Share to:

María Fasce

María Fasce
Bizitza
JaiotzaArgentina, 1969 (56/57 urte)
Herrialdea Argentina
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta literaturan aditua
Jasotako sariak

María Fasce (Buenos Aires, Argentina, 1969) idazle, itzultzaile eta editorea da. 2002 urtetik Espainian bizi da.[1]

Bizitza

Letretan lizentziatu zen Salvadorreko Unibertsitatean eta Saboiako Unibertsitatean.

Lan ibilbidea

Besteak beste, Proust eta Patrick Modiano idazleen lanak itzuli ditu.[2]

2020 urteko urtarriletik Alfaguara, Lumen eta Reservoir Books argitaletxeen zuzendari literarioa da Penguin Random House izeneko talde editorialean, eta 2013 urtetik Alfaguara eta Taurus argitaletxeko zuzendari editoriala izan da. Aurretik, Alfaguarako editore exekutiboa (2008-2013), Norma argitaletxeko zuzendaria (2008), Edhasa argitaletxeko editorea (2004-2005), Grupo Santillana argitaletxekoa (1998-2002), Planeta argitaletxekoa (1996-1998) eta Emecé Editores argitaletxekoa (1995-1996) izan zen.[3][4][5]

Editore lanean, hainbat idazle garaikideren lanak biltzen ditu: Lucia Berlin, John Banville, Pierre Lemaitre, Joyce Carol Oates, Rodrigo Rey Rosa, Joël Dicker, David Foenkinos, Luca D'Andrea, Franz-Olivier Giesbert, Agnès-Martin Lugand, Tony Judt eta Fréderic Martée. Fascek bere hastapenen berri eman zuen: "24 urterekin heldu nintzen nintzen hara [Editorial Planetara]. Planeta Sarirako nire irakurketa txostenek Willie Schavelzon-i deigarri egin zitzaizkion, eta kontratatu egin ninduen. Inork editatu nahi ez zituen liburuak editatzen hasi nintzen: sukaldaritza eta kirolak, kioskoetan saltzeko poesia antologiak ere bai, eta Juan Jose Saer editatzen bukatu nuen Seix Barral Argitaletxean. Planeta eskola zoragarria izan zen, eta haiek kontrako norabidean zihoazen arren, edozein liburu mota maitasun eta xehetasun berarekin zaindu behar zeln uste sendoa indartu zidan".[5][6]

Bere lehen lana Abelardo Castillori (Emecé Editores, 1998) egindako elkarrizketa liburua izan zen, El oficio de mentir, non egileak eta elkarrizketatuak Jorge Luis Borges, Roberto Arlt, Julio Cortázar eta Leopoldo Marechal idazle argentinarrei buruz duten ikuspegia islatzen duten.

Idazleak elkarrizketa horietan izandako esperientzia kontatu zuen: "Orduan ulertu nuen gizon horrentzat liburuak, egileak eta pertsonaiak beste edozein pertsona baino biziago eta errealago zeudela, Sylvia emaztea eta katua izan ezik. Hiru urtez irakurri eta entzun nuen eta elkarrizketa eternal hori elkarrizketa liburu bihurtu zen."[7]

Une horretatik aurrera Fascek ipuinak eta eleberriak tartekatzen hasi zen. Idazleak bere zaletasuna azaldu zuen: "Ez dakit horixe [ipuina] den gehien idaztea gustatzen zaidana, baina bai zailena dela, nolabait nobela batek momentu txarrak edo ez hain interesgarriak jasan ditzakeelako, baina ipuin batek ez. Ipuinean dena ona izan behar da, eserialdi batean amaitu nahi izan behar duzu eta marka bat utzi behar dizu. Eleberria lagun duzu: zurekin egiten du bidaia."[8]

La felicidad de las mujeres (Planeta argitaletxea, 2000) lanean, María Fascek hamabi kontakizun bildu zituen, eta kontakizun horietan bere lanean behin eta berriz agertzen ziren zenbait elementu, hala nola emakumeen sexualitatea, ama-seme-alaben arteko harremanak edo bikote-harremanak. Lanak 1999 urtean Argentinako Arteen Funts Nazionalaren Saria jaso zuen. Bere La señorita Julia ipuina, La felicidad de las mujeres liburuan sartua, Ana María Matute Sariaren finalista izan zen 1998 urtean. Protagonisten emetasunari buruz hauxe esan zuenFascek:

"Emakume bat naizenez, gizonen gaineko begirada femeninoa da. Zergatik emakumeei buruz? Emakumeei buruzko ipuinak baino gehiago maitasun ipuinak dira. Liburuak 'Felicidad' izenburu soila izan zezakeen. Eta nola gorde zorion hori. Niri eguneroko tragediak interesatzen zaizkit. Badago atentzioa ematen didan zerbait, eta horri buruz idazten dut, ulertzeko. Edonori gerta dakizkioke horrelako gauzak. Oso zaila da norbaitek bere buruaz beste egitea, gose delako edo dirurik ez duelako. Abandonatua den pertsona batek sentitzen duen minak suizidioa eragin dezake. Literaturak, azken buruan, horretaz arduratu behar du; beste batzuek arduratu daitezela goseaz edo pobreziaz. Kezkatzen eta obsesionatzen nauena kontatzea da dudan konpromiso bakarra".[9]

Lehenengo eleberrian, La verdad según Virginia (Editorial Planeta, 2004) izenekoan, Fascek Virginiaren istorioa kontatu zuen, senar eta semearekin batera Buenos Airesen bizi zen editore batena, 2001ean aspaldiko maitea etxean jasotzen zuena. Desira, ezkontza-sekretuak, desleialtasuna, eta protagonistaren iraganerako itzulera emozionalaren deserosotasuna uztartu zituen liburuan. Virginia, idazlearen hitzetan,

"segurtasun bako emakumea da, inozoa gauza askotan, asegabea, emakume asko bezalakoa. Ni bezala zati txiki batean, edo ez hainbeste; tira, protagonista baino pixka bat hobea izatea espero dut. Bai pelikuletan bai liburuetan gustatzen zait irakurleak beti pertsonaiek baino pixka bat gehiago jakitea, egoera ikusten egotea, konturatuz Santiago ez dela berak ikusten duen bezalakoa, ezta urrunetik ere, eta senarra ere ez dela hain ergela. Virginiak uste du bera dela sekretu bat duen bakarra, baina denek ezkutatzen dute zerbait".

La Vérité selon Virginia frantsesez argitaratu zuen hasieran Reditions Gallimardek.[1]

El mar (2006) antzezlana Buenos Airesen eta Bartzelonan taularatu zen Gabriela Izcovichen zuzendaritzapean. Idazleak La felicidad de las mujeres liburuko protagonista erreskatatu zuen El mar filmean, itsu bihurtzean utzi behar zuen gizonaren maitasuna berreskuratu zuen eta. Eta Clara ere ekarri zuen gogora, Maria Fascek kaleratu ez zuen beste ipuin bateko protagonista, obra horretan ez dagoena, baina senarrak eta lagunak etengabe aipatzen duten emakume indartsu eta segurua. Horrela, El mar istorioko pertsonaiak, kontraesankorrak eta hurbilak dira aldi berean. Urrats bakoitzean baldintzaz aldatzen den zoriona bilatzen dute, itsasoa bezala. Fasce dramagintzan jardun zuen.[10]

Bere hurrengo lana beste ipuin liburu bat izan zen, A nadie le gusta la soledad (Emecé Editores, 2007). Liburuak hamabi kontakizun labur bildu zituen, Diario de una madre barne, kutsu autobiografiko nabarmenekoa. Lan horri buruz, kritikak uste du "Fascek beste behin ere frogatzen duela bere pertsonaien aldarteen behatzaile eta itzultzaile handia dela; sakon aztertzen ditu ironia basatiz, baina fintasuna galdu barik"; "Musika sinple eta sofistikatu bat entzuten da Maria Fascen, standardak entzuleengan tradizio biziak zirenean, 50eko hamarkadan bertsionatutako standard bat bezala. Bariazioak, kafearen gai klasikoei buruzko inprobisazioak, bukgabe ugaritzen eta itxuraldatzen diren horietakoak: zoriona, bakardadea, tristura, ahanztura. Ahots gozo baina maskulino bat da, zalantza barik kontakizunen egilea."[11][12]

La naturaleza del amor (Emecé Editores, 2008) lanean, nobelara itzuli zen Fasce. Saint-Nazairen Maison des Écrivains Étrangers et des Traducteurs delako bekari esker idatzi zuen lana, eta Ana izeneko editore gazte baten istorioa kontatu zuen lan horretan: Buenos Aires utzi eta Errumaniara, Europara joan zen, 2001 urteko krisi ekonomikoa , eta forma hartu ez zuen maitasun batek bultzatuta. Bartzelonan zegoela, beste bidaia bati ekin zion protagonistak. Chick lit generoarekin obraren antzekoak aipatu zituen kritikak: "Fasceren heroiak emakume mundutar, adimentsu eta ziklotimikoak dira, eta haien helburu nagusia buztinezko oinak dituzten printze urdinak bilatzea dela dirudi: Cosmopolitan aldizkariaren dark bertsio baten koordenatuekin eraikitako gizonak."[13]

Bere Dos extraños (2012) lan argitaragabeak Buenos Aires Hiriko Gobernuaren Saria jaso zuen eta finalista geratu zen Nadal Sarian.

La mujer de isla negra (Alianza Editorial, 2015) izan zen Maria Fasceren hurrengo lana, Amsterdamgo Writers in Residence programan idatzia. Maitasun nobela izan zen, sentsualitatez eta tentsioz betea. Gertakari eta pertsonaia errealetan oinarritu zuen, Fascek Pablo Neruda eta bere ingurua erakutsi zituen 1953 eta 1961 urteen artean, izen bereko Txileko Isla Negra herrian, idazle eta poeta txiletarrak bere herrialdean zituen hiru etxeetako bat bertan zegoen eta. Lan horri buruz, kritikak zera adierazi zuen:

"Asmatu egiten du idazle eta editoreak istorioa Elisaren begiradatik berreraikitzen duenean, eta bere amarekin Pablo Neruda bizi zen etxe ospetsura iristen da. Egitura nabarmeneko lehen kapituluetan, eta beharbada tentsio handienekoetan, Elisaren pubertaroa esnatzen da, poeta unibertsalaren pixkanakako ezagutzak erdibitua"; "Idazkera soil baina sentsualitatez beteak subjektiboki eta taxuz itzultzen ditu Elisaren sentimen-inpresioak eta gogo-berezitasunak".[14][15]

Eleberri horien ondoren, María Fasce kontakizun-liburuetara itzuli zen Un hombre bueno (Editorial Algaida, 2016) liburuarekin, "Cortes de Cádiz" Kontakizunen Iberoamerikako XII. Saria jaso zuena, eta Buenos Aires Hiriko Gobernuaren Saria kontakizun-liburu argitaragabeari eman ziona. Liburuak hamalau ipuin labur bildu zituen, egileak aurretik ere aztertu zituen gaiei lotuak: maitasuna, desira eta bakardadea.[16]

2023 urtean Las vidas de Elena (Edhasa) kaleratu zuen, artearen eta desioaren botere konpontzailea arakatzen zuen maitasun istorioa. 2021 urteean Café Gijón sariaren finalista izan zen.[17] Lan horretan, egileak "zerbait ikaragarria gertatu zitzaion eta berriro bizitzan sartu behar zuen norbaiten bilakaera aztertu nahi izan zuen"[18]. Nobela hori "etorkizuneko zorionak helmuga zituzten giza bilaketei buruzko liburua izan zen, horrek guztiak urruti eta ezinezkoa ematen badu ere".[19]

2024 urtean, El final del bosque lanak Café Gijón Saria jaso zuen,[20] "zalantza bako gaitasun formala eta hegaldi estilistiko ukaezina zuen" lan bat.[21] Idazlearen hitzetan, "oso eleberri zaila, intimista eta nobela beltzaren puntu bat duena" da;[22] "Bere sorrera amesgaizto bat izan zen, non asaldatuta esnatu nintzen. Berehala, ametsetan ari nintzena idatzi nuen nire ohar-koadernoan: nire bi haurrideak eta ni basoko txabola batean, bertatik gizon bat lurrean etzanda ikusten dudala. Horixe izan zen nobelaren jatorria. Gogo biziz idazten hasi nintzen, eta baita txundituta ere, azkenean nobela beltz bat eskuartean nuela uste nuelako; izan ere, nire bilbe guztiak konpontzeko edo argitzeko zerbait dagoela pentsatuz eraikitzen baditut ere, inoiz ez dut genero nobelarik idatzi, eta inoiz ez dut krimen bat kontatu. Horrelaxe hasi nintzen hiru haurride hauen istorioa idazten basoan, baina, beti gertatzen den legez, batek idazten du eta bilbea eraikitzen doa, zelan egingo duen aurrera jakin barik, gauza batzuk idatzi bitartean deskubritzen dira eta. Horixe da dibertigarria".[23] Nobela Siruela Edizioetan argitaratu zen 2025eko urtarrilean. Lan horretan honako hau nabarmendu zuen kritikak: "Nobela familiarra eta psikologikoa, giza izaera anbibalentearen ezagutza intimoa agerian uzten duena; liburua, era berean, maitasun istorioa da, literaturari, zientziari, pinturari eta argazkigintzari buruzko gogoeta zehatz eta arinekin uztartua."[24]

Halaber, 2024 urtean, Letren Andaluziako Zentroak María Fasceri Malaga hiriko bere Literatur Egoitzetako bat eman zion, nobela berri baten proiekturako.[25]

Estiloa

Idazle gisa, Ernest Hemingway, John Cheever, Lorrie Moore, Siri Hustvedt eta F. Scott Fitzgeralden eragina du bere estiloak. Bere narratibak

"lurrazpiko istorio indartsua du, eta hartatik puntu txikiak azaleratzen dira: tontakeria bat kontatzen dela dirudi, garrantzitsuena azpian dagoelako".

Kritikak bere estiloari egin dio erreferentzia:

"Detaile minimoen behatzaile bikaina da, eta sentiberatasun berezia du gogo-aldarte aldaketa sotiletarako, eta halako umore ezkutu bat, garratz samarra; Hizkera fresko eta lagunartekoa erabiliz, egoerarik gatazkatsuenak kontatu arren, Fascek bere istorioak argitzen ditu --Becketten kontakizun onenetan edo Greyace Pal-en miniatura iraingarrietan, esaterako--, iraganeko maitasun-ordenak kontatzen dakien bonba batek bezala; eta Maria Maitasun nahasiak kontatzen ditu."[1][26][27][28]

Bere lana alemanera, frantsesera, nederlandera, ingelesera, portugesera eta errusierara itzulia izan da.

Lanak

  • El oficio de mentir (Emecé Editores, 1998)
  • La felicidad de las mujeres (Editorial Planeta, 2000)
  • La verdad según Virginia (Editorial Planeta, 2004)
  • El mar (inédita, 2006)
  • A nadie le gusta la soledad (Emecé Editores, 2007)
  • La naturaleza del amor (Emecé Editores, 2008)
  • Dos extraños (inédita, 2012)
  • La mujer de isla negra (Alianza Editorial, 2015)
  • Un hombre bueno (Editorial Algaida, 2016)
  • Las vidas de Elena (Edhasa, 2023)
  • El final del bosque (Ediciones Siruela, 2025)

Frantseserako itzulpenak

  • La Vérité selon Virginia, Vincent Raynaud-en itzulpena La verdad según Virginia, Gallimard, 2004 ISBN 978-2070732968
  • Blue Sofa, Vincent Raynaud-en itzulpena, Les bonnes nouvelles de l'Amérique latine, Gallimard, 2010 ISBN 978-2-07-012942-3

Sariak eta aintzatespenak

  • 1999an, Argentinako Arteen Funts Nazionalaren Saria, La felicidad de las mujeres lanagatik
  • 2012an, Buenos Aires Hiriko Gobernuaren Saria Dos extraños Nobela argitaragabearekin
  • 2015ean, Iberoamerikako "Cortes de Cádiz" kontakizun saria Un hombre bueno lanarekin
  • 2015ean, Buenos Aires Hiriko Gobernuaren Saria, Gizon on bat kontakizun-liburu argitaragabearekin
  • 2024an, Café Gijón saria, El final del bosque lanarekin

Erreferentziak

  1. a b c Angel Berlanga. «Entrevista a María Fasce» Página12.
  2. «María Fasce en Linkedin» Linkedin.
  3. «María Fasce: libros y biografía autora» Lecturalia.
  4. Daniel Divinsky. (28 de septiembre de 2019). «María Fasce, la editora que aprendió a manejar el narcisimo de los escritores - TN.com.ar» Todo Noticias.
  5. a b «María Fasce en Linkedin» Linkedin.
  6. Karina Sainz Borgo. «María Fasce: “El mercado editorial español es el más agresivo del mundo”» Zenda.
  7. María Fasce. «El hombre que odiaba los aviones» El País.
  8. «Entrevista: María Fasce, directora literaria de Alfaguara» Libros, instrucciones de uso.
  9. Diego Gándara. «Entrevista con María Fasce» Jornada Semanal.
  10. «La argentina Gabriela Izcovich lleva a escena a dos parejas en crisis en su regreso a la Sala Beckett» Europa Press.
  11. Silvina Friera. «Una explosión de narrativas para todo gusto» Página12.
  12. Luciano Piazza. «Las intermitencias del corazón» Página12.
  13. Flavio Lo Presti. «Tropiezos de la mirada femenina» La Voz.[Betiko hautsitako esteka]
  14. «Writer in Residence Programme 2009: Maria Fasce is WIR in Amsterdam» Letterenfonds.[Betiko hautsitako esteka]
  15. Francisco Estévez. «María Fasce: La mujer de Isla Negra» El Imparcial.
  16. «María Fasce gana el Premio Cortes de Cádiz de Relatos» Diario de CádizNotimerica.
  17. «Las vidas de Elena» Edhasa.
  18. Silvina Friera. «María Fasce: "Retuerzo el dolor hasta que aparece el absurdo o el humor involuntario"» Página 12.
  19. Walter Lezcano. «María Fasce: "Me gustan los escritores que corren riesgos, como Haruki Murakami y Patricia Highsmith"» Clarín.
  20. «María Fasce gana el Premio Café Gijón por una novela sobre la frontera de la razón y la locura» El Mundo.
  21. «'El final del bosque', de María Fasce, Premio de Novela Café Gijón 2024» Gijón.es.
  22. Loli Ros. «10 preguntas a María Fasce» El almacén de libros.
  23. Yolanda Cardo. «María Fasce: "El nuevo 'boom' latinoamericano está protagonizado por mujeres"» Letra Global.
  24. Ioana Gruia. «Escribir lo impenetrable» Infolibre.
  25. «La Consejería de Cultura selecciona nueve proyectos en la primera convocatoria de residencias literarias» Infobae.
  26. Elvio Galdolfo. «Opiniones de la crítica» Noticias.
  27. Miguel Russo. «Opiniones de la crítica» Ventitrés.
  28. Isabelle Lortholary. «Opiniones de la crítica» Elle.

Kanpo estekak

Content Disclaimer

Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.

  1. The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
  2. There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
  3. It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
  4. Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
  5. Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.
Prefix: a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z 0 1 2 3 4 5 6 7 8 9

Portal di Ensiklopedia Dunia

Kembali kehalaman sebelumnya