Eusko Kontseilu Nagusia
Eusko Kontseilu Nagusia[1] Euskal Autonomia Erkidegoko autonomiaren aurretiko erakundea izan zen, 1978ko urtarriletik 1980eko apirilera bitartean existitu zena. 1979ko Gernikako Estatutua onartu eta lehen hauteskundeak egin ondoren, Eusko Kontseilu Nagusia desegin zen, eta frankismoaren osteko lehen Eusko Jaurlaritza eratu. Aurrekariak1977ko maiatzean euskal indar politiko ugarik (Eusko Alderdi Jeltzalea, Euskadiko Alderdi Sozialista, Euskal Sozialistak Elkartzeko Indarra, Euskadiko Alderdi Komunista, Euskal Kristau Demokrazia eta Eusko Abertzale Ekintza) "Konpromiso Autonomikoa" sinatu zuten, zeinetan adostu zen Hego Euskal Herriko autonomia estatutua hauteskunde konstituziogileetan aukeratutako euskotar legebiltzarkide horien artean idatziko zela. 1977ko hauteskunde konstituziogileetan Konpromisoa sinatu zuten alderdi ugari (EAJ, PSE-PSOE eta ESEI) batera aurkeztu ziren Senatura Fronte Autonomikoa izeneko zerrendapean. Hauteskunde horiek ospatu ostean, 1977ko ekainaren 19an Eusko Legebiltzarkideen Biltzarra osatu zen eta bertan Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako diputatu eta senatari hautetsiak bildu ziren, Nafarroako UCDkoak izan ezik. Azken horiek Nafarroa Euskal Autonomiara batzearen aurka zeuden eta guztira hiru diputatu eta hiru senatari ziren; Nafarroak guztira lau parlamentari eta bost senatari aukeratzen zituelarik.[2][3] Hauteskunde horietan, bestalde, argi geratu zen abertzaletasunak (EAJ eta KAS mugimenduak) Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian zuen indar ukaezina eta baita ere Nafarroakoa, nahiz eta hein txikiagoan izan.[2] Adolfo Suarezen gobernuak ez zuen autonomiarik eratzea nahi Konstituzioa onartu aurretik eta horregatik, autonomia-aurreko erakundeak sortzea ahalbidetu zuen, zeinak zenbait eskumen Konstituzioa onartu aurretik jaso zituzten. Zenbait hilabetetan zehar Legebiltzarkideen Biltzarra autonomia-aurreko proiektu bat prestatzen aritu zen, aurrez aipatutako autonomia-aurreko erakunde bat sortzeko asmoarekin. Erakunde hori sortzeko Biltzarrak proiektua onesteaz gain, Gobernuaren onarpena ere beharrezkoa izan zen. Proiektua ("Euskal Herriarentzako Erregimen Aurreautonomiko Iragankorraren Lege-Dekretua") 1977ko irailaren 17an onartu zuen Legebiltzarkideen Biltzarrak PSE-PSOE eta EAJren aldeko botoekin eta orduan hasi ziren negoziazioak Gobernuarekin. Erakunde berriaren eraketan sortu zen oztopo nagusia Nafarroa izan zen, UCDk bertan ordezkarien gehiengoa lortu izanak zaildu egin baitzituen negoziazioak. Alderdi horrek Nafarroa Euskal Erkidegora batzeko aukera onartu behar izan zuen eta trukean EAJk onartu zuen batze hori gauzatzeko Nafarroan eratuko zen foru-erakundearen onespena behar izateaz gain, erreferendum baten oniritzia ere beharko zela.[4][5] Era horretan, 1978ko urtarrilaren 4an Eusko Kontseilu Nagusia eratu zen lege-dekretu bidez, erakunde aurreautonomiko bezala,[6] Kataluniako Generalitatea erbestetik itzuli eta hiru hilabete ingurura. Dekretu horretan kontseilura batzeko aukera eman zitzaien Hego Euskal Herriko lau herrialdeei eta hori izan zen ondorengo erakunde autonomikora batzeko lehen pausoa. Kontseilura batzeko ardura probintzia bakoitzetik hautatzen ziren diputatuei zegokien, baina horien nahiak Batzar Nagusiek berretsi behar zituzten aurrera egin zezaten. Batzar Nagusietarako lehen hauteskundeak 1978ko Konstituzioa onartu ondoren (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ez zuen onespenik izan) egin ziren, 1979ko udal-hauteskundeekin batera eta bertatik osatu ziren lehen aldiz demokrazia garaian Nafarroako Batzar Nagusiak eta Nafarroako Parlamentua, besteak beste.[7] Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ahaldunek Eusko Kontseilu Nagusira batzea adostu zuten, baina Nafarroakoek ez. Funtzioak eta osaketaKontseilua sortzea ahalbidetu zuen Errege Dekretuaren arabera, hau honela osatzen zen:
Kontseiluak botere betearazlea bakarrik zuen. Kontseiluak garatu zituen gairik garrantzitsuenak honakoak izan ziren:
Lehen Eusko Kontseilu Nagusiaren osaketa (1978-1979)1977ko ekaineko hauteskundeetatik irten zen lehen Kontseilu honek berez seina ordezkari eman zizkien Espainiako Alderdi Sozialistari eta Eusko Alderdi Jeltzaleari eta beste hiru Zentro Demokratikoaren Batasunari. Alabaina, Euskadiko Ezkerrak ordezkari bat izan zezan itun batera heldu ziren PSOE eta EAJ.[9] Lehen Eusko Kontseilu Nagusiaren helburuak kontzertu ekonomikoan, Nafarroaren egoeran eta autonomia estatutuan oinarritu ziren. Gainera, Kontseiluak ikurriña bandera ofizialtzat berrezarri zuen, 1939an kolpistek debekatu ostean.[10] Euskal Poliziaren berrezartzea ahalbidetzeko helburuarekin zenbait euskal ordezkari negoziatzaile izendatu zituen: Juan María Bandrés, José María Benegas, Enrique Casas, José Ángel Montoya, Juan José Pujana Arza eta Jesús María Viana.[11] Gainera, zenbait adierazpen ere egin zituen, horien artean nabarmena lehena: 1977ko hauteskundeak euskal eta espainiar gizartea demokratizatzeko lehen pauso izan zitezela beharrezko ikusten zuen, eta Espainiako herri desberdinei autogobernua emateko aukera ematen zuen Konstituzio bat idatz zedila adierazi zuen, bortizkeria oro gaitzesteaz gain.[12] Lehen Eusko Kontseilu Nagusiak frankismoaren errepresio gordinaren garaian oposizioaren sinbolo izan zen Euskadi Ta Askatasuna talde armatuaren adarrekin hitz egin zuen eta gizarte demokratiko eta bakezale bat era zedin lagun zezaten eskatu zien.[13] ETA politiko-militarrak bide horri ekin zion, baina ez ETA militarrak. Lehen Eusko Kontseilu Nagusia 1978ko otsailaren 17an eratu zen Ramón Rubial sozialistaren presidentziapean. Honakoa zen osaketa:[14][15]
Bigarren Eusko Kontseilu Nagusiaren osaketa (1979-1980)1979ko ekainean eratu zen Bigarren Eusko Kontseilu Nagusia, urte bereko udal- eta foru-hauteskundeak eta orokorrak ospatu ondoren. Urte hartako hauteskundeetan euskal abertzaletasunak indar handiagoa hartu zuen eta hainbat alderdi abertzalek osatu zuten Kontseilua. Horien artean nagusia eta hauteskundeen garailea EAJ izan zen, zeinak Lehen Eusko Kontseilu Nagusian PSOEk zituen hainbat ordezkari bereganatu zituen. Ezkerreko indar abertzaleen artean zatiketa gertatu zen, alde batetik Euskadiko Ezkerrak bide autonomistagoa eta baketsua aldarrikatzen zuen eta bestetik, Herri Batasuna azaldu zen, KASen ondorengoa, zeinak erabateko independentzia aldarrikatzen zuen eta Espainian eratu zen erregimen demokratiko berria txarresten zuen.[16] Bigarren Eusko Kontseilu Nagusia 1979ko ekainean eratu zen eta Carlos Garaikoetxea jeltzalea izan zen lehendakari.[14][17][18]
Erreferentziak
Kanpo estekak |