Simone Chrisostome
| Simone Chrisostome | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Hendaia, 1923ko abenduaren 10a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Hendaia, 2021eko urtarrilaren 1a (97 urte) |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | frantsesa |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | Frantziako Erresistentziako kidea |
Simone Chrisostome (ezkondu ondoren, Simone Vilalta; Hendaia, 1923ko abenduaren 10a - 2021eko urtarrilaren 1a), nazismoaren kontrako erresistentziako ekintzailea izan zen, eta Ravensbrück eta Neubrandenburg-eko kontzentrazio eremuetako presoa, non bi urteko egonalditik bizirik irten zen.[1][2][3]
Biografia
Aita Hendaiako mugako langilea zuen. Komunista zen gizon hura, eta 1936ko irailean, Espainiako Gerra Zibilarekin, Irungo iheslari errepublikarrei laguntzen hasi zen sasiko ekintzailetzan. Alemania naziak Frantzia konkistatu ondoren, Hendaiako muga itxi egin zen, eta aita lekualdatu zuten, lehenbizi Le Havre-ra eta gero Angers-era, non erresistentzian lanean hasi zen. Simone Angersera joan zen 1942ko urrian, eta han aitaren jardueren berri izanda, hari laguntzea erabaki zuen. Aita jarduera haietan hil zen, bizikletan zihoala alemanen kontrol batekin topo egin zuen, eta haiek ikusi baino lehen jaurti egin zen bide bazter batera: alemanek ez zuten ikusi edo harrapatu, baina erorketak zauri larriak eragin zizkion eta egun gutxitara hil zen.
Bitartean, erresistentziarako lanak egin zituen Simonek: propaganda banaketa eta agiri faltsuen garraioa bereziki. 1943ko apirilean atxilotu zuten eta Fort de Romainvilleko gazteluko atxilotze esparrura eraman zuten. Han aste batzuk egin ondoren, ganaduaren garraiorako trenetan sartuta beste 150 lagunekin, Alemaniako Ravensbrück-eko kontzentrazio esparrura eraman zuten (lau eguneko bidaia izan zen, 1943ko abuztuan). Eremu horrek beste kanpo satelite bat zuen 50 kilometrora, Neubrandenburg, eta haren ondoko Siemens lantegi batean esklabo-lanean esplotatu zuten Simone (V2 arma programarako lanetan). Bizi baldintzak izugarriak ziren, eta berarekin Fort de Romainvilletik preso zegoen lagun bat, Frantxia Usandizaga Urruñakoa, hil egin zen egonaldian. 1945ko udaberrian, naziek kontzentrazio eremu horiek hustu zituzten, eta presoek oinezko martxa hilgarri batera behartu zituzten, helmuga zehatzik gabe. Geldialdi batean, 1945eko maiatzaren 1ean, Sobietar Armada Gorriko soldaduek askatu zituzten presoak.
Hendaiara itzuli zen 1945ean bertan, baina ez zuen laguntza handirik aurkitu eta Parisera joan zen. Mauthausenen preso egondako preso errepublikar katalan batekin ezkondu zen (Lluís Vilalta), Simone Vilalta izena hartuz. Parisko ospitale batean lan egiten zuelarik, Clichy hirian bizi izan ziren.[4]
Hendaiako Herriko Etxeak ohore egin zion 2019an, eta «heroi» gisa aitortu zuen. «Garai nahasiotan, ez dago lekurik gorrotoarentzat eta xenofobiarentzat», esan ohi zuen Chrisostomek, nazientzat 22352 presoa zenak.[5]
Erreferentziak
- ↑ (Frantsesez) «Témoignage déportation Simone Chrisostome Vilalta» OROITZA Histoire d'Hendaye (kontsulta data: 2021-01-02).
- ↑ Galparsoro, Etxahun. (2021). Simone Chrisostome. (kontsulta data: 2021-01-02).
- ↑ https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20210102/fallece-la-hendaiarra-simone-chrisostome-superviviente-de-los-campos-de-concentracion-nazis
- ↑ (Frantsesez) Mediabask. (2021-01-02). «Hendaye : la survivante des camps de concentration Simone Chrisostome est décédée» www.mediabask.eus (kontsulta data: 2021-01-02).
- ↑ Ansa, Mikel P.. «22352» Berria (kontsulta data: 2021-01-03).
Kanpo estekak
Content Disclaimer
Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.
- The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
- There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
- It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
- Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
- Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.









