Helena Rubinstein
| Helena Rubinstein | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotzako izen-deiturak | Chaja Rubinstein |
| Jaiotza | Krakovia, 1872ko abenduaren 25a |
| Herrialdea | Galitzia eta Lodomeriako Erresuma |
| Heriotza | New York, 1965eko apirilaren 1a (92 urte) |
| Hobiratze lekua | Mount Olivet Cemetery (en) |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | ingelesa |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | negozio-handikia, makillatzailea, enpresaburua, arte bildumagilea, filantropoa eta aesthetician (en) |
Helena Rubinstein, sortzez Chaja Rubinstein (Krakovia, Polonia, 1872ko abenduaren 25a – New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1965eko apirilaren 1a) enpresaburu, arte-bildumagile, filantropo eta handikia izan zen. Helena Rubinstein Incorporated izeneko kosmetiko enpresaren sortzailea izan zen Ameriketako Estatu Batuetan, eta munduko emakumerik aberatsenetako bat bihurtu zen.[1]
Bizitza
Lehen urteak
Chaja Rubinstein Poloniako Augusta Shaindel Rubinsteinek eta Horace Hertz Rubinstein juduek izan zuten zortzi alabetatik nagusiena izan zen.[2] Aita dendaria zen Polonia Txikiko Krakovia hirian, XVIII. mendearen bukaeran Poloniaren banaketaren ostean Austria-Hungariako Inperioaren parte bihurtu zena. Martin Buber filosofo existentzialista bere lehengusua zen eta Ruth Rappaporten amaren lehengusina.[3]
Australian
Rubinsteinek 1902an emigratu zuen Australiara, dirurik gabe eta ingeles maila oso eskasaz. Hala ere, bere arropa dotorea eta bere azal zurbila ez ziren oharkabean pasa hiriko damen artean, eta laster aurkitu zituen erosle sutsuak bere ekipajean zeramatzan edertzeko kremazko flaskoak erosteko. Merkatu potentziala aurkitu zuen, bere egin zezakeena, gainera. Rubinsteinen zorionerako kremaren osagai nagusia, lanolina, eskura zegoen.
Colerainen, Victoria (Australia) mendebaldeko eskualdean, non osaba merkataria zen, «toki beldurgarria» izan zitekeen, baina artile gantz edo artile argizari kopuru oparoak —kimikoki lanolina izenez ezagutzen dena— jariatzen zituzten 75 milioi ardiren etxea zen. Ardi horiek nazioaren aberastasuna ziren eta Far West edo Mendebalde urruneko merino saldo handiek eskualdeko artilerik onena 'sortzen' zuten. Lanolinaren usain garratza mozorrotzeko, Rubinsteinek labanda, pinu-azala eta nenufarrak probatu zituen.
Rubinsteinek atsekabe bat izan zuen osabarekin, eta landa-eremuko irakasle lanean denboraldi bat eman ostean, zerbitzari lanean hasi zen Melbourneko Winter Garden izeneko te-aretoetan. Bertan, bere Crème Valaze plazaratzeko funtsak emateko prest zegoen miresle bat aurkitu zuen, ustez «Europa erdialdeko Karpato mendietatik» inportatutako belarrak barne hartzen zituena. Hamar penikeko prezioan eta sei txelinen truke saldua, flaskoak di-da batean saltzen ziren. Bere bezeroek Helena izenez soilik ezagutzen zutenez, Rubinsteinek laster lortu zuen Collins Street modernoan apaindegi bat irekitzea, non glamourra zientzia gisa salduta, larruazala «diagnostikatu» eta tratamendu egokia «errezetatzen» zitzaien bezeroei.
Sydney izan zen hurrengo helburua eta bost urtetan Australiako etekinak Londresen Beauté Valaze-ko apaindegi bat finantzatzeko bezain errentagarriak izan ziren. Rubinsteinek munduko kosmetika konpainia handienetako bat sortu zuen. Bere enpresa komertzialak izugarrizko arrakasta izan zuela erakutsi zuen eta geroago bere aberastasun izugarria erabili zuen hezkuntza, arte eta osasun arloetan karitate instituzioak babesteko.
Rubinsteinek azkar hedatu zuen bere operazioa. Bere ahizpa Ceskak Melbourneko dendaren operazioa bere gain hartu zuen 1908an, 100 000 dolarrekin. Londresera joan zen bizitzera eta gero nazioarteko enpresa bihurtu zenaren ibilbidea hasi zen.
Ezkontza eta seme-alabak

1908an, Poloniar jatorriko Edward William Titus kazetari estatubatuarrarekin ezkondu zen Londresen. Bi ume izan zituzten, Roy Valentine eta Horace.
Frantzian
Parisera joan ziren bizitzera, eta 1912an apaindegi bat ireki zuen. Bere senarrak publizitatea idazten lagundu zuen eta El amante de Lady Chatterley argitaratu zuen argitaletxe txiki bat sortu zuen eta Samuel Putnam kontratatu zuen Kiki (Alice Prin) modelo ezagunaren memoriak itzultzeko.
Rubinsteinek luxuzko afariak antolatzen zituen eta bere burutazioengatik ospetsua egin zen, enbaxadore frantses mozkorti batek Edith Sitwell eta haren anaia Sacheverellekiko birulentzia adierazi zuenean bezala: «Vos ancêtres ont brûlé Jeanne d'Arc! (euskaraz: Zure arbasoek Joana Arc-ekoa erre zuten!)» Rubinsteinek, oso frantses gutxi zekienak, gonbidatu bati galdetu zion ea zer esan zuen. Hark erantzun zuen: «Zure arbasoek erre zuten Joana de Arco». Rubinsteinek erantzun zuen: «Beno, norbaitek egin behar zuen».[4] Beste festa batean, Marcel Proustek galdetu zion ea zer makillaje erabiliko zuen dukesa batek. Emakumeak otzan erantzun zuen, «naftalina usaina». Rubinsteinek geroago gogoratu zuen: «Nola jakingo nuen famatua izango zela?»[5]
Ameriketako Estatu Batuetan
Lehen Mundu Gerra hasi zenean, senar-emazteak New Yorkera joan ziren bizitzera, eta berak kosmetikoen apaindegi bat zabaldu zuen 1915ean, herrialde osoan hedatu zen kate baten aitzindaria. Hori izan zen kosmetikaren industriako beste dama handiarekin, Elizabeth Ardenekin, izan zuen lehia basatiaren hasiera. Rubinstein zein Arden, hamazortzi hilabeteko aldearekin hil zirenak, eskalatzaile sozialak izan ziren eta biak oso kontziente ziren marketinaren eta luxuzko paketatzearen eraginkortasunaz, akats bako uniformedun estetizisten erakargarritasunaz, ospetsuen abalaren balioaz, balioan oinarritutako prezioaren pertzepzioaz eta azalaren zaintzaren sasizientziaren sustapenaz.
Rubinsteinek bere produktuen handizkako fabrikazioa eta banaketa bere gain hartu zituen 1917an. «Edertasunaren Eguna» arrakasta handia izan zen hainbat apaindegitan. Publizitatean Rubinsteinen ustezko erretratua adin ertaineko modelo bat zen, jentil itxurakoa.
1928an, AEBko negozioa Lehman Brothersi saldu zion 7.3 milioi dolarren truke —2007an 88 milioiren baliokidea—. Depresio Handia iritsi ostean, ia balio bako akzioak erosi zituen bueltan, milioi bat baino gutxiagoren truke, eta azkenean, akzioak hainbat milioi dolarreko balioa bihurtu zituen, AEBko ia dozena bat hiritan egongelak eta saltokiak ezarriz. Bosgarren Etorbideko 715ean zuen spa, jatetxe bat, gimnasio bat eta Joan Miró margolariak diseinatutako alfonbrak zituen. Era berean, Salvador Dalí artistari hauts trinko bat diseinatzeko eta erretratu bat egiteko eskatu zion.
Dibortzioa eta printze-ezkontza

Senar-emazteen boto zaharretatik askatuta, 1938an Artchil Gourielli-Tchkonia printzearekin ezkondu zen (batzuetan Courielli-Tchkonia idazten zuen), eta Georgiako nobleziako kide izatearen aldarrikapena ilun samarra zen. Guria eskualdeko Tchkonia familia noblean jaioa zen, noblezia titulu barik, baina anbizio handiko gazteak bere amonaren (Gourielli printzesa) benetako titulua bereganatu zuen.
Bere burua printze izendatu zuenak Rubinsteinek baino hogeita hiru urte gutxiago zituen. Noblezia-titulu bat lortzeko irrikaz, Rubinstein gazte lerdenaren atzetik ibili zen, eta haren omenez kosmetiko-lerro maskulino bat sortu zuen. Batzuek esan zuten ezkontza marketin amarru bat izan zela, Rubinsteinek Helena, Gourielli printzesa, izendatzeko aukera barne hartzen zuena.[6]
Kontrastedun aberatsa, Rubinsteinek bere hamaiketakoa eramaten zuen lanera eta oso arina zen alderdi askotan, baina goi-mailako joskintzarako arropa eta artelan eta altzari baliotsuak erosten zituen. Arteari zegokionez, Helena Rubinstein Arte garaikideko Pabiloia sortu zuen Tel Aviven eta 1957an Helena Rubinstein arte ibiltariaren beka ezarri zuen Australian.[7] Helena Rubinstein Foundation fundazio filantropikoa ezarri zuen 1953an, osasunean, ikerketa medikoan eta errehabilitazioan espezializatutako erakundeei funtsak emateko, baita America-Israel Cultural Foundation-i eta israeldarrentzako bekak emateko ere.
1959an, Estatubatuar kosmetika industriaren ordezkaria izan zen Estatu Batuetako Erakusketa Nazionalean, Moskun.
1958tik aurrera, urtero 300 £-ko Rubinstein Saria eman zen Australiako artisten erretratuentzat. Saritutakoen artean hauexek daude: Frank Hodgkinson 1958; Charles Blackman 1960; William Boissevain 1961; Margaret Olley 1962; Vladas Meskenas 1963; Judy Cassab 1964, 1965; Jack Carington Smithk 1966.[8]
Bere langileek madame deitzen zuten, korporazioan aktibo izaten jarraitu zuen bere bizitza osoan, baita gaixorik zegoenean ohetik ere, konpainia zaindu zuen bere senideekin batera.
Aintzatespenak
- 1958tik aurrera, urtero 300 £-ko Rubinstein Saria eman zen Australiako artisten erretratuentzat.
Erreferentziak
- ↑ «The Beauty Merchant» Time 9 de abril de 1965.
- ↑ (Ingelesez) Stonehouse, Cheryl. (2013-03-16). «Helena Rubinstein, the penniless refugee who built a cosmetics empire» Express.co.uk (kontsulta data: 2025-03-04).
- ↑ Oral history interview with Ruth Rappaport – USHMM Collections Search. collections.ushmm.org.
- ↑ O'Higgins, Patrick. (1971). Madame; an intimate biography of Helena Rubinstein. New York, Viking Press ISBN 978-0-670-44530-1. (kontsulta data: 2025-03-04).
- ↑ Kanfer, Stefan. (verano de 2004). «The Czarinas of Beauty» City Journal.
- ↑ Hutto, Richard Jay. (2007). Crowning glory : American wives of princes and dukes. Macon, GA : Henchard Press ISBN 978-0-9725951-7-9. (kontsulta data: 2025-03-04).
- ↑ Poynter, J. R.. «Rubinstein, Helena (1870–1965)» Australian Dictionary of Biography (Australian National University).
- ↑ McCulloch, Alan. (1968). Encyclopedia of Australian art. London, Hutchinson ISBN 978-0-09-081420-6. (kontsulta data: 2025-03-04).
Kanpo estekak
Content Disclaimer
Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.
- The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
- There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
- It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
- Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
- Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.









