Ekaitz lehor

Ekaitz lehorra trumoiak eta tximistak sortzen dituen ekaitz elektrikoa da, baina bere prezipitazio gehiena lurrera iritsi aurretik lurruntzen da. Tximista lehor terminoak egoera horretan gertatzen diren tximistei egiten die erreferentzia. Biak dira ohikoak bero-bolada luzeetan edo hezetasun txikia dagoenean.[1]
Ekaitz lehorrak ohiko ekaitzen modukoak dira: kumuluninboak eta deskarga elektrikoak, tximistak, dituzte, baina, prezipitazioak bereizten ditu bi ekaitz motak. Ekaitz lehorretan prezipitazioa egon badago, baina ez da lurrera iristen, lurra busti baino lehenago, euria berriro ere lurrintzen baita. Egoera jakin batzuetan, kumuluninboen azpian dagoen airearen tenperatura oso altua bada eta hezetasuna oso baxua, prezipitazioa, lurreranzko bidean, airean lurrundu egiten da.[2][3][4][5]
Nahiz eta euriak lurra ukitu ez, deskarga elektrikoak sortzen dira, hodeiaren barruko karga elektrikoen banaketaren ondorioz. Eta lurreko gainazalera zuzentzen diren deskargek sortzen dute arriskua; bereziki, jotzen duten landaredia oso lehor baldin badago.
Ekaitz lehorrak non gertatzen diren
Ekaitz lehorrak leku idorretan sortzen dira, baldintza lehorrak dituzten hilabeteetan, edo lehorteak dauden garaietan lehor dauden tokietan.
Ekaitz elektriko lehor batek ez du erabat lehorra izan behar lehorra izan dela esateko; gune askotan, (2,5 mm prezipitazioa) izaten da ekaitz elektriko "heze" eta "lehor" baten arteko atalasea.[1]
Ekaitz elektriko lehorrak bi arrazoirengatik dira aipagarriak:
- arrazoi naturalek eragindako baso-suteen kausa garrantzitsu bat direlako eta
- ekaitz-hodeien izaerak eragindako haize-bolada bortitzak sor ditzaketelako; haize-bolada bortitz horiek lur azalera iristen dira, sugarrak piztuz.
Baso eta oihanetan ekaitz lehorren testuinguruan sor daitezke suterik arriskutsuenak.
Hauts-ekaitzak

Sarritan, haize indartsuak sortzen dira ekaitz elektriko lehorren inguruan; izan ere, lurruntzen den prezipitazioak airea gehiegi hoztea eragiten du ekaitzaren azpian, eta horrek lurrinaren dentsitatea handitzen du, eta hautsa, harea edo kearen partikulekin nahasten dira, eta, beraz, inguruko airearekiko hodeiaren pisua ere handitzen da. Gero, aire hotz hori azkar jaisten da eta zabaldu egiten da lurra jotzean, askotan mikro haize ufada lehor gisa deskribatzen den fenomenoa. Ekaitzetik haize boladak zabaldu ahala, lur lehorra eta harea haize bortitzek bildu ohi dituzte, ingelesez haboobs izenez ezagutzen diren hauts eta hondar ekaitzak sortuz.[6] (Nazioarteko hitza bilakatu da haboob hori, jatorriz arabiera: هَبوب, habūb).
Suteak


Zuhaitzak edo bestelako landareak dauden lekuetan, tximista batek jotzen duenean nekez lortuko du euriak tximista batek sortutako sutea azkar gelditzea. Ekaitz-haizeek ere sua hauspotzen dute.[7]
Pirokumuluak hodei kumuliformeak dira, sute handi baten gainean sor daitezkeenak. Atmosferako goiko mailak hotzagoak direnean eta baso-sute, sumendi edo bestelako gertaera baten ondorioz gainazala muturreko tenperaturetara berotzen denean, konbekzioa gertatuko da eta kumulu hodeiak, kumuluninboak eta tximistak sortuko dira. Pirokumuluak edo flammagenitus hodeiak kumuluren antzekoak dira, baina sutearen partikulak irensten dituzte eta gehienetan ez dute euria lurreraino botatzen, botatzen duten euria ez da lurreraino heltzen, sortzen duten eguratsaren baldintza horiekin euria lurreratu baino lehen berriro ere lurrintzen delako. Horrek hodeiaren oinarriaren eta goiko aldearen arteko tentsio diferentzia handitzen du, eta horrek tximista bortitzak sortzen laguntzen du.[8]
Osatzeko behar diren elementuak
Hezetasuna atmosferako maila baxuetan

Altitude handirik ez duten ekaitzak direnean, giroko hezetasun-baldintzak baxuegiak dira, besterik gabe, ekaitzek lurreraino iristeko adina euria garatzeko.
Hala ere, altitude handiko ekaitzetan, baliteke altuera horretako hezetasun-baldintzak egokiak izatea prezipitazioak izateko prozesua gauzatzeko. Dena den, euria altueratik jaitsi ahala, hezetasuna bat-batean gutxitzen da, eta hezetasun gutxiko aire-geruzekin topo egiten da (hezetasun lehorra, hezetasun erlatiboaren % 30 baino gutxiago). Hori dela eta, euria dakarren ura lurrundu egiten da.[9][10]
Tenperatura

Lurrazaletik gertu tenperatura altuak daudenean (30 gradu inguru), eta, gainera, atmosferako mailen arteko tenperatura-diferentzia oso zakarra denean, hezetasun txikiarekin batera, goian aipatutako aire-geruza lehorrak sortzen dira, eta, ondorioz, lurrindu egiten dira altitude handiko ekaitzek eragindako prezipitazioak (euria sor zitzaketenak).[10]
Gainazaleko tenperatura horiek atmosferako altuera txikiko hodeiak ere ahultzen dituzte, gainazaleko tenperaturatik hurbil daudelako, eta ekaitz horien garapena eragozten dute, eta, hala, haien potentziala kontrolatzen da.[10]
Elektrifikazio handiagoa ekaitzetan
Atmosferaren mailen arteko hezetasun eta tenperaturaren arteko bat-bateko aldeak ezegonkortasun atmosferikoa sortzen du, deskarga elektrikoak sortzeko eta baso-suteak sortzeko joera handia duena (ekaitz lehor horien ondoriorik txarrenak).[11]
Klima aldaketa

Azken hamarkadetan gero eta ageriagokoa den klima-aldaketak, beroketak, tximistek eragindako baso-suteen ereduak aldatzea espero da. Baso-sute horien hasierako funtsezko faktore bat tximista-da. Hala ere, tximistek eragindako baso-suteen arriskua ez dute tximistek bakarrik eragiten. Oso kontuan izan behar da erregai lehorraren eskuragarritasuna, zeina lehen eroritako euri-kantitatearen eraginpean baitago, hezeago edo lehorrago. Zientzialariek, klimatologoek aurreikusi dutenez, zenbait tokitan tximista gehiago ikusiko dira, euri gutxiagorekin, eta horrek erraztu egingo du baso-suteak hastea. Eta gizakiek berariaz sortutako suteak ere arriskutsuagoak izango dira eta pirokumuluak sortzeko probabilitateak handituko dira. Munduko hainbat toki epel edo beroetan, Asiako hego-ekialdean, Hego Amerikan, Afrikan, Australian eta Ipar Amerikako eta Europako hainbat lekutan tximistek eragindako baso-suteak izateko arrisku gero eta handiagoa dago.[12]
Erreferentziak
- ↑ a b Albuquerque Office. «Dry thunderstorms» Fire Weather Topics (National Weather Service).
- ↑ Salazar, Onintze. (2021). «Pirokumuluak, baso-suteen aliatu beldurgarriak» Zientzia Kaiera (Zientzia kaiera) (kontsulta data: 2025-08-12).
- ↑ Hessilt, Thomas D.; Abatzoglou, J. T.; Chen, Y.; Randerson, J. T.; Scholten, R. C.; van der Werf, Guido; Veraverbeke, S.. (2022-04-19). «Future increases in lightning ignition efficiency and wildfire occurrence expected from drier fuels in boreal forest ecosystems of western North America» Environmental Research Letters 17 (5): 054008. doi:. Bibcode: 2022ERL....17e4008H..
- ↑ «Frequently Asked Questions About Lightning» Severe Weather 101 (NSSL).
- ↑ «Dry Lightning» Wild Fire Assessment System (US Forest Service).
- ↑ Idso, S. B.; Ingram, R. S.; Pritchard, J. M.. (1972). «An American Haboob» Bulletin of the American Meteorological Society 53 (10): 930–935. doi:. Bibcode: 1972BAMS...53..930I..
- ↑ «Dry lightning and dry thunderstorms cause the majority of wildfires in the Western US - including California fires.» www.californiagreensolutions.com (California Green Solutions) 2006.
- ↑ «Pyrocumulonimbus» AMS Glossary.
- ↑ «Tormentas secas» eltiempo.com 6 de Julio 2025.
- ↑ a b c «Tormentas secas, ¿qué las hacen tan peligrosas?» segre.com 6 de Julio 2025.
- ↑ «Tormentas secas» opensnow 6 de Julio 2025.
- ↑ Pérez-Invernón, Francisco J.; Gordillo-Vázquez, Francisco J.; Huntrieser, Heidi; Jöckel, Patrick. (2023-02-10). «Variation of lightning-ignited wildfire patterns under climate change» Nature Communications 14 (1): 739. doi:. ISSN 2041-1723. OCLC .9918523 PMID 36765048. Bibcode: 2023NatCo..14..739P..
Content Disclaimer
Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.
- The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
- There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
- It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
- Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
- Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.









