Share to:

Res gestae Divi Augusti

Monumentum Ancyranum-eko Res Gestae Divi Augusti-tik abiatzen da.

Res gestae Divi Augusti (latinez: Augusto jainkotiarraren egitandiak[1]) Erromatar Inperioko lehen enperadorearen, Zesar Augustoren, inskripzio luzea da, bere bizitzaren eta, batez ere, egindako gauzen kontakizuan. Narrazioak lehen pertsona erabiltzen du (Nik... egin nuen/erabaki nuen/agindu nuen...). Bere hiru testamentu-agirietako baten kopia da, vestalen esku utzi zuena, eta, agindu zuen bezala, Erromako Augustoren Mausoleoko ate-zangoetan grabatua izan zen, Suetoniok bere Hamabi zesarren bizitzak liburuko Augustoren bizitza atalean kontatu zuenez.

Hil ondoren, Senatuak jainkotu egin zuen, ondoren erromatar herriak gurtzen zuelarik[2]. Ondare gisa, bere «Zesar» eta «Augusto» izenak ondorengo enperadore guztiek hartuko zituzten, eta, Sextilis hilari, Augusto (Abuztu) izena jarri zioten haren omenez. Era berean, lorpenak Res Gestae Divi Augusti izenez ezagutzen den dokumentu batean kontatzen dira, eta, Augustok berak eskatuta, brontzezko pilare pare batean grabatu ziren, eta bere mausoleoaren sarreran jarri ziren, edo sarreraren albo banatan, horman txertaturik (hormaren gainetik ateratzen zirela) edo sarreratik ez oso urrun (proposamen desbedinak daude horren inguruan).[3] Geroago, eraikin askotan zizelkatu zen, eta horietako askok zutik diraute. Hala ere, historikoki, material hori ez da oso objektibotzat hartzen, eta publizitate-idazki gisa erabiltzen da gehiago, testuaren helburua Augustoren agintaldiaren ikuspegi idilikoa eskaintzea baita.

Egilea: Augusto

Augustoren txanpona. Moneta izan zen bere propaganda modu ugarietako bat.

Augusto enperadorea, hasieran Gaio Octavio (Gaius Octavius) izan zen, eta geroago, Julio Zesarrek bere testamentuan adoptatu zuenean, Gaio Julio Zesar Oktaviano (Gaius Iulius Caesar Octavianus edo formatu luzeagoan, Gaius Julius Divi Filius Caesar Octavianus Augustus) izena hartu zuen, Erromako lehen enperadorea izan zen K.a. 27. urtetik hil zen arte, K.o. 14. urtean.[4]   

Augustok gobernatu zuen garaia "Bake Augusta" izena eman zioten historialariek. Res Gestae Divi augusti bertan aipatzen denez, "aberriaren aita" ere izendatua zuen Senatuak: «Nire hamahirugarren kontsulatuaren garian, Senatuak, ekiteen Ordenak eta erromatar herri osoak Patriaren Aita izendatu ninduten...».[5][6][7]

Inskripzioan ikusten da hori, bere karrera politikoa egiteko izan zuen moderazioa eta irmotasuna nabarmenduz, modu horretan bere lorpenak nabarmenduz, non, Errepublika eta erromatar herria bere jarduera politikoaren onuradun bezala agertzen baitira, eta bera da hor iguztiaren egilea.[8]

Autore batzuek propagandaren artean maisu gisa aipatzen dute, bitarteko desberdinak erabiliz, mezu epigrafikoa izanik garrantzirik handiena duena. Erabili zituen beste propaganda bide batzuk arkitektura (bere garaian obra monumental ugari eraikin ziren, bestaeak beste Ara Pacis), eskultura (Augusto Prima Porta eredugarria da) eta txanponak izan ziren. Lehen enperadorea, eta gero haren ondorengoak, saiatu zen lortzen, publizitate-bide ezberdin horien bidez, atxikimendu-sentimendu bat, eta bere erakargarritasuna eta errespetagarritasuna areagotuko zituen ospea. Are gehiago, Augustoren garaitik aurrera nabarmen gehitu ziren epigrafeak, enperadore honen ereduari jarraiki.[9]

Ancirako monumentua

Augustoren eta Erromaren tenplua Ankaran

Ancira-n (gaur egungo Ankara) gordetzen da Antzinatean egindako kopiarik osoena, Monumentum Ancyranum ere deitua, Ferdinan I.a enperadorearen enbaxadore zen Ogier Ghislain de Busbecq flandiar diplomatiko eta idazleak aurkitu zuen 1555ean, Soliman I.a sultanarengana joan zen enbaxada batean. Erromaren eta Augustoren omenezko tenplu baten (enperadorea bizi zela eraikitakoa, seguru asko) hondakinetako hormetan zegoen, .

Latinezko testua pronaosaren barruko hormetan dago grabatuta, tenpluaren atarian, eta sei orrialde edo zutabetan banatuta dago. Ezkerreko horman testuaren lehen zatia dago, berrogeita sei lerroko hiru zutabetan. Goialdean, bi lerro eta erdi betetzen dituen titulua agertzen da eta hiru zutabeen espazioa zeharkatzen du. Eskuineko horman, berrogeita hamalau lerroko hiru zutabetan, dokumentuaren bigarren zatia dago.

Inskripzioaren horma bakoitzak 2’70 metroko altuera eta lau metro inguru zabal da.

Testu grekoa atondoko eskuineko hormaren kanpoaldean dago, 1,25 metroko altuera eta hogei metro inguruko luzera duten 19 zutabetan garatua. Hutsuneak mendeetan zehar erauzitako brontzezko grapek eragindakoak dira. Kontuan izan behar da garai batean etxe pribatuak egon zirela elizaren kanpoko horma horretan bermatuta, eta horrek inskripzioaren narriaduran eta kontserbazioaren xehetasun batzuetan eragina izan zuela.

Edukia, kopiak eta testuingurua

Ankaran gordetako kopiak, Theodor Mommsen-ek «inskripzioen erregina» bezala kalifikatua, 35 paragrafo ditu, lau ataletan sailka daitezkeenak, sarrera labur batez eta post mortem egindako apendize batez gain. Lehenengo zatiak (2-14 paragrafoak) Augustoren ibilbide politikoari eta bere kargu eta ohoreei buruz hitz egiten du. Bigarren zatiak (15-24. paragrafoak) Augustok Italiako herritarrei eta bere armadari egin zizkien diru, elikagai eta lur dohaintzak, egin zituen herri lanak, eta herria lausengatzeko antolatu zituen gladiadore ikuskizunak lotzen ditu. Azpiegituren eraikuntza zein gladiadoreen ikuskizunak Augustoren dirutza pribatuarekin ordaindu ziren. Lanaren hirugarren zatiak (25-33. paragrafoak) bere mugarri militarrak deskribatzen ditu, bere gobernuan beste nazioekin aliantzak nola ezarri zituen azaltzeaz gain. Azken zatiak (34-35 paragrafoak) senatuak, armadak edo herriak bere bizitzan eman zizkioten ohore ugarietako batzuk gogorazteko dira. Azken eranskinak (hirugarren pertsonan idatzia, eta ez Augustok berak) herriari eta soldaduei egindako ordainketetan 2.400.000.000 sestertziotan (hau da, 600 milioi denario) inbertitutako gastuak laburbiltzen ditu, eraiki edo eraberritu zituen monumentuen zerrenda bat ematen du, eta gladiadoreen joko, antzerkian eta naumakietan inbertitutakoa, Italiako hiriei eta probintziei egindako hainbat konponketetarako, edo senatarien ondarea osatzeko inbertitutakoa «zenbatezina» gisa kalifikatzen dena.

Augustok berak ematen digu idazketaren data testu amaieran: "Memoria hauek idatzi nituenean hirurogeita hamasei urte nituen", beraz K.o. 13an, hau bat dator Suetonioren "hil aurreko hamasei hilabete lehenago", nahiz eta ezin den baztertu aurretik zirriborro batzuk egin izana, eta urteetan zehar errebisatuak. Augustok bere testamentuarekin eta tropen egoera orokor batekin batera utzi zuen testu hau, eta Senatuari aginduak ematen zizkion bere mausoleoaren sarreran grabatu zezaten. Jatorrizkoak, Augustoren Mausoleoaren sarreran jarritako brontzazko bi zutabetan idatzia, ez du iraun. Baina, horrez gain, kultu inperialeko monumentu eta tenplu askotan grabatu zen, eta horietako batzuek iraun egin dute, neurri batean edo bestean. Garrantzitsuena, jadanik aipatua, latinez eta grezieraz grabatu zen, eta Ancyrako Augustoren tenpluan dago, Ankarako Monumentum Ancyranumean, Turkian; beste zati batzuk, berriz, Antiokia Pisidiakoa eta Apolonia Pisidiakoa hirietan aurkitu dira, azken hori grekoz bakarrik, biak Asia Txikiko Pisidia eskualdean kokatuak, Monumentum Antiochenum eta Monumentuum Lonapoliense izenekin, hurrenez hurren.

Garai faxistan egindako Res gestae Divi Augusti delakoen kopia, Erromako Ara Pacis museoaren kanpoaldean jarria.

Bere izaera autobiografikoa dela eta, ezin da esan Res gestae guztiz objektiboa denik, are gutxiago, kontuan hartzen badugu, Augustoren ekintzen ikuspegi ona eskaintzea helburu zuela. Idatziak ez ditu kontuan hartzen Julio Zesarren hilketatik Actiumeko batailarainoko gertakariak, Augustoren boterea eztabaidaezin bihurtu zen arte, jasotako gertaera historikoak. Zesarren, Marco Junio Brutoren eta Gaio Kasio Longinoren hiltzaileei "nire aita hil zutenak" deitzen die. Filiposeko gudua kasik ez da aipatzen Bere etsai handiei dagokienez, Marko Antonio eta Sexto Ponpeio ere modu anonimoan aipatzen dira, lehenengoa «gerran borrokatu zuenarekin» eta bestea «pirata bat» besterik ez da. Era berean, testuak ez ditu inperium maius eta tribuno ahalmen apartekoak ezertarako aipatzen. Augustok gobernuan zuen posizioa honela hasten da aipatzen: "K.a. 27. urtean, gerra zibilaren amaieran, beste guztiak gainditu nituen , eta hala ere, nire botere ofizialak ez dira nire lankidearenak baino handiagoak". Pasarte hori asmoen adierazpen argia da, errepublika zaharraren «berrezarpen» bat egitekoa, «berdinen arteko lehena" besterik ez zen gidari batekin, baina, berez, Augustoren agintepeko gobernua, erromatar legioek ezpataren bidez babestuten zuten monarkia absolutu baten antzekoa zen.

Res gestae delakoak propagandarako taktika paregabearen adibide dira, kasu horretan Erromako lehen enperadorearen jarduera legitimatzera bideratuak, bere karrera politikoa apartekoa izan zelarik. Zenbait historialarientzat, antzinakoak izan zein modernoak, testua Augustoren agintaldiari buruzko iturri gisa erabili izana Augustoren propaganda-maniobraren arrakastaren adierazle da. hala meta guztiz ere, enperadoreak berak idatzitakoa izanda, eta gertakarien garaitik urte gutxira idatzitakoak izanda, iturri historiko oso baliotsua da, zalantzarik gabe.

Erromako Ara Pacis-en instalazio museografiko berria dela eta, 1938tik italiak ogobernu faszitak egindako erreprodukzioa zaharberritu eta babestu da kanpoan, 2005ean eraikina birmoldatu zuen Richard Meier arkitektoaren argazki-galerietan ikus daitekeen bezala.[10]

Res gestae Divi Augusti izenekoak Augustoren lorpenen lekuko izateaz gain, kultura erromatarra eta botere inperialaren pertzepzioa sakonki markatu zituen propaganda politikoaren maisulana ere badira. Erromako lehen enperadoreak kontu handiz idatzitako dokumentuak bere bizitza eta lorpenen narratiba ofiziala eskaini zuen, bere autoritatea legitimatzeko eta bere ondarea finkatzeko diseinatua izan zen.[11]

Ikuspegi politikotik, Res gestaek Augustoren figura sendotzeko balio izan zuten, hainbat hamarkadatako gerra zibilen ondoren, bakearen eta egonkortasunaren zaharberritzaile gisa aurkeztu zuena. Herriaren babesle eta Estatuaren ongile moduan izan zuen papera azpimarratzean, dokumentuak gobernari handi baten irudia proiektatzen du, ongizate kolektiboaz eta Inperioaren loraldiaz kezkatua. Baieztapen horiek "printze idealaren" eredua eraikitzen lagundu zuten, ondorengoek imitatuko zuten irudia.

Kulturalki, Res gestae-k Erroman botere-lengoaia berri bat ezartzen lagundu zuten. Inskripzioak, Augustoren balentriak goraipatzeaz gain, erromatar nortasun inperialaren elementu nagusi bihurtu ziren "pax romana", bertutea (virtus) eta jainkozko faborea bezalako kontzeptuak azpimarratzen ditu. Gainera, Anatolia eta Egipto bezalako eskualde ezberdinetan testu bera zabaltzeak erakusten du dokumentuak Inperioa sinbolikoki bateratu zuela Augustoren figuraren inguruan.

Res gestae delakoen eragina bere garaiaz haratago doa. Erromatik haratago, liderrek erregistro historikoak pertzepzio publikoa moldatzeko nola erabiltzen dituzten ikusteko eredu bihurtu zen. Zentzu horretan, Res gestae-k Augustoren boterea islatzeaz gain, propagandak historian zehar iraun dezaketen narratibak eraikitzeko duen gaitasuna ere islatzen dute.

Edizioak

  • (Gaztelaniaz) Fatás Cabeza, Guillermo; Martín Bueno, Manuel Antonio. (1987). Res gestae divi Augusti= autobiografía del emperador Augusto. Zaragozako Udala ISBN 8460051102..
  • (Gaztelaniaz) Res gestae Divi Augusti (introducción, traducción y comentario de J. M. Cortés Copete), Madrid, Ediciones Clásicas, 1994, ISBN 84-7882-148-1.
  • (Gaztelaniaz) Arias, Tomas (1941) La gesta del divino Augusto. Versión directa del Latín, Litho Impresora, Panamá, 1989.
  • (Gaztelaniaz) Res gestae divi Augusti (1974). Memoria de Grado de Licenciatura en Historia. Instituto de Historia, Facultad de Filosofía y Educación, Universidad Católica de Valparaíso.
  • (Gaztelaniaz) Res gestae divi Augusti. Las memorias políticas del emperador Augusto (traducción, prólogo y notas de Nicolás Cruz), Santiago, Editorial de la Pontificia Universidad Católica de Chile, 2017. ISBN 978-956-14-1970-4.
  • (Frantsesez) "Augsute, Res Gestae", Liegako unibertsitatea, 2006

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Álvarez, Paco. (2014-07-20). «Diferencia entre 'acta', 'gesta' y 'res gestae' en latín» Academia Latín (kontsulta data: 2026-06-10).
  2. Eck (2003), 124. or.
  3. (Italieraz) Gasperini, Dino. «ROMA CAPITALE. MAUUSOLEO DI AUGUSTO» Sovraintendenza Capitolina ai Beni Culturali.
  4. (Gaztelaniaz) Everitt, Anthony. (2008). Augusto, el primer emperador. Ariel ISBN 978-84-344-5247-3..
  5. (Gaztelaniaz) Cervantes, Biblioteca Virtual Miguel de. «"Res Gestae" de Augusto» Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes (kontsulta data: 2026-06-11).
  6. (Gaztelaniaz) Del Cerro, Gonzalo. (2010). "Testamento" del Emperador Augusto, Monumentum Ancyranum. Ediciones Clásicas, 16 or. ISBN 9788478827053..
  7. (Gaztelaniaz) Fatás, Guillermo; Martín-Bueno, Manuel. (1987). "Res Gestae Divi Augusti", Autobiografía del Emperador Augusto. Zaragoza: Zaragozako Udala ISBN 8460051102..
  8. (Gaztelaniaz) Cortés, Juan Manuel. (1994). Res Gestae diui Augusti. Ediciones Clásicas ISBN 9788478821488..
  9. (Gaztelaniaz) Zanker, Paul. (1992). Augusto y el poder de las imágenes. Alianza ISBN 8420671134..
  10. (Ingelesez) «Richard Meier & Partners, Ara Pacis Museum, Rome, Italy» www.arcspace.com (kontsulta data: 2026-06-10).
  11. (Gaztelaniaz) Cavalletti, Giuditta. (2020-06). «El uso de la epigrafía en ámbito político: el caso de las Res gestae divi Augusti» Nova tellus 38 (1): 123–139.  doi:10.19130/iifl.nt.2020.38.1.0006. ISSN 0185-3058..

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Content Disclaimer

Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.

  1. The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
  2. There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
  3. It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
  4. Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
  5. Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.
Prefix: a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z 0 1 2 3 4 5 6 7 8 9

Portal di Ensiklopedia Dunia

Kembali kehalaman sebelumnya