Share to:

Maria Baers

Maria Baers

co-opted senator (en) Itzuli

1936ko ekainaren 30a - 1954ko martxoaren 12a
Bizitza
JaiotzaAnberes1883ko irailaren 20a
Herrialdea Belgika
HeriotzaBrusela1959ko abenduaren 30a (76 urte)
Familia
Haurrideak
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea
Jasotako sariak

Maria Gabriella Baers (Anberes, 1883ko irailaren 20a - Brusela, 1959ko abenduaren 30a) belgikar politikaria eta feminismo kristauaren ekintzailerik handienetako bat izan zen. Hasieran gizarte-langilea zen, baina laster arlo sindikalean konprometitu zen eta senatari eta nazioarteko hainbat erakundetako kide izatera iritsi zen. Kristelijke Arbeiders Vrouwenbeweging (KAV, Kristau Emakume Langileen Mugimendua) sortzaileetako bat izan zen.

Bizitza osoa lanean eman zuen emakumeen lan-baldintzak hobetzeko, bai eta ikasteko eta osasun eta higiene zerbitzuez baliatzeko aukera izan zezaten ere. Horrez gain, etxeko zaintza lanaren balio ekonomikoa aitortzea aldarrikatu zuen.

Biografia

Familia

Maria Baers produktu kolonialak satzen zituen merkatari-familia batean jaio zen.[1] Gaztetxoa zela, gurasoak galdu zituen, eta horregatik berak, zaharrena izanik, bere hiru neba-arreben (Margriet, Joris eta Eduard) zaintzaz eta heziketaz arduratu behar izan zuen. Margriet irakasle feminista izan zen, eta Eduard, Bigarren Mundu Gerran, Koroaren prokuradorea Anberesen.[2]

Ikasketak

Maria Baersek Anberesko Les Soeurs de Notre Dame ikastetxean egin zituen bigarren hezkuntzako ikasketak.[3] Bere heziketa intelektuala osatzeko asmoz[3], «Volksverein für das katholische Deutschland en Mönchen-Gladbach» elkarteak (Mönchen-Gladbach-eko Alemania Katolikorako Herri Elkartea) eskaintzen zituen gizarte-ikastaroak ere hartzen zituen noizean behin.[3]

Ondoren, filosofia ikasi zuen Bruselako Saint-Louis Institutuan. Urte biko diplomatura egin ondoren, Gizarte Zientziak ikasi zituen Suitzako Friburgoko Unibertsitatean.

1908an Anberesko langileentzako gizarte-laguntzaile gisa hasi zen lanean. Hiri horretako Saint-Michel parrokiako emakume langileei laguntzen lan egin zuen eta haien sindikatuetan esperientzia handia lortu zuen. Beharginek jasaten zituzten bizi eta lan baldintza eskasak irmo gaitzetsi zituen.[4]

Konpromiso politikoa

María Baers

Lehen Mundu Gerraren amaitutakoan, Belgikako hiru alderdi tradizionalen arteko negoziazio luze baten ondoren, hauteskunde-erregimena aldatu zen. Alderdien arteko eztabaidan, sozialistek gizonezkoen sufragio unibertsala geldegiten zuten, eta katolikoek ordainetan emakumeen sufragio komunala exijitu zuten. Baina garai hartan, gizartearen pentsaerak aldaketa handirik gabe jarraitzen zuen emakumeek jasaten zuten sexu-bereizkeria handiei zegokienez. Eztabaida luzeen ondoren, katolikoek Konstituzioak xedapen berri bat jasotzea lortu zuten: aurrerago emakumeek parlamenturako botoa emateko eskubidea ezarri ahalko zen bi hereneko gehiengoarekin onartutako lege berezi baten bidez. Horrek aukera eman zuen udal-hauteskundeetarako emakumeen sufragioa lortzeko.[5]

Emakumeak, aldiz, hautagai izan zitezkeen hauteskunde maila guztietan, eta, horri esker, Maria Baers, 1936an, Senaturako hautatu zuten alderdi katolikoarekin,bere gaitasunengatik eta emakumeen kausarekiko konpromisoagatik,[5][6] eta, horrela, Belgikako lehen emakume senatari katolikoa izan zen.[1] Senatari izan zen 1954ra arte, erretreta hartu zuen arte. Dimisioa eman arren, Baersek presioa egin zion PSC-CVP (Parti social-chrétien - Christelijke Volkspartij) alderdiko presidenteari bere ordez emakume batek jarrai zezan, eta, horri esker, Mariak bere lekua utzi zion alderdi bereko emakume bati, Jeanne Driessen-i, hain zuzen. Driessenek, baina, eserlekua galduko zuen Raf Hulpiau-ren mesedetan.[7]

Bigarren Mundu Gerraren aurreko azken hauteskundeak 1939ko apirilaren 2an egin ziren. Haietan ere lau emakume izan ziren hautetsiak Legebiltzarrerako, tartean Maria Baers. Hala eta guztiz ere, artean, emakumeek parlamentuan zuten presentzia oso mugatua zen. Gainera, Ganberan eta Senatuan aritu ziren sei emakumeetatik bi baino ez ziren flandriarrak, tartean Maria Baers. Horrek berresten du, berriz ere, espazio politikoa, batez ere parlamentarioa, «espazio maskulinoa» zela.[8]

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, emakumeen sufragioa probintzia-mailan eta legegintza-mailan ere aldarrikatzen hasi ziren.[9] Hainbat proposamen egin ostean, azkenean, emakumeen sufragio legegilea Ganberan eta Senatuan bozkatu eta irabazi egin zen. Hala, 1948ko martxoaren 27ko legean, Ganbera Legegileak aukeratzeko boza emateko eskubidea aitortu zitzaien emazteei. Hala ere, parlamentuko borroka-plaza ez zen feminizatu eta, funtsean, gizonena izaten jarraitu zuen.[10]

Senatua

Ganbara legegileetan parlamentarien sexuaren araberako banaketa egin ohi zen kargu gehigarriak nori esleitu erabakitzean. Horren ondorioz, Maria Baersek Senatuko idazkari kargua bete zuen, 1945etik 1954ra.[11]

Maria Baers Osasun Publikoaren eta Familiaren batzordeko burua izan zen. Oso inplikaturik egon zen «osasun publikoan, hezkuntzan, gizarte-legerian eta emakumeen egoera sozial eta juridikoan». Arreta berezia jarri zien, batez ere, «beharginen lan baldintzei, higieneari, lanbide heziketari, amen babesari eta etxeko lanaren balio ekonomikoari». «Etxeko andreentzako ordainsaria» ere proposatu zuen. Era berean, uraren banaketa eta arazketaz, babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntzaz, medikuntza prebentiboaz, familien aurrekontuaz eta etxeko prestakuntzaz ere arduratzen zen.[12]

Horrez gain, meatzeetan eta harrobietan emakumeen lana debekatzeko eta gizarte-laguntzaile titulua babesteko lege-proiektuak aurkeztu zituen. Emakumeen gizarte-egoerari eta lanari buruzko txosten, azterlan eta artikulu ugari idatzi zituen. Gizarte-laguntzaile tituluaren babes juridikoari buruzko 1945eko ekainaren 12ko legearen egilea izan zen[13], eta baita etxeko langileen zerbitzu-kontratuari (1939 eta 1940) eta etxekoandreentzako familia-laguntza berezituei (1946 eta 1949) buruzko lege-proposamenena ere.[14] Maria Baers eta Jeanne Driessenek Gizarte Segurantzaz interes berezia izan zuten.[15] Hala, 1946tik aurrera, politikari biek parte-hartze handia izan zuten lege- eta aurrekontu-proposamenen eztabaidetan.[16] Maria Baersek agintedun emakumeen estilo berezkoa utzi zigun. "Emakumeen mugimendu sozialaren kultura jakin bat" ekarri zuen politikara.[17]

Konpromiso feminista

1908 inguruan, F. Bernaerts abadearekin batera, Maria Baers Anbereseko emakumezkoen ekimenetan engaiatu zen.[18] 1912an, Baers eta Victorie Cappe Emakume Kristauen Sindikatu Profesionalen Idazkaritza Nagusiko presidenteak izan ziren. Bera flandriar alderdiko buru izan zen eta Cappe frankofonokoa. Gerra ostean, Idazkaritza Nagusiari izen berria jarri zioten: Emakume Kristauen Gizarte Ekintzen Idazkaritza Nagusia.[19]

Belgikako lehen gizarte-eskola

Maria Baers herriz herri ibili zen, etxeko langileak biltzeko xedearekin. Sindikatuak gero eta indar handiagoa hartu zuen, baina Lehen Mundu Gerrak geldialdi bat ekarri zuen.[19] Dena den, gerrak Idazkaritza Nagusiaren jarduera sindikala hankaz gora jarri bazuen ere, aukera eman zion barne-berrantolaketa bat egiteko; horri esker, gerraren ondoren, Emakume Kristauen Gizarte Ekintzen mugimenduak indar handiko garapena izan zuen, eta gero eta protagonismo handiagoa lortu zuen Belgikako bizitza sozialean.[20]

Baersek eta Cappek beren lana «hezkuntza arloko ekintzetarantz» bideratzea erabaki zuten, eta horretarako, mugimenduko «buru eta militanteentzako prestakuntza erlijioso eta sozialeko urteroko ikastaroak» antolatu zituzten.[19]

1916an, Maria Baersek, Victor Brants irakaslearen laguntzarekin, mugimenduko emakumeentzako lehen prestakuntza ikastaroak antolatu zituen. Ikastaro hauek prestatzeko, Baersek eredutzat hartu zituen berak gaztetan Mônchen-GIadbacheko herri elkartean jasotakoak. Brantsekin hasieran antolatutakoak, «gizarte eta erlijio formakuntzako ikastaro sakonak» izan ziren.[21] Eskolak urtero berrantolatzen ziren[21], harik eta 1920an Bruselako Emakumeentzako Eskola Normal Sozial Katolikoa sortu zen arte.[22] Hura izan zen Belgikako lehen gizarte-eskola, eta Maria Baers izan zen bertako atal flandiarraren burua.[19] Eskolaren xedea zen «pertsona trebeak, sakonki sinestunak, prestatzea, gerraosteko erreforma sozioekonomikoak Elizaren doktrina sozialaren arabera egiten lagundu dezaten» (Victoire Cappe-ren hasierako hitzaldia).[23]

Emakumeen lana mugatzea

Mugimendu katolikoek eta haien inguruko emakumeen erakundeek «etxekoandrearen» ideal bat defendatzen zuten. Ideal horrekin koherente izateko, Emakume Langileen Liga Kristauak (LOCF), Maria Baersen gidaritzapean eta sindikatu kristauekin adostuta, «emakume ezkonduen lana mugatzeko neurriak» lortzen saiatu ziren.[24] 1921etik aurrera, Maria Baersek onartu zuen «emakume ezkonduak seme-alabekiko dituen betebeharrek bere lanerako eskubidea mugatzen» dutela, eta horregatik bateraezina zela amatasuna eta etxetik kanpoko lana aldi berean egitea.[25] Baina 1934ko otsailean, Rutten senatariak emakume ezkonduen lana mugatzeari buruzko lege-proposamen bat aurkeztu zuen. Proposamenak gobernua bultzatu zuen «emakumeen lana murriztera, gizonezkoen langabezia gutxitzeko».[19] Ildo horretatik zihoan 1934ko abenduaren 8ko lege-dekretu batek, «emakumeen mobilizazioak» eragin zituen,[19] eta, haien ondorioz, 1935eko ekainean, emakumeen lanari buruzko arazoak aztertzeaz arduratuko zen Emakumeen Lan Batzorde bat sortu zen.[26][27] Batzorde horretan Maria Baers Emakume Kristauen Gizarte Ekintzen mugimenduko ordezkaria izan zen.[26]

Nazioartean

1925etik aurrera, Maria Baersek hainbat ardura hartu zituen nazioartean: 1925etik 1952ra, Emakumeen Liga Katolikoen Nazioarteko Batasunaren bulegoan egon zen. Bertan, emakumeen lana aztertzeko batzordeko buru izan zen.[26]

1926tik aurrera, Sindikatu Kristauen Nazioarteko Konfederazioan (CISC), emakumeen gaiak jorratzen zituen batzordeko buru izan zen. Bertatik, presio handia egin zion Lanaren Nazioarteko Bulegoari —Nazioarteko Lan Erakundearen idazkaritza iraunkorra— «emakumeen lanari buruzko ikerketa bat egiteko eta, haien ondorioak aztertuta, emakumeen lan baldintzetan behar ziren mugak eta neurriak zehazteko programa egiteko». 1932an Emakumeen Lanaren Nazioarteko Batzordeko «kide urgazle» izendatu zuten. 1933an, "Fabrikan lan egiten duten amei eta beharginen etxeei" buruzko Nazioarteko Kongresuan parte hartu zuen, eta 1937an eta 1947an «Ama, giza aurrerapenaren langilea» gaia jorratu zutenetan.[19] 1937an, Emakumeen Liga Katolikoen Nazioarteko Batasunaren bulegoan zegoela, Baersek txosten bat aurkeztu zuen Batasunaren Nazioarteko Jardunaldietan. Bertan proposatu zuen «lehengo familia tradizionala berrezartzea emakumeen soldatapeko lana desagerraraziz».[27]

Bigarren Mundu Gerra

Alemaniarrek Belgika okupatu zutenean, Maria Baersek belgikar emakumeen deportazioak edo derrigorrezko lana saihesteko lan egin zuen KAVen (Kristau Emakume Langileen Mugimendua).[28]

Derrigorrezko lana ezarri zutenean, protesta asko izan ziren Belgikan. Leopoldo III.a erregeak eta Van Roey kardinalak, Maria Baersek bultzatuta, Alemaniako agintarien aurrean esku hartu zuten lan behartua bertan behera uzteko, baina ez zuten ezer lortu. Horren ondoren, Baersek modu eraginkorragoan jokatu zuen: deportazioaren kontrako argudioak azaltzen zituen zerrenda bat egin zuen emakumeen defentsan aritzen zirenek erabil zitzaketen. Horrez gain, Belgikako eta Alemaniako agintariei presioa egin zien emakumeen derrigorrezko lana indargabetzeko edo, gutxienez, adin muga igotzeko. Bere zerrendako arrazoi batzuk nazien ideologia sexistan berean oinarritzen ziren, emakumearen lekua etxean zegoela, bere familiarekin batera, aldarrikatzen baitzuten.[20]

Baersi esker, eta berak irekitako bidea jarraitu zuten beste pertsona ospetsu batzuei esker, 1943ko martxoaren 22tik aurrera ez zen emakume belgikarrik bidali Alemaniara. Hala ere, ordura arte deportatu zituztenak ezin izan ziren berehala itzuli. Bestalde, Maria Baers Belgikako lantegietan lan egitera behartu zituzten emakumeen egoera ere hobetzen ahalegindu zen. Baina etxeko langileen egoera desberdina izan zen: emakume horiek Alemanian lan egiteko deportatzen jarraitu zuten, baina inork ez zuen ezer egin haien alde, ezta Maria Baersek berak ere.[20]

Konpromiso sindikala

Belgikako Emakume Kristauen Sindikatuen Idazkaritza Nagusia

Belgikako Emakume Kristauen Sindikatuen Idazkaritza Nagusia (Secrétariat général des Syndicats des femmes chrétiennes de Belgique), «Emakume Kristauen Sindikatu Profesionalen Idazkaritza» izenaz ere ezaguna[29] (Secrétariat général des Unions professionnelles féminines chrétiennes), 1912ko uztailaren 25ean sortu zen.[29] 1912an, Jules Perquy (1870 – 1946) apaiz katolikoak Maria Baers eta Victoire Capperi Bruselara lan egitera joateko proposatu zien. Bien artean, Belgikako Emakume Kristauen Sindikatu Idazkaritza Nagusia sortu zuten, «zalantza eta eztabaida luzeen» ondoren, ez baitzuten lortu idazkaritzaren jarduera-eremuari buruz ados jartzea.[29] Maria Baers sindikatuko nederlanderadunen ataleko buru izan zen, eta Victoire Cappe, frantses hiztunenekoa. 1912ko irailaren 29an, Baersek eta Cappek «Emakumeen Lehen Kongresu Sindikala» antolatu zuten[30]; horrela, jarraipena eman zioten urtero kongresu bat antolatzeko eta “zerbitzu kolektiboak sustatzeko” borondatea adierazten zuen aurretiko ebazpen bati.[30]

Baersek eta Cappek aurreikusitako helburuak 1912an eta 1913an gauzatu ziren. Bi urte horietan «laurogeita hamabost hitzaldi [...], emakumezko delegatu sindikalen hamar bilera [... ]» egin ziren[31] eta «sortu ziren hogeita zazpi emakumezkoen sindikatuetan hiru mila afiliatu berri bildu zituzten».[31]

1918ko abenduaren 20an, idazkaritzak bere izena aldatu eta Secrétariat Général des Œuvres Sociales Féminines Chrétiennes izena jarri zion. Izen aldaketa Idazkaritza Nagusiaren «ekintza-eremua pixkanaka eta etengabe zabaldu izanaren» ondorioa izan zen; izan ere, Maria Baers eta Victoire Cappek azpisaill berri ugari gehitu zituzten Idazkaritzaren organo nagusiaren barruan, [21] haien artean, besteak beste, «emakumeen ligak, mutualitate kristauen emakumeen zerbitzuak» bezalako sailak[21], baina baita «Emakumeen Batzorde Intersindikala, ikasketa zirkuluak, gizarte eskola eta Lanbide- eta Etxe-Hezkuntzako Zentrala» ere.[21]

Victoire Cappe eta Maria Baersek «emakume langilearen aldeko zuzeneko ekintza» bultzatu zuten, sindikatuak antolatuz, etxez etxeko lana legez arautuz eta aprendiz-lanpostuak sortuta lanbide-heziketa sustatuz. Klase aberatseko emakumeak gizarte-lanean inplikatzera animatu zituzten; horretarako, gizarte-arazoei buruzko informazioa jasotzeko ikasketa-zirkuluak sortu zituzten eta emakume aberatsek eta langileek elkar ezagutzeko bideak ezarri zituzten.[20]

1922an, Maria Baers, Berthe Tratsaert-ekin batera, Idazkaritza Nagusiko ordezkari izendatu zuten Mutualitate Kristauen Aliantza Nazionalaren kontseilurako, emakumeen ordezkaritza hobea bermatzeko, «1924an, 573.000 afiliatuetatik 105.000 emakumeak baitziren».[32]

Sindikatu Kristauen Konfederazioa

1912aren amaieran, Baersek zenbait ondorio atera zituen Idazkaritza Nagusiak Sindikatu Kristauen Konfederazioarekin izan zituen elkarrizketetatik.[33] Konfederazioak ez zuen nahi «emakumeen sindikalismoa independentea izaterik»,[34] nahiz eta, Konfederazioak eta Georges Rutten aita domingotar sindikalistak haren garrantzia eta «emakumeentzako berariazko planteamendu sindikal baten beharra» onartu.[34]

Lehen Mundu Gerra amaitutakoan, Maria Baers Sindikatu Kristauen Konfederazioaren batzordean sartu zen[35], eta 1921ean lehendakariorde izendatu zuten. Kargu horretan, arreta berezia jarri zuen emakumeen heziketan, lan baldintzetan, etxekoandrearen lanaren aitortzan eta higiene publikoan. 1925ean eta 1926an, Batzordeak erabaki zuen emakumeen zenbait erakunde Konfederazioan bertan sartzea.[36] Victoire Cappe, Baersen kolaboratzailea, hurrengo urtean hil zen, 1927an.

Maria Baers eta Konfederazioa emakumeek etxetik kanpo lan egitearen aurka zeuden; horregatik, Idazkaritza Nagusiak erabaki zuen «bere prentsa-organoen propaganda sindikala» mobilizatzea,[36] eta argitaratutako artikuluetan ahalegin handia egin zuten emakumeen lanaren desabantailak agerian uzteko.[36] Hedabideen kanpaina hori posible izan zen Baersek bideratu zuen Idazkaritza Nagusiaren eta Konfederazioaren arteko koordinazioari esker.[36] 20ko hamarkadaren bukaerako krisiaren ondoren, emakume langileen mobilizazioa areagotu zenean, Baers haien bozeramaile izendatu zuten.

Maria Baersek eta Konfederazioak elkarlanean jardun zuten Langile Mugimendu Kristauarekin, —Kristau Emakume Langileen Mugimendua bertako kidea zen— eta hainbat politikarirekin, adibidez, Cyrille Van Overbergh, Prosper Poullet, Paul Tschoffen eta Edmond Rubbensekin, beste batzuen artean.

Nazioarteko lana

Maria Baers Brasilgo Senatu Federalean (1949)

1919an, Baers Washingtonen egin zen Nazioarteko Lan Erakundearen Fundazio Kongresuan parte hartzera gonbidatu zuten, besteak beste, «gizarte-gaietan aditu gisa zuen ospe handiagatik».[37] Fama horrek ekarriko zion lanari buruzko nazioarteko kongresu ia guztietan ordezkari gisa partaide izatea. Horrez gain, auzi sozialen gaiez jarduten zuten «nazioarteko zenbait erakunde garrantzitsutan» ere parte hartu zuen; 1939an, adibidez, Maria Baers Nazioen Ligako Gizarte Gaietarako Batzordeko kide izendatu zuten, Belgikako ordezkari gisa.[37]

1921ean, Bruselan Langile Kristauen Nazioarteko Lehen Konferentzia egin zenean,[35] Maria Baers bertan izan zen eta bere iritziak azaldu zituen “emakumeen lanaren arazoari buruz”.[35]

1925etik aurrera, Mariak lan handia egin zuen nazioartean. Gizarte Lanerako Nazioarteko Batasun Katolikoko kide izan zen. 1927an, bertako idazkari nagusi izendatu zuten, eta 1950ean, presidente. Sindikatu Kristauen Nazioarteko Konfederazioan (CISC) ere oso aktiboa izan zen, Emakumeen Liga Katolikoen Nazioarteko Batasunaren batzordekide izan zen 1925etik 1952ra.

1925ean, Victoire Cappe, Maria Elisa Belpaire eta Isidoor Maus-ekin batera, mugimenduaren gizarte-laguntzaileen elkarteak eta eskola katolikoak bilduko zituen Gizarte Zerbitzuko Nazioarteko Batasun Katolikoa (UCISS) sortu zuen.[38]

1946an, Frantziako Familiaren, Haurren eta Adinekoen Kontseilu Gorenaren sortzaileetako bat izan zen, eta haren presidenteordea 1953 arte.

Lehen Mundu Gerra

Lehen Mundu Gerran lan sindikalak zailtasun handiak izan zituen normaltasunez garatzeko, eta azkenean bertan behera gelditu zen hainbat hilabetez.[39] Hala ere, Maria Baers eta Victoire Cappe laster ohartu ziren gerrak gehienbat gizonezkoen sindikatuei eragin ziela, eta Idazkaritza Nagusiaren jarduerak, berriz, ez zituela oztopatu; horregatik, bi sindikalistek Belgikako Emakume Kristauen Sindikatuen Idazkaritza Nagusiaren barne berrantolaketa egiteko aukera ikusi zuten.[39] Horrela, gerra ostean, emakume kristauen mugimendu soziala indartsu garatu zen, eta gero eta protagonismo handiagoa hartu zuen Belgikako bizitza sozialean.[40]

Gerra garaian, langabeen kopuruak nabarmen egin zuen gora, eta, horregatik, hainbat emakumek etxetik kanpo lan egin behar izan zuten beren familiak mantentzeko. Egoera horren aurrean, Idazkaritza Nagusiak, Maria Baers buru zuela, emakume langileen eta haien familien babesa bermatzeko eskueran zituen neurri guztiak hartu zituen, bereziki «Sorospen eta Elikadura Batzorde Nazionalaren zerbitzuen» bidez. [39] Horrez gain, Idazkaritza Nagusiak krisi-egoera aprobetxatu zuen emakume langileak beren prestakuntza gabeziaz jabetu zitezen kontzientziazio-kanpainak egiteko. «Langileentzat ordura arte erakargarri ez ziren prestakuntza-jarduera ugari» antolatu zituen, eta horrela, gero eta ikasketa-zirkulu eta liburutegi publiko gehiago sortu ziren.[39] Baina «etxeko trebetasunei buruzko ikastaroak» ere antolatu zituzten, emakumeak etorkizuneko ama eta emazte gisa prestatzen hasteko.[41]

Bigarren Mundu Gerraren ondoren

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Maria Baersek gizarte-gaietan konprometiturik segitu zuen. «Gero eta bidaia gehiago egin zituen atzerrira»[42], hainbat erakundek — Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak, Gizarte Zerbitzuaren Nazioarteko Konferentziak edo Nazioarteko Erakunde Katolikoen Konferentziak, adibidez— antolatutako kongresu eta konferentzietan parte hartzeko.[42]

Garapen bidean zeuden herrialdeen alde lan egin zuen, batez ere Kongon eta Hego Amerikan. Haietan, gizarte-ekimena eta landa-eremuko gizarte-langileen prestakuntza sustatu zituen.[1]

Heriotza

Maria Baers 1959ko abenduaren 30ean hil zen Bruselan. Anbereseko Deurne barrutiko Sint-Fredegandus hilerrian lurperatu zuten.[43] Marguerite De Riemaecker-Legot-ek, Belgikako lehen emakume ministroa izango zenak eta Maria Baers mentore izan zuenak, bere hileta-laudorioa egin zuen.[44]

Esker onak

  • 1961eko martxoaren 16an “Fonds Maria Baers” irabazi-asmorik gabeko elkartea sortu zen[45], bere memoria gordetzeko helburuarekin. 2 edo 3 urterik behin diru-laguntza bat ematen du Maria Baers-en lanari buruzko ikerketak edo azterketak bultzatzeko.[45]
  • Maria Baersek, gainera, honako errekonozimendu hauek jaso zituen:
    • Belgikako Koroaren ordenako zalduna
    • Leopoldo erregearen ordenako ofiziala
    • Pro Ecclesia et Pontifice gurutzea
  • 1949an, Txileko Santiagoko Unibertsitateko (Txile) Doctor honoris causa izendatu zuten Zientzia Juridiko eta Sozialetan.
  • Bruselako Komunitate flandriarreko auditorium bati Maria Baers izena jarri diote.
  • 1970ean, Luc De Decker-ek eta Jean De Vos-ek diseinaturiko seilu bat argitaratu zuten.[46]
  • Ganteko (Wondelgem) kale batek bere izena darama.[47]

Erreferentziak

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Maria Baers» artikulutik itzulia izan da, 2024-07-20 data duen 216947880 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2024-07-20 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. a b c (Nederlanderaz) «Nationaal Biografisch Woordenboek» Koninklijke Academie voor Nederlandse Taal en Letteren, Koninklijke Academie voor Geneeskunde van België Partie 1, 69,70 2020-12-23 (kontsulta data: 2025-04-02).
  2. (Nederlanderaz) Van Goethem, Herman. (2019). 1942: het jaar van de stilte. Pelckmans ISBN 978-94-6310-373-2. (kontsulta data: 2025-04-02).
  3. a b c Keymolen, 1985, or. 44. liburukia, 5. or.
  4. (Nederlanderaz) Brumagne, Eva. (2019-05-7). «Ode aan Maria Baers, de geestelijke moeder van Femma» Femma (kontsulta data: 2025-05-11).
  5. a b Gubin eta Van Moole, 1998, or. 34.
  6. Matheve, 2014, or. 494
  7. Gubin eta Van Moole, 1998, or. : 69, 107, 281.
  8. Gubin eta Van Moole, 1998, or. : 62, 249.
  9. Gubin eta Van Moole, 1998, or. : 37.
  10. Gubin eta Van Moole, 1998, or. : 38, 249.
  11. Gubin eta Van Moole, 1998, or. : 282.
  12. Gubin, Dupont-Bouchat eta Nandrin, 2006, or. : 35.
  13. (Nederlanderaz) Verzelen, Wim. «1920 Sociale scholen - Canon Maatschappelijk werk Vlaanderen, Details» www.canonsociaalwerk.eu (kontsulta data: 2025-05-11).
  14. (Nederlanderaz) «Nationaal Biografisch Woordenboek» resources.huygens.knaw.nl (kontsulta data: 2025-05-11).
  15. Gubin eta Van Moole, 1998, or. 281.
  16. Gubin eta Van Moole, 1998, or. 283.
  17. Gubin eta Van Moole, 1998, or. 286.
  18. Gubin, Dupont-Bouchat eta Nandrin, 2006, or. 33.
  19. a b c d e f g Gubin, Dupont-Bouchat eta Nandrin, 2006, or. 34.
  20. a b c d (Nederlanderaz) Van der Auwera, Gerd. (2001). «Nazi-ideologie en verplichte tewerkstelling van Belgische vrouwen in de Tweede Wereldoorlog: een confrontatie.» www.ethesis.net (kontsulta data: 2025-05-02).
  21. a b c d e Biographie nationale eta 1985, 7. liburukia, or. 44.
  22. (Nederlanderaz) Verzelen, Win. «1920 Sociale scholen - Canon Maatschappelijk werk Vlaanderen, Details» www.canonsociaalwerk.eu (kontsulta data: 2025-05-11).
  23. (Frantsesez) Ben Djaffar, Lamya. (2007). Les mémoires de l’École catholique de service social : une source inédite. www.carhop.be (kontsulta data: 2025-05-02).
  24. Jacques, 2009, or. 33.
  25. Gubin, 1998, or. 272.
  26. a b c Gubin, Dupont-Bouchat eta Nandrin, 2006.
  27. a b Jacques, 2009, or. 36.
  28. (Nederlanderaz) Van der Auwera, Gerd. (2001). «Nazi-ideologie en verplichte tewerkstelling van Belgische vrouwen in de Tweede Wereldoorlog: een confrontatie.» www.ethesis.net (kontsulta data: 2025-05-02).
  29. a b c Biographie nationale, 1985, 44. liburukia. 6. or.
  30. a b Wynants eta Gérard, 1994, or. 339.
  31. a b Peemans-Poullet, 1991, or. 81.
  32. Wynants eta Gérard, 1994, or. 352.
  33. Wynants eta Gérard, 1994, or. 341.
  34. a b Wynants eta Gérard, 1994, or. 340.
  35. a b c Courtois, Pirotte eta Rosart, 1991, or. 65.
  36. a b c d Peemans-Poullet, 1991, or. 146.
  37. a b Biographie nationale, 1985. 44. liburukia, 9. or.
  38. Wynants eta Gérard, 1994.
  39. a b c d Wynants eta Gérard, 1994, or. 343.
  40. (Nederlanderaz) Van der Auwera, Gerd. (2001). «Nazi-ideologie en verplichte tewerkstelling van Belgische vrouwen in de Tweede Wereldoorlog: een confrontatie.» www.ethesis.net (kontsulta data: 2025-05-02).
  41. Wynants eta Gérard, 1994, or. 344.
  42. a b Biographie nationale, 1985, 44. liburukia, 10. or..
  43. ODIS. .
  44. (Frantsesez) De Riemaecher, Christian Vincent Paul. Marguerite De Riemaecher-Legot, notre première femme ministre. Marche-en-Famenne: E. Bastin, 11-12 or..
  45. a b Payne, 2015-2016, or. 10.
  46. (Ingelesez) «7 + 3 Francs 1970 - Maria Baers, Person-Personality - Belgium - Stamp - 12938» www.allnumis.com (kontsulta data: 2025-05-11).
  47. (Frantsesez) «Annuaire des rues de Wondelgem, Gand» rues.openalfa.be (kontsulta data: 2025-05-11).

Kanpo estekak

Bibliografia

  • Biografisch repertorium der Belgische parlamentairen, senatoren en volksvertegenwoordigers 1830 tot 1.8.1965, R. Devuldere, Gante, R.U.G, Historiako lizentziatura-tesi argitaragabea, 1965.
  • (Frantsesez) Keymolen, Denise. (1985). «BAERS (Maria-Gabriella)» Biographie Nationale. 44. liburukia Bruxelles: Emile Bruylant, 5-16 or..
  • (Frantsesez) Courtois, L; Pirotte, J; Rosart, F. (1991). Femmes des années 80 : un siècle de condition féminine en Belgique ( 1889-1989). Louvain-la-Neuve: Academia.
  • (Frantsesez) Gubin, E; Dupont-Bouchat, M.-S; Nandrin, J.-P. (1991). Dictionnaire des femmes belges : XIXe et XXe siècles. Bruxelles: Racine.
  • Gubin, E.. (1998). «Les femmes d’une guerre à l’autre. Réalités et représentations 1918 – 1940» Brijdragen tot de Eigentijdse Geschiedenis (4)..
  • (Frantsesez) Gubin, E; Van Moole, L. (1998). Femmes et politique en Belgique. Bruxelles: Racine.
  • (Nederlanderaz) Van Moole, L. (1969). Het Belgisch parlement 1894-1969. Gante: Erasmus.
  • (Frantsesez) Jacques, Catherine. (2009). «Le féminisme en Belgique de la fin du 19e siècle aux années 1970» Courrier Hebdomadaire du CRISP 2012-2013: 5-14..
  • (Nederlanderaz) Matheve, Niels. (2014). «Une république des Camarades ? Selectie van ministers in het tussenoorlogse België» Revue belge de Philologie et d'Histoire 92-2: 475-498..
  • (Nederlanderaz) Payne, Matthias. (2014). De politieke en juridische rol van Maria Baers (Zuzenbideko gradu-ondoko tesia, D. Heirbaut doktoreak zuzendua). Université de Gand.
  • (Frantsesez) Peemans-Poullet, H. (1991). Femmes en Belgique XIXe – XXe siècles. Bruxelles: Université des femmes.
  • (Frantsesez) Wynants, P; Gérard, E. (1994). Histoire du mouvement ouvrier chrétien. Leuven University Press. (Artxiboa)

Content Disclaimer

Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.

  1. The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
  2. There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
  3. It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
  4. Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
  5. Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.
Prefix: a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z 0 1 2 3 4 5 6 7 8 9

Portal di Ensiklopedia Dunia

Kembali kehalaman sebelumnya