Elhuyar Fundazioa zientzia eta teknologia gizarteratzen eta euskararen garapena bultzatzen diharduen elkarte bat da, 1972an jaioa. Kultura elkarte gisa egin zituen lehen urratsak, Elhuyar Kultur Elkartea izenarekin, eta 2002anfundazio bihurtu zen.[1]Donostiako Goi Mailako Ingeniaritza Eskolan ibiliak ziren eta zebiltzan euskaltzale batzuek sortu zuten, beren gaiak euskaraz landu nahi zituztelako. Izena, berriz, Elhuyar anaien omenez jarri zioten elkarteari.[2][3]
Oso ezagunak dira Elhuyarrek sortu edo kudeatzen dituen produktu teknologiko batzuk, besteak beste, hauek: Elia.eus itzultzaile automatiko neuronala,[4]Elhuyar hiztegia,[5]Aditu.eus hizketa-ezagutza zerbitzua[6][7][8] euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai den Mycroft.eus bozgorailua,[9] edo Xuxen zuzentzaile ortografikoa.[10]
Irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta diru iturri hauek ditu: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkinak.[1]
Fundazioaz gain, Zubize eta Eleka Ingeniaritza linguistikoa enpresek osatzen dute Elhuyar taldea.[1] Elhuyarrek honako lan-eremu hauetan dihardu: berdintasuna, partaidetza eta eraldaketa soziala; zientziaren gizarteratzea eta hezkuntza; hizkuntza-zerbitzuak eta euskara-planak; eta adimen artifiziala eta hizkuntza-teknologiak.[11]
Historia
Sorkuntza
Elhuyar Taldea 1972an sortu zen. Nafarroako Unibertsitatearen Donostiako Goi Mailako Ingeniari Eskolaren EKTan ibilitako ikasle batzuek euskara zientzia eta teknikarako egokitzeko asmoz Elhuyar Taldea sortu zuten. Izena Elhuyar anaiak omendu nahian jarri zioten taldeari, anaia biek 1783. urtean Bergarako egonaldianWolfram elementu kimikoa bereizi zutelako.
1972an hasi ziren biltzen Donostiako San Martzial kaleko jesuiten Circulo San Ignaciokoa lokalean. Elhuyar taldearen abiapuntuko kide horiek Luis Mari Bandres, Juanjo Gabiña, Jesus Mari Goñi, Andoni Sagarna, Kepa Zalbide, Iñaki Azkune, Felix Azpiroz, Xabier Larrea eta Mikel Zalbide izan ziren. Zientziarako erabilgarri izango zen euskara-eredua eta terminologia lantzen zituzten, hots, prosa eta lexiko zientifikoa. Ikasketa guztiak erdaraz eginda zituzten, eta zerbait egin nahi zuten guztia euskaraz landu ahal izateko. 16:00etatik 19:00etara bildu ziren larunbatero-larunbatero, hogei urtez, etenik gabe. Bilera horiek balio izaten zuten planteamenduak egiteko eta etxerako lana hartzeko. Hasieran ez zuten egiturarik: ez juridikorik, ez bestelakorik. Langilerik ere ez zuten, Imanol Tapia gauza batzuk eramaten hasi zen, geroago Maria Luisa Aizpuru sartu zen eta langileen buru jarri zen.[3]
Zientzia eta euskara uztartzen egindako lan nabarmena egin zuten, Ordura arte euskaraz egindako dena datu-base batean sartzen saiatu ziren. Garai hartan, datu-baseez ez zen asko hitz egiten. Zortea izan zuten beren artean Iparraldeko René eta Klaudio Harluxet ibiltzen zirelako; haiek zebiltzan langintza horietan, eta datuak zintetan sartu zituztelako. Garai hartako lantresnak ziren honako hauek: fotolitoak, fotokonposizioa, IBMren makina, azetatoak, Rank Xerox etxea...[3]
Kideek larunbateko mintegietarako prestatzen zituzten lanak zabaltzeko, zein beraien artean adostutakoaren probaleku gisa, Elhuyar aldizkaria sortu zuten. Aldizkariaren lehen alea 1974ko irailean kaleratu zen, RSBAPen legezko babesari esker, eta RSBAPen babesa izan zuen, harik eta Elhuyar taldeak 1981. urtean kultur elkartearen estatutuak onartu zituen arte.[13]
Egoitzak
Urteak egin zituzten San Martzial kalean, jesuiten lokal hartan. Egurrezko fruta-kaxetan sartzen zituzten fitxak garai hartan. Baina amaitu zen hango jarduna: Obra batzuk egin behar zituztela... Mandasko dukearen kaleko Antonianoen lokalera mugitu ziren. Denbora gutxi egin zuten han, besteak beste lokalak ez zielako erosotasun handirik eskaintzen. Garibai kaleko pisu batera handik, Urbieta kalera gero... Usurbilera (Gipuzkoa) iritsi arte.[3][14]
Elhuyarrek bi egoitza zituen 2021ean: Usurbilen egoitza nagusia, eta Durangon (Bizkaia) bestea. Ehun kidek osatzen dute lantaldea. Mende erdia bete zutela ospatzeko, irudi berezi bat diseinatu zuten 2022an,[3]
Elhuyar Fundazioaren Patronatuko kideak
Elhuyar Fundazioaren produktu nagusiak
Hizkuntza Teknologia
Elia.eus itzultzaile automatiko neuronala (hasieran itzultzailea.eus), bost hizkuntza lantzen dituena (ingelesa, frantsesa, espainiera, galegoa, eta katalana)[4]
Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa
Aditu.eus: Euskarazko eta gaztelaniazko hizketa-ezagutza zerbitzua[15][7][8]
Mycroft.eus: Euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai den bozgorailu bat.[9]
Elebila: Euskarazko bilatzailea Internet-en, emaitzak euskarara mugatzea ahalbidetzen duen bakarra. Elebila euskarazko lehen Internet bilatzailea izan zen. Interneteko bilatzaile ezagunenen funtzioak eskaintzen ditu baina kalitatezko euskarazko emaitzak lortzeko bermearekin. Euskarak oso deklinabide aberatsa duenez, bilatzaile arruntek ematen dituzten emaitzak ez dira inoiz osoak. Horretarako alde batetik euskarak Interneten duen garrantzia erlatibo txikia eta bestetik atzizkien erabilera zabala. Bestalde hitz teknikoak ("anorexia", "web"...) edo izen bereziak ("Newton", "Paris") bilatuz gero (euskaraz idatzitako dokumentuak inoiz ez dira lehen emaitzen artean agertzen.[16][17]
Elhuyar web-corpusak: Webetik automatikoki bildutako bi corpus handi kontsultatzeko webgunea (euskara hutseko bat eta gaztelania-euskara paralelo bat). Webean euskarazko hitzak edo terminoak bilatzeko aukera ematen du webgune honek, baina emaitzak corpus-kontsulta gisa erakusten ditu, hitzaren testuinguruekin.[20]
Orai (adimen artifiziala)
2022an sortutako Orai langunearen bitartez, Elhuyarrek Hizkuntza teknologia egokitzen du enpresen eta administrazioen beharretara egokitzeko Hamabosten bat laguneko taldea dauka, eta, horien artean, zazpi doktore daude. Dispositibo inteligenteak garatzen dituzte, enpresen prozesuak eraginkorragoak eta adimentsuagoak izateko, Tresna horiek erraztu egiten dute industriaren eta haren bezeroen arteko komunikazioa, eta «humanoagoa» bilakatu pertsona baten eta makinaren arteko ahots bidezko harremana.[21]
Zientzia dibulgazioa
TeknopolisElhuyarrek eta Euskal Telebistak ekoizten duten telebista-saioa da. 1999an sortu zuten, eta geroztik astebururo emititu da euskaraz ETB1en, eta gazteleraz ETB2n. Saioaren helburua da zientziaren eta teknologiaren dibulgazioa egitea publiko orokorrarentzat. Horretarako, hainbat erreportaje, elkarrizketa eta albistez osatutako saioak egiten dituzte, zientzia-azalpenak modu erraz eta ulerkor batean emanez. Kazetariz eta zientzialariz osatutako lantaldeak, pil-pilean dauden gaiak lantzen dituzte, arreta berezia jarriz Euskal Herriko ikerketan eta berdintasunean. Hainbat aurkezle izan ditu 25 urte hauetan, hala nola, Pili Kaltzada, Aitziber Agirre edota Maider Egues. Egun, 2014tik, Iñaki Leturia da aurkezlea.
2010ean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak erabaki zuen Lur hiztegi entziklopedikoaren eta Lur entziklopedia tematikoaren edukiarekin euskarazko Wikipedia aberastea, Jaurlaritzarenak baitira hiztegi horien jabetza eskubideak.[22] Lehiaketa publikora atera zuen lan hori 2011. urtean, eta uztailean argitaratu zen Elhuyar Fundazioak irabazi zuela eduki horrekin euskal wikipediako 11.000 artikulu sortu edo osatzeko kontratua. Lehiaketa publiko horren bidez, Jaurlaritzaren helburua hau zen:
«
Euskarazko eduki entziklopediko berriak sortzeko, jadanik existitzen diren eduki entziklopedikoak egokitzeko eta eduki guzti horiek euskarazko wikipedian sartzeko behar den aholkularitza eta laguntza teknikoa kontratatzea.
»
Halaxe, zenbait wikilarirekin batera Elhuyar Fundazioak egindako lanari esker, 11.015 sarrera landu ziren, helburua baino 15 sarrera gehiago. Sarrera horietatik, % 80 (8.785 sarrera) berriak ziren, hau da, lehendik euskal Wikipedian ez zeudenak, eta % 20 (2.230 sarrera) lehendik Wikipedia honetan sarrera ziren (xehetasun gehiago, Lur Hiztegiak Wikipediaratzeko Lantegiaren orrian).
2012: euskal Wikipedia aberasteko proiektua
Aurreko urtean bezala, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskal wikipediako edukia aberasteko beste proiektu bat abiatu zuen, eta Elhuyar Fundazioak bideratu zuen lana. Orduko hartan, ordea, 2011. urtean baino askoz murritzagoa zen diru kopurua, eta proiektuaren helburua 1.000 artikulu edukiz hornitzea zen. Irailean, lehenengo urrats gisa, 278 artikulutan txertatu zen edukiren bat; eta abenduaren 15ean bukatu zuten gainerakoak osatzen, guztira 1.001 artikulu edukiz aberastuta (Sailburuordetzak kontratuz eskatu zuena baino bat gehiago). Proiektu haren barruan landutako artikuluak kategoria honetan sartuta daude.
Sariak eta aitormenak
Elhuyar Fundazioak, zientziaren dibulgazioan eta hizkuntza normalizazioan egiten duen lana dela eta, hainbat sari jaso ditu. Hona hemen azken urteotan jasotakoak:
2024ko apirilaren 10ean, Instituto Rocheren Premio Periodismo FIR. “Medikuntza birsortzailea hemen da” saioagatik.
2023ko abendua: EIT Food South kazetaritza-saria. "Elikaduraren erronkei aurrea hartzen" erreportajeagatik.
2023ko azaroa: sari jaso zuen FICABeko Hezkuntza atalean. Irungo zinemaldi Arkeologikoan aipamen berezia jaso zuen “Erromatarren arrastoak oinen azpian” lanak.
2022ko azaroa, Aipamen berezia FICABeko Hezkuntza atalean. Irungo zinemaldi Arkeologikoan aipamen berezia jaso zuen "Arte paleolitikoa argitara" lanak.
2022ko iraila, Aipamen berezia V Premio de Periodismo la Asociación Española de Abastecimientos de Agua y Saneamiento (AEAS). Urarekin eta ur saneamenduarekin zerikusia duten kazetaritza-lanak saritzen dituen sariketa honetan aipamen berezia jaso zuen “El agua, cuestión de salud” lanak.
2022ko abendua, VI Premios ESET periodismo y divulgación en seguridad informática. Inma Álvarez erredaktoreak sari nagusia jaso zuen Teknopolisen lantaldearen izenean “Babesa sarean” izeneko erreportajearengatik.
2022ko ekaina, Accenture saria. Alaitz Ochoa de Eribe erredaktoreak sari nagusia jaso zuen “Gasteizko auzo adimenduna” erreportajearengatik.
2022 Transfiere sarietan “La descarbonización como objetivo” lanarekin finalistak, Teknopolis.
2022 LabMeCrazy zientzia-zinemaldian "Guerra contra las bacterias" erreportajearekin finalistak, Teknopolis.
2021 Aipamen berezia Teknopolis programa osoari Foro Transfiere sarietan.
2017: VIII Premio ASEBIO de Comunicación y Divulgación de la Biotecnología. Saritutako lana: “CRISPR/Cas9, geneak mozteko guraizeak”
2017: Euskadiko Ingurumen Kazetaritza Sari Nagusia. Saritutako lana: “Gau bat muturluzearekin”
2015: VII. Tecnalia Kazetaritza Saria Teknopolis telebista-saioari.
2014: Ikaslan Saria
2011: 2011ko Telenatura saria jaso du Teknopoliseko “Zelatan” erreportajeak.
2011: Teknopolisek lehen saria eskuratu zuen Bioteknologiaren komunikazioaren eta dibulgazioaren Asebio/Genoma España sarietan.
2009: Euroscience Media Awards sarietan, Johnson & Johnson popular science TV Award saria, Teknopolis telebista saioari, zientzia dibulgazioaren Europako telebista saiorik hoberena izateagatik.
2009: Teknopolisek Europako telebista-programa onenaren saria jaso zuen Jonhson&Jonhson popular science TV Award sarietan.
2006: Accesita Teknopolisin Tecnaliaren III. Kazetaritza Sarian.