Stan Lee
Stan Lee (New York, 1922ko abenduaren 28a - Los Angeles, 2018ko azaroaren 12a), jaiotza izena Stanley Martin Lieber, komiki gidoigile eta argitaratzailea izan zen, Marvel unibertsoaren sortzailea.[1]
Steve Ditko edo Jack Kirby marrazkilariekin batera, hainbat superheroi sortu zituen, hala nola Fantastic Four, Spiderman, Hulk, Iron Man, Daredevil, Doctor Strange eta X-Men. Pertsonai horiek lortutako arrakastari esker, Marvel konpainia hedatuz joan zen, eta iragarki etxe txikia izatetik multimedia korporazio izatera iritsi.
Bizitza
Sortzez Stanley Martin Lieber, New Yorkeko Bronx auzoan jaio zen Lee, 1922ko abenduaren 28an. Haren gurasoak, Celia Solomon eta Jack Lieber, errumaniar jatorriko etorkin juduak ziren. Elkarrizketa askotan esana utzi zuenez, nobelagile izatea izan zen gaztetatik bere benetako ametsa. Ez zuen sekula bakar bat idatzi, baina, horren ordez, komikiaren industria irauli zuen egile bilakatu zen.[2]
1929ko kraxaren ondoren, diruz larri zebiltzan haren etxean, denboraldi laburreko lanpostuekin aurrera eginez. Egoera itogarri hartako liskar giroan, ihesbide zitzaion fantasia. Iraupen motzeko lanetan hasi zen bera ere; jeansak saltzen eta Broadwayko aretoak zaintzen, besteak beste. Azkenean, osabak bere lantokian hartu zuenean aldatu zen dena, Timely Comics argitaletxean lan txikiak egiten hasi zenean. Destroyer izan zen han sortu zuen lehen pertsonaia, superbotereak zituen nazien kontrako mediku bat. Egiten zizkioten enkargu gehienetan, baina, munstroak eta izaki beldurgarriak eskatzen zizkioten, akzio gehiago eta elkarrizketa gutxiago. Eta Leeri ez zitzaion interesgarria egiten modu hura.[2]
Literaturaren pultsuarekin jarraitzen zuen barruan, eta, dena uztekotan izan zen arren, ordura arte egiteko moduetatik askatu, eta The Fantastic Four kaleratu zuen 1961ean: izaki desitxuratuak izan beharrean, mozorro berezirik ere ez zeramaten astronauten familia bat zen. Txiki gelditu ziren liburu dendetako apalak argitalpenak ekarri zuen arrakastarekin. Hura izan zen Leeren marka bilakatuko zen Marvel unibertsoaren lehen hazia. Superheroiek borroka baino gehiago egin zezaketela erakutsi zuen, eta aitzindaria izan zen hainbat gai sozial binetetara eramaten.[2]
1972an, osabaren argitaletxeko editore postua hartu zuen, eta komikizaleen ikono bihurtua zen ordurako. Hurrengo arrakasta kolpea Marvel bere sorkuntzak pantaila handira eramaten hasi zirenean heldu zitzaion, eta Lee bera cameo-ak egiten hasi zen horietan; Spider-Man, Daredevil, Hulk, Fantastic Four, Iron Man, The Avengers eta beste askotan.[2]
Ez zion inoiz utzi idazteari, Marvelentzat egiten zituen proiektuak edo bere ekoiztetxe propioan sortzen zituen lanak. 2015ean, autobiografia kaleratu zuen, binetaz bineta idatzitakoa. Urteetako lana aitortu zioten hainbat sariren bidez. Zera esan zuen, 2017an, Los Angelesen egin zioten omenaldi batean: «Idatzi irakurri nahi duzun hori. Haiek irakurri nahi dutela uste duzun hori idazten saiatzen bazara, ez dituzu haiek ezagutzen, baina ez duzu zeure burua ere ezagutzen. Aldiz, zuk irakurriko zenukeen hori idazten baduzu, zu bezalako jende gehiago egon behar duelako da».[2]
Erreferentziak
- ↑ Marvel unibertsoaren aita zendu da, 95 urterekin.. gaztezulo.eus.
- ↑ a b c d e Ugarte Irizar, Itziar. Marvelen unibertsoa erein zuena. Berria, 2018-11-13, CC BY-SA 4.0, berria.eus.
Kanpo estekak
- Larretxea Agirre, Ainhoa Marvel etxeko arima, berria.eus
- (Ingelesez) Webgune ofiziala, therealstanlee.com
Content Disclaimer
Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.
- The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
- There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
- It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
- Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
- Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.









