Pennsylvania[1]Ameriketako Estatu Batuetako ipar-ekialdeko estatu bat da. Hiriburua Harrisburg du, baina hiri nagusia Filadelfia da. Guztira, 12,5 milioi biztanle dituenez (2007), Estatu Batuetako estatu jendetsuenen artean seigarrena da. 119.283 km2 ditu.
Pennsylvanian algonkin herriak bizi ziren europarrak hara iritsi zirenean. Suediarrek (1643) eta alemaniarrek (1647) ezarri zituzten lehen kolonia europarrak, baina 1664an ingelesak nagusitu ziren lurralde honetan. 1681ean, William Penn kolonoaren jabego bihurtu zen.
Sezesio Gerra hasi zenean (1861), gune militar garrantzitsua egin zuten Pennsylvania, eta Gettysburg hirian eskuratu zuten batasunaren aldekoek gerrako garaipen sonatuenetako bat. Gerra amaitutakoan, lehen mailako industria, merkataritza eta finantzagune bilakatu zen Pennsylvaniako estatua.
Ekonomia
Ekonomia jarduera nagusiak dira nekazaritza (garia, garagarra, barazkiak, artoa, fruitu arbolak, behi eta ardi azienda) eta, batez ere, industria (Pittsburgh da Estatu Batuek izan duten altzairugintzako lehen gunea). Lurpeko aberastasunen ustiakuntza (ikatz, petrolio eta gas hobiak) urritu egin zen Lehen Mundu Gerraz geroztik, baina industria mota asko garatu da hiri nagusien inguruan (Filadelfia, Pittsburgh, Bethlehem, Harrisburg): janari industria, kimika industria, tresneria elektrikoa, altzairugintza, ehungintza, automobilgintza. Filadelfia, Pittsburgh eta Erie dira estatuko portu nagusiak, eta lehen bi hirietan daude, halaber, bi aireportu garrantzitsuenak.