Ekialdeko Timor
Ekialdeko Timor[1] (tetumez: Timór-Leste), izen ofiziala Timor-Lesteko Errepublika Demokratikoa[1] (portugesez: República Democrática de Timor-Leste; tetumez: Repúblika Demokrátika Timór-Leste) hego-ekialdeko Asiako estatu burujabea da, Timor uhartearen ekialdeko erdia hartzen duena. 15.007 kilometro koadroko eremua dauka,[2] eta 2015ean 1.18 milioi biztanle zituen.[3] Dili da hiriburua. GeografiaEkialdeko Timor hego-ekialdeko Asian dago, Malaysiar artxipelagoan, hego latitudeko 8° eta 10° artean, eta ekialdeko longitudeko 124° eta 128° artean. Timor uhartearen ekialdeko erdia hartzen du, eta baita Oecusse barrendegia (uhartearen mendebaldean dagoena) eta Atauro eta Jaco uharte txikiak.[4] Ombaiteko itsasartea, Wetarko itsasartea eta Bandako itsasoa ditu iparraldean; hegoaldean, Timorko itsasoak banatzen du Australiatik; eta mendebaldean Indonesia du (Mendebaldeko Timor). Herrialde menditsua da. Gailurrik garaiena Tatamailau mendia da (2.963 metro). Klima tropikala du, beroa eta hezea, bi urtarorekin: euritsua eta lehorra. Urtaro euritsua laburra izaten da; metro koadroko 1.475 mm inguru euri egiten du. Herrialdearen ekialdeko muturrean dagoen Paitchau mendilerroak biodibertsitate handiko oihan primarioak ditu, eta BirdLife Internationalek hegaztien kontserbaziorako gune garrantzitsu izendaturik dauka.[5] Iparraldeko kostaldean koralezko uharri sistema garrantzitsu ugari daude, arriskuan daudenak. Historia1512an, portugaldarrak egin ziren Timor uhartearen jabe. Sandalo egurra, eztia, argizaria, kafea eta esklaboak lortzeko erabiltzen zuten. XVII. mendetik aurrera, borroka handiak izan ziren herbeheretarren eta portugaldarren artean Timor zela-eta. Azkenean, 1859an, bitan banatu zuten ofizialki uhartea: mendebaldeko erdia, Nusu Tenggara, herbeheretarren mende geratu zen, eta ekialdeko erdiak portugaldarren esku segitu zuen. 1895ean, portugaldar kolonizatzaileen aurkako erreboltak izan ziren.[6] Bigarren Mundu Gerra bukatutakoan, Indonesia egin zen Nusu Tenggararen jabe. Ekialdeak, berriz, portugaldarren mende segitu zuen 1975 arte. 1975ean Krabelinen Iraultza gertatu zen Portugalen. Militar progresistek diktadura salazarista amaiarazi zuten. Ondorioz, deskolonizazio prozesua hasi zen eta Lisboak Ekialdeko Timorren zituen ordezkariak erretiratu zituen. Fretilin (Ekialdeko Timorko Burujabetasunerako Fronte Iraultzailea) fronte independentista eta ezkertiarrak hartu zuen agintea. Denbora gutxirako, ordea; berehala Indonesiak inbaditu baitzuen. Suharto diktadoreak agintzen zuen orduan Indonesian eta haren indarrek sarraski handiak egin zituzten Timorren. 183.000 lagun hil zituzten,[7] orduko biztanleen herenak. 1976an, Ekialdeko Timor Indonesiako 27. probintzia izendatu zuen ofizialki Suharto diktadorearen gobernuak. NBEk ez zuen inoiz onartu hori.[6] Geroztik, Fretilinek Indonesiako administrazioaren aurkako gerrillan jardun zuen. 1985ean, Ekialdeko Timor Indonesia zela onartu zuen Australiak; onarpen hori kolpe handia izan zen erreboltari independentistentzat. 1996an, Carlos Ximenes Belo gotzainak eta José Ramos-Horta erbesteko Atzerri ministroak Bakearen Nobel saria jaso zuten, timortarren eskubideen alde egiteagatik. 1998an, protesta handien ondoren, Indonesiako Suharto diktadoreak boterea utzi behar izan zuen. Ekialdeko Timorko aldarrikapenak indartu egin ziren, eta B. J. Habibie presidente berriak autonomia eskaini zien.[6] 1999an, autonomia edo independentzia aukeratzeko eskumena timortarren esku uztea hitzartu zuten Portugalek eta Indonesiak. NBEk gidatuta, erreferenduma egin zuten abuztuan: biztanleen % 78,5ek independentziaren alde bozkatu zuten. Indonesiaren aldeko paramilitarrek, Armadaren laguntzaz, sarraski handiak egin zituzten, jende asko hil zuten eta azpiegitura guztiak hondatu. NBEk gidatutako hiru urteko trantsizio epea hasi zen. 2002ko maiatzaren 20an, estatu independente gisa eratu zen Ekialdeko Timor.[6] Xanana Gusmão izan zen herrialde independentearen lehenbiziko presidentea. 2006an, krisi larri batek astindu zuen herrialdea, Armadako hainbat kidek -uhartearen mendebaldekoak guztiak- bazterketa salatu eta hainbat protesta ekintza egin zituzten. Poliziak gogor ekin zuen haien kontra eta liskarrek gizartean ere izan zuten eragina. Orotara 30 lagun hil ziren, eta beste 155.000 pertsona beren etxeetatik ihes egin behar izan zuten. Timorrek nazioarteko armadaren laguntza behar izan zuen egoera baretzeko. Lehen ministro Mari Alkatirik dimititu egin zuen, eta José Ramos-Horta Bakearen Nobel saridunak ordeztu zuen.[8] 2007ko maiatzean, Ramos-Horta nagusitu zen lehendakaritzarako hauteskundeetan, eta Gusmão lehen ministro bilakatu zen. 2008ko otsalean, presidentearen egoitza tirokatu zuen matxinatutako militar talde batek, eta José Ramos-Horta oso larri zauritu zuten.[9] Taur Matan Ruakek irabazi zituen 2012ko presidentetzarako hauteskundeak, eta Francisco Guterresek 2017koak.[10] Gobernua eta administrazioaPolitikaKonstituzioa 2002an onartu zen. Haren arabera, errepublika presidentzialista da Ekialdeko Timor. Errepublikako presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Legebiltzarrak (Parlamento Nacional) 65 kide ditu.[4] Banaketa administratiboaHerrialdea hamahiru udalerritan banaturik dago.
DemografiaBiztanleria2020an 1.383.000 biztanle zituen. Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 40 dira, 15-24 urte bitartekoak % 20,3, 25-54 urte bitartekoak % 30,4, 55-64 urte bitartekoak % 5,2 eta 65 urtetik gorakoak % 4,1. Bizi itxaropena 69,3 urtekoa da; 67,6 urtekoa gizonezkoena eta 71,1 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak).[4] Banaketa etnikoaAustronesiarrak (malaiar-polinesiar jatorrikoak) eta papuarrak dira talde etniko nagusiak; txinatar gutxiengo bat dago.[11] HizkuntzakPortugesa eta tetuma dira hizkuntza ofizialak; indonesiera eta ingelesa ere erabiltzen dira. Hainbat hizkuntza indigena daude; tetumaz landa, mambae, makasae, baikenu, kemak eta bunak hizkuntzek dute hiztun kopururik handienak.[11][4] Erlijioa% 97,6 katolikoak dira, % 2 protestanteak eta % 0,2 musulmanak (2015eko zenbatespenak).[4] Hiri nagusiakDili (244.584 biztanle 2015ean), Baucau (17.357), Maliana (12.787), Lospalos (12.471) eta Pante Macassar (12.421) dira hiririk handienak.[4] EkonomiaHerrialdeak mendekotasun handia dauka petrolio eta gasarekiko, eta estatuak horien ustiapenari esker osatzen ditu bere aurrekontuak. 2014ko datuen arabera, energiaren sektoreak barne produktu gordinaren % 60 ekartzen du. Timorko itsasoko erreserbek 36.000 eta 47.700 milioi euro arteko balioa dute, baina 2032rako agortuko direla aurreikusten dute adituek.[12] Erreferentziak
Kanpo estekak
|