Margot Duhalde
| Margot Duhalde | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotzako izen-deiturak | Margot Duhalde Sotomayor |
| Jaiotza | Río Bueno, 1920ko abenduaren 12a |
| Herrialdea | |
| Lehen hizkuntza | gaztelania |
| Heriotza | Santiago, 2018ko otsailaren 5a (97 urte) |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | gaztelania |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | hegazkinlaria eta militarra |
| Jasotako sariak | ikusi
|
| Zerbitzu militarra | |
| Adar militarra | Frantziar Indar Askeak Royal Air Force |
| Gradua | koronel |
| Parte hartutako gatazkak | Bigarren Mundu Gerra |
Margot Duhalde Sotomayor (Río Bueno, Txile, 1920ko abenduaren 12a - Santiago, Txile, 2018ko otsailaren 5a) txiletar hegazkinlaria izan zen. Bere herrialdeko lehenengo emakumezko gerra pilotua izan zen, eta Hego Amerikako hegazkinlaritzako aitzindarietako bat.[1]
Bizitza
Margot Duhalde Sotomayor 1920ko abenduaren 12an sortu zen Txile hegoaldeko Rio Bueno izeneko herrian. Aitaren aldetik, euskaldunak ziren, aitatxi Luhusokoa izanik, eta amaren aldetik indioen ondorengoak. Margotek bizitza osoan aldarrikatu zituen bere baitan zeramatzan bi herri horien odol indartsua; erdi euskalduna eta erdi indioa zela erraiten zuen. Duhaldetarrak laborantzatik bizi ziren, eta hamabi seme-alaba izan zituzten.
Rio Bueno aldean ohikoak ziren posta-hegazkinak. Antza denez, Margot txikitatik igotzen zen etxeko teilatura, haren gainetik iragaten ziren hegazkinak hurbilagotik ikusteko. Hori horrela, gurasoek largabistak oparitu zizkioten, hegaldiak behatzeko. Aireplano horietako bat haien etxetik hurbil erori zen behin, eta Margot izan zen bertaratu zen lehenagoetakoa. Aparatua ukitu zuenean bertan erabaki zuen pilotu izatea.
Harrezkero, behin eta berriz saiatu zen gurasoen baimena lortzen Santiagoko hegazkin pilotuen eskolan sartzeko, baina gurasoek ez zioten baimenik eman hamasei urte izan arte. Horrela, 1938ko otsailean hasi zen Txileko Aire Klubean ikasketak eta lehen hegaldiak egiten. Horretarako, agiri ofizialetan hemezortzi urte zituela jarri behar izan zuen, eta, trikimailu horri esker, onartu zuten. César Copetta pilotu ospetsua izan zen bere irakasle eta trebatzailea. Horrela, hemezortzi urte bete gabe zituela, pilotu graduazioa erdietsi zuen.[2][3][4][5]
Bigarren Mundu Gerra
Bigarren Mundu Gerran laguntzeko gogoa sentitu zuen. Ordurako pilotu zibila bazen ere, hasieran, Frantziako enbaxadara joan zen boluntario gisa eta, geroago, De Gaullen armada eratzeko deialdian bat egin zuen. Adingabea zenez, gurasoei esan zien pilotu-trebaldiak egitera Kanadara joan behar zuela, eta horrela, haien baimena eskuratu ahal izan zuen.
Valparaisoko portutik abiatu zen beste hamahiru lagunekin batera. Londresera iritsi zenean, bost egunez izan zuten preso susmagarri zelakoan. Hainbat hilabeteren ondoren, pilotuen aterpe batean ezarri zuten garbiketa-lanetan. Orduan erabaki zuen frantsesak utzi eta ingelesekin bat egitea. Air Transport Auxilary zelakoan, 165 emakume pilotu joaten ziren euren hegaldietan laguntzaile gisa, eta Margot hantxe aritu zen. Hegazkin egin berriak aire-egoitza ezberdinetara eramaten zituzten. Urte haietan, ehun hegazkin mota baino gehiago gidatu zituen, baita gerla-hegazkinak eta bonbardatzeko aparatuak ere.[6][7][8]
Gerra ostean
Gerra bukatu zelarik, Frantziako Aire Indarretan aritu zen lanean, eta 1947an Txileko merkataritza-hegazkin bateko komandante izendatu zuten, Txileko historian graduazio horretara iritsi zen lehen emakumea izan zen. Hhandik urte batzuetara, Txileko Aire Indarretako kontrol dorre bateko buru izendatu zuten, eta lan horretan jardun zuen berrogei urtez.
Hiru aldiz ezkondu zen. Bigarren senarrarekin seme bat izan bazuen ere (Fernando), berea hegan egitea zen, eta gainerako guztia bigarren mailan uzten zuenez, ez zituen oso harreman egonkorrak izan. Hegaldi-irakasle izan zen, eta bere izena daraman hegaldi-eskola sortu zuen. Tarteka, denbora bilatzen zuen Euskal Herrira etortzeko eta Luhusoko eta Baionako familiarekiko harremanari eusteko.
Laurogei urte bete zituenean, 3.660 metroko jauzia egin zuen jausgailuz. Munduko hedabide guztien arrera bereganatu zuen gertakari horrekin. Urtebete geroago jubilatu zen, laurogeita bat urterekin.
Literatura eta dokumentalak
Bere biografia kontatzeko liburu bat idatzi zuen: Margot Duhalde, mujer alada (Margot Duhalde, hegodun emakumea). 1991n, bestalde, Magdalena Silva Valdes idazleak Margoti buruzko Margot Duhalde, aviadora (Margot Duhalde, hegazkinlaria) liburu ospetsua plazaratu zuen. Horretaz gain, Ingalaterran egindako hainbat dokumentaletan parte hartu zuen, Bigarren Mundu Gerrako emakume pilotuen abenturak eta balentriak kontatzeko.
Erreferentziak
- ↑ «Margot Duhalde – Ministerio de Defensa Nacional» www.defensa.cl (kontsulta data: 2026-02-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) «"Volamos igual que ellos": la extraordinaria historia de la primera piloto de guerra de Chile, Margot Duhalde, que combatió en la Segunda Guerra Mundial junto a las fuerzas británicas» BBC News Mundo (kontsulta data: 2026-02-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) Gorriti, Iban. (2022-03-19). «Margot Duhalde, la vasco-chilena alada» Deia (kontsulta data: 2026-02-03).
- ↑ «74/24- LA NOTABLE AVIADORA CHILENA MARGOT DUHALDE SOTOMAYOR. – MNAE» museoaeronautico.dgac.gob.cl (kontsulta data: 2026-02-03).
- ↑ «Margot Duhalde: Confesiones de una aviadora» www.euskonews.eus (kontsulta data: 2026-02-03).
- ↑ Teletrece. (2023-05-18). Margot Duhalde, la primera mujer piloto de guerra, tendrá billete conmemorativo. (kontsulta data: 2026-02-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Margot Duhalde. Pionera de la aviación | Biblioteca Nacional» www.bibliotecanacional.gob.cl (kontsulta data: 2026-02-03).
- ↑ CHV Noticias. (2023-05-27). Margot Duhalde, la primera piloto de guerra chilena que aparecerá en billete conmemorativo. (kontsulta data: 2026-02-03).
Kanpo estekak
Content Disclaimer
Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.
- The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
- There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
- It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
- Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
- Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.









