific Feminist» Research Quarterly. American Association for Health, Physical Education and Recreation 12: 633-645. doi:...
- Seidman, Steven. (1989). «Sexual Attitudes of Victorian and Post-Victorian Women» Journal of American Studies 23 (1): 68-72. doi:...
- (en) Sharral L. Vostral, Under Wraps : A History of Menstrual Hygiene Technology, Lexington Books, 2008, 202 p. (ISBN 978-0-7391-1385-1), p. 42-50.
Erreferentziak
- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, {{{hizkuntza}}} Wikipediako «Clelia Duel Mosher» artikulutik itzuli da. Izan ere, artikulu horretan aritu diren wikilariek GFDL edo CC-BY-SA 3.0 lizentziekin argitaratu dute beren lana.
- ↑ a b c d e Susan Donaldson James. (12 avril 2010). Victorian Women Liked Sex, Says Early Survey. ..
- ↑ a b c d e f g Clara Platoni. (2010). «The Sex Scholar» Stanford Magazine..
- ↑ (Gaztelaniaz) Stadler, Marta Macho. (2025-12-16). «Clelia Duel Mosher, médica» Mujeres con ciencia (kontsulta data: 2025-12-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) Stadler, Marta Macho. (2025-12-16). «Clelia Duel Mosher, médica» Mujeres con ciencia (kontsulta data: 2025-12-28).
- ↑ Mosher, Clelia Duel: Woman’s Physical Freedom p. 26
Kanpo estekak
Content Disclaimer
Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.
- The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
- There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
- It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
- Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
- Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.









