Heskai


Heskaia zuhaixka biziz, eta batzuetan zuhaitzez eginiko hesia da, batez ere bi lursail banatzeko landatua. Bideak eta esparruak mugatzeko ere erabiltzen dira, eta beste askotan apaingarri gisa, arte topiarioa eratuz. Heskaiek etxabereak ihes egitea eragozten dute ohiko hesiek bezala, baina gainera haize bortitzetik babestu[1] eta inguruneko baldintzak hobetzen dituzte, bocage izeneko paisaian esaterako. Gainera, landa lurren bioaniztasuna hobetzen dute, landare eta animalientzat babesleku eta janleku egokiak eratuz.[2]
Batzuetan landaresi eta landare hesi[3] terminoak ere erabiltzen dira, bai eta hesibizi ere.
Motak
Heskaiek, gizakien esku hartzearen (eta transformazioaren) arabera sailka ahal dira:
- Heskai naturala (aske hazten dena, tokiko baso landareekin): heskai garai eta zabal honek soroak eta landare autoktonoak babesten ditu eguraldi txarretik (euriteak, haizeteak, izozteak...). Bioaniztasun handikoa da, landare autoktono ugariz osatua baitago, fauna ugari eta erabilgarria erakartzen duena.
- Heskai bizia (aske hazten dena, baina jatorri anitzeko landareekin, batzuetan exotikoak): heskai zabal eta trinko honeki zuhaitz eta zuhaixkak ez dira inausten, edo oso gutxi. Eragozpen gabe hazten dira eta ekosistema berezi eta aberatsa aterpetzen dute.
- Heskai moztua (kontrolatuta hazten da, mozketa edo inausketa periodikoetan): mozketak hiru helburu izan ditzake, heskai motaren eta jabearen nahiaren arabera:
- inausiz garaiera eta zabalera murriztea, lursailean edo inguruan gehiegi ez hedatzeko.
- lepatuz egurra lortzea (neguan) edo animalientzat bazka ekoiztea (udan).
- aizturrez moztea, heskaiari itxura jakin bat emateko (ohikoenak laukizuzena edo biribildua). Espezie bakarrekoa izan ohi da, hostoiraunkorra eta hazkuntza geldokoa (hagina, ezpela edo huntza). Heskai honek balio ekologiko urria du.
- Heskai horma (oso kontrolatuta hazten dena, mozketa ugariekin landare-horma geometriko antzekoa eratzeko): lorategi edo etxe-inguruetako ohiko heskaia da, 1 eta 2m garai bitartekoa (horma edo hesien antzera), normalean hostoiraunkor eta hazkuntza azkarreko espezie bakar batez osatua (altzifrea, erramua, arbustua, tuia).
Habitata

Euskal Herriko kantaurialdean, ingurunearen baldintzen arabera, bost habitat banatu daitezke. Habitat hauen arabera, landaredi potentzial bat garatu daiteke eta, honela, heskaietako landare espezieak desberdinak dira[3]:
- haltzadiak erreka bazterretan:
- zuhaitzak: haltza, lizarra, astigarra, haritza eta neurri txikiagoan, ezkia eta zumarra
- zuhaixkak: sahatsak, zuhandorra, intsusa, basaerramua, hurritza, elorri zuria, arbustua
- hariztiak ibar hondoetan:
- zuhaitzak: haritza, lizarra, urkia, astigarra, gereziondo txertaka, pagoa, sagarrondoa, aranondoa, gereziondoa, intxaurrondoa, gaztainondoa
- zuhaixkak: elorri zuria, elorri beltza, hurritza, sahatsa, zuhandorra, basaerramua, gorostia, arbustua, intsusa, sagarmina, makatza, mizpirondoa eta irasagarrondoa.
- pagadiak hariztien gaineko lurretan:
- zuhaitzak: pagoak, lizarrak, astigarrak, urkiak, otsalizarrak, haginak
- zuhaixkak: elorri zuria, elorri beltza, hurritza, gorostia, sahatsa, sagarmina, makatza eta hostazuria
- artadiak kareharrietan:
- zuhaitzak: artea, ereinotza, frantses iharra, ametz ilaunduna
- zuhaixkak: txorbeltza edo karraskiloa, gartxua, gurbitza, gorostia, arbustua, elorri zuria, elorri beltza eta andura
- igokariak: endalarra, astalar hosto iraunkorra eta huntza
- ameztiak lur hareatsuetan:
- zuhaitzak: ametza, haritza, urkia, lertxuna, otsalizarra, gaztainondoa eta hostazuria
- zuhaixkak: gorostia, oilakarana, sagarmina, makatza, elorri zuria eta elorri beltza.
Erreferentziak
- ↑ Galarraga, Ana. (2006). Heskaiak, hesi biziak. Elhuyar.
- ↑ Paisaia S,M. eta Goimen. (2002). Zuhaitz eta zuhaixkak baserri eremuan - Landare-hesien onurak eta erabilpenak. Goierriko landa garapenerako elkartea, 130 or. ISSN gordailuaren zenbakia: SS-1195-02 Lege gordailuaren zenbakia: SS-1195-02..
- ↑ a b Goimen. (2002). (pdf) Zuhaitz eta zuhaiskak baserri eremuan. Landare-hesien onurak eta erabilpenak.. .
Kanpo estekak
Content Disclaimer
Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.
- The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
- There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
- It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
- Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
- Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.









