Share to:

Perforina


Perforina immunitate-sisteman parte hartzen duen proteina bat da.[1] Bere funtzio nagusia organismoarentzat arriskutsuak diren zelulak hiltzea da.[2] Bi linfozito motek sintetizatu eta jariatzen dute: T linfozito zitotoxikoek eta NK (Natural Killer) linfozitoek. Proteina hau 10. kromosomako q22 eskualdean dagoen geneak kodetzen du, eta antzekotasun nabarmenak ditu mintzaren eraso-konplexua (MAC) eratzen duten proteinekin; sistema osagarriaren azken bideetako bat da, zeinaren emaitza zelulen lisia den.[3] Perforina immunitate-sistemaren erregulazioan parte hartzen duten molekulen multzoaren barruan kokatzen da, beste entzima batzuekin batera. Zehazki, MACPF (Membrane Attack Complex/Perforin) proteinen familiakoa da, hau da, mintzean poroak eratzeko gaitasuna duten proteinen multzokoa.[4]

Egitura aldetik, poroa sortu aurretik perforinak egitura globularra du, obalatua eta pixka bat irregularra, 60-80 Å inguruko diametroarekin. Bere gainazalean eremu hidrofiliko ugari daude, eta barrualdea trinkotua eta tolestuta agertzen da.[5]

Hala ere, poroa sortu ondoren, proteinaren egituran aldaketa nababarmena gertatzen da: egitura zirkularra mantentzen duen arren, “eraztun” moduko konformazioa hartzen du, hainbat perforina molekula elkartzean erdialdean zulo bat eratuz.[1] Diametroa handitu egiten da (150-250 Å ingurura), eta erdian espazio zirkular bat agertzen da. Egitura horrek, barne kanal hidrofiliko sortzen du, mintzean txertatutako zilindro huts txiki baten antzekoa. [5][4]

NK linfozito baten irudia

Organismoan duen garrantzia

Mintzak desegiteko duen gaitasunak perforina ezinbesteko bihurtzen du organismoaren sistema immunologikoan. T linfozito zitotoxikoek zein NK linfozitoek perforina jariatzen dute, eta, horrela, patogeno askoren aurkako lehen defentsa-lerroa osatzen dute, bereziki infekzio birikoen eta bakterioanoen aurrean.[4][6] Perforinari esker, sistema immunologikoak bakterio patogenoen eta zelula infektatuen (adibidez, ziklo litikoan dauden zelulen) lisia eragin dezake.[6]

Horrez gain, proteina hau funtsezkoa da minbizi-zelulen lisian, eta horrek interes handia pizten du medikuntzan aplikazio potentzialagatik. Hala ere, zenbait egoeratan perforinak ondorio kaltegarriak ere izan ditzake, hala nola transplante alogenikoetan gertatzen den arbuio immunologikoan parte har dezake.[7]

Egitura

Perforina, 555 aminoazido inguruz osatuta dagoen glikoproteina globular bat da. Bere pisu molekularra, 66 kDa eta 70 kDa bitartekoa da; aldakortasun hori itzulpen-osteko eraldaketen ondorio da, bereziki N-glikosilazio guneetan gertatzen den karbohidratoen eransketarena. [5][4][8][9]

PDB 3NSJ. Alfa helizeen eta beta xaflak argi ikusten dira hemen.

Perforinaren egitura, hainbat domeinu funtzionaletan bereizten da:

Domeinuak

MACPF domeinua

MACPF domeinua perforinaren egitura funtzional nagusia da. Domeinu honek poroa eratzeko beharrezkoak diren aldaketa konformazionalak jasaten ditu, prozesu horretan α-helizeak desegituratu eta mintzean txertatzen diren β-xafla egituretan berrantolatzen dira. Horri esker, hainbat monomero elkartu eta mintz biologikoan poro egonkor bat osatzen dute.[4][5]

C-terminaleko C2 domeinua

C-terminaleko muturrean C2 domeinua dago eta mintzaren fosfolipidoekin interakzioa ahalbidetzen duen eskualdea da. Bere funtzionamendua kaltzio ioien (Ca²⁺) presentziaren menpekoa da. Domeinu hau funtsezkoa da proteinaren aktibaziorako.[9]

PDB 3NSJ. N-terminal muturrean beta orriak ikusi daitezke

Domeinu N-terminala

N-terminal muturrak ez du zuzenean poroaren egituran parte hartzen, baina egituraren egonkortasun orokorrean eta proteinaren antolamendu egokian funtsezko rola betetzen du.[9][5]


PDB 3NSJ. Perforinaren egitura sekundario nagusiak adierazten dira. Horiz beta orriak eta arrosaz alfa helizeak.


Funtzioa eta sintesia

Perforinaren funtzio nagusia zitotoxikoak diren T linfozitoek eta NK zelulek patogenotzat identifikatutako zelulen mintza kaltetzea da, horien heriotza eraginez. Horrela, organismoak infektatutako zelulak eta minbizi-zelulak ezabatu ditzake, gaixotasunen hedapena mugatuz.[1] [4]

Funtzio hori dela eta, perforina oso proteina toxikoa da. Horregatik, bere ekoizpena eta biltegiratzea mekanismo zorrotzen bidez kontrolatzen da, zelula ekoizleen autolisia saihesteko. Perforina sintetizatu ondoren, erretikulu endoplasmatikotik igarotzen da[9][10]. Organulu honetan mintzetan poroak sortzeko baldintzak egokiak izan daitezkeen arren, perforinaren C-terminal muturrak erretikulo endoplasmatikotik azkar ateratzea ahalbidetzen du, jarduera goiztiarra saihestuz.[10][9]

Ondoren, perforina granulu jariatzaile espezializatuetan metatzen da; granulu horiek barne-ingurune azidoa dute, eta horrek perforinen arteko agregazioa eta mintzetan poroen sorrera eragozten ditu. Azkenik, granulu horiek mintz plasmatikora garraiatzen dira, eta perforina exozitosi bidez askatzen da zelula patogenoak erasotzeko.[4]

Aplikazioak

Perforinaren propietate bereizgarriek hainbat aplikazio-aukera eskaintzen dituzte, eta proteina honen inguruko ikerketek zenbait gaixotasunen tratamendua hobetzeko bideak ireki dituzte.

B linfomaren tratamendua

B linfomaren tratamenduan, pazienteen perforina aldaerek tratamenduarekiko erantzunean eragina izan dezaketela frogatu zen Alemanian egindako RICOVER-60 entseguan. Normalean, linfomen tratamendurako CHOP protokoloa erabiltzen da (ziklofosfamida, doxorubicina, vincristina eta prednisona barne), eta rituximab antigorputza gehitzen denean R-CHOP deritzo, NK eta T linfozito zitotoxikoek tumore-zelulak ezabatzea errazten duelako.

RICOVER-60 entseguan 501 gaixo aztertu ziren, eta horien %12k PRF1 genearen A91V perforina-aldaera zuten. Aldaera horrek perforinaren funtzio zitotoxikoa murrizten du, eta zenbait gaixotasun immunologikorekin lotu izan da. Emaitzek erakutsi zuten CHOP tratamenduaren ondoren A91V aldaera zuten pazienteen %81ek bizirik jarraitzen zutela 36 hilabetera, eta perforina normala zutenen artean ehuneko hori %64koa zela. R-CHOP tratamenduan, ordea, A91V eramaileek ez zuten onura gehigarririk erakutsi, eta perforina normala zuten pazienteek hobekuntza nabarmena izan zuten, %79ko biziraupen-tasarekin 36 hilabetetan. Horrela, ondorioztatu zen A91V aldaera duten pazienteek CHOP tratamenduarekiko erantzun hobea dutela, eta rituximabaren onura mugatuagoa izan daitekeela kasu horietan, linfomaren agresibitate txikiagoarekin lotuta egon daitekeelarik.[11]

SARS-CoV-2 birusaren egitura.

COVID-19aren tratamendurako aukerak

SARS-CoV-2k eragindako infekzioaren aurkako immunitate-erantzunean, perforinak funtsezko zeregina du. Hainbat faktorek mugatu dezakete haren sintesia, eta horrek lotura izan dezake COVID-19aren forma larriak garatzen dituzten arrisku-taldeekin.

Adineko pertsonetan (70 urtetik gorakoetan), NK linfozitoek perforina gehiago kontsumitzen dute eta estimulu immunologikoen aurrean sintesi-erantzun txikiagoa dute, eta horrek defentsa antibirala ahultzen du. Era berean, obesitatea eta 2 motako diabetes melitusa duten pazienteek perforina-maila txikiagoak izan ohi dituzte, eta horrek infekzioaren larritasuna areagotu dezake.

Egoera horren aurrean, perforina-ekoizpena handitzeko eta erantzun antibiral zelularra indartzeko zenbait terapia ezberdin probatzen hasi dira. Alde batetik, NK zelulen aktibazioa sustatzen duten zenbail txerto aztertu dira, hala nola BCG txertoa, zeinak immunitate innatoa indartu eta perforina-adierazpena areagotu dezakeen. Bestalde, metformina botika antidiabetikoak perforina eta granzima B-ren sintesia handitu dezaketela iradoki da, eta horrek COVID-19aren aurkako erantzun terapeutikoan izan dezakeen erabilera ikertzen ari da.[12][13]

Erreferentziak

  1. a b c (Gaztelaniaz) Perforina. 2025-02-21 (kontsulta data: 2026-04-20).
  2. (Ingelesez) «Perforin Definition for Immunobiology | Fiveable» fiveable.me (kontsulta data: 2026-04-20).
  3. (Ingelesez) «What Are Perforins and Their Role in the Immune System?» Biology Insights 2025-07-01 (kontsulta data: 2026-04-20).
  4. a b c d e f g Liu, Chau-Ching; Walsh, Craig M.; Young, John Ding-E. (1995-04-01). «Perforin: structure and function» Immunology Today 16 (4): 194–201.  doi:10.1016/0167-5699(95)80121-9. ISSN 0167-5699. (kontsulta data: 2026-04-20).
  5. a b c d e (Ingelesez) Bank, RCSB Protein Data. «RCSB PDB - 3NSJ: The X-ray crystal structure of lymphocyte perforin» www.rcsb.org (kontsulta data: 2026-04-20).
  6. a b «Células Natural Killer | British Society for Immunology» www.immunology.org (kontsulta data: 2026-04-20).
  7. (Ingelesez) Esmaeili, Marzie; Afzali, Shima; Dadfar, Sepehr; Bonab, Samad Farashi; Rahbar, Maryam; Amirzargar, Aliakbar; Haghmorad, Dariush. (2025-06-09). «Immune profiling of kidney transplant recipients: the role of Tribbles-1, Perforin, and Granzyme B in chronic humoral rejection» Molecular Biology Reports 52 (1): 573.  doi:10.1007/s11033-025-10688-9. ISSN 1573-4978. (kontsulta data: 2026-04-20).
  8. (Ingelesez) The pore conformation of lymphocyte perforin. Research Gate.
  9. a b c d e Lopez, Jamie A.; Brennan, Amelia J.; Whisstock, James C.; Voskoboinik, Ilia; Trapani, Joseph A.. (2012-08). «Protecting a serial killer: pathways for perforin trafficking and self-defence ensure sequential target cell death» Trends in Immunology 33 (8): 406–412.  doi:10.1016/j.it.2012.04.001. ISSN 1471-4906. (kontsulta data: 2026-04-20).
  10. a b Ibáñez Pérez, Raquel. (2021). Inmunotoxina anti-cea basada en la granulisina como una nueva terapia antitumoral. Zaragoza.
  11. (Ingelesez) Cetin, Onur; Kos, Igor; Regitz, Evi; Bewarder, Moritz; Rixecker, Torben M.; Tausch, Eugen; Schwarz, Eva C.; Jansky, Johanna et al.. (2026-02-24). «Impact of Perforin 1 A91V germ line background in patients with aggressive B-NHL treated with R-CHOP» Blood Advances 10 (4): 1045–1050.  doi:10.1182/bloodadvances.2025016931. ISSN 2473-9529. PMID 41358738. PMC 12915228. (kontsulta data: 2026-04-21).
  12. (Ingelesez) [Perforin and resistance to SARS coronavirus 2 Perforin and resistance to SARS coronavirus 2. ] London, Oxford, Manchester, and Bedfordshire, United Kingdom.
  13. «vacuna TUBERCULOSIS (BCG) | Comité Asesor de Vacunas de la AEP» vacunasaep.org (kontsulta data: 2026-04-21).

Kanpo estekak

Content Disclaimer

Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.

  1. The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
  2. There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
  3. It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
  4. Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
  5. Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.
Prefix: a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z 0 1 2 3 4 5 6 7 8 9

Portal di Ensiklopedia Dunia

Kembali kehalaman sebelumnya