Thérèse Clerc
Thérèse Clerc (Parisko 9. barrutia, 1927ko abenduaren 9a – Montreuil (Sena Saint-Denis), 2016ko otsailaren 16a) Frantziako aktibista feminista izan zen. Clerc, 1968ko maiatzean, Abortuaren eta Kontrazepzioaren Askatasunaren aldeko Mugimenduko (MLAC) kide zen. 1970eko hamarkadaren erdian Montreuil-era (Sena -Saint-Denis) bizitzera joan zen, eta han, bere etxean bertan, doako abortu klandestinoak egin zituen. Herri berean sortu zuen, 2000. urtean, «Maison des femmes» etxea, eta gero, «Maison de Babayagas» egoitza, adineko emakumeentzako zentro autogestionatua. BiografiaErlijioaThérèse Clerc Parisko burgesia txikiko familia batean jaio zen. Txikitan Bagnolet-en bizi izan zen.[1] Aitak Pari mutuel urbain apustu-enpresan egiten zuen lan.[1] Joskintza ikasi zuen, eta 1947an garbiketa industrialeko enpresa txiki baten jabearekin ezkondu zen.[1] Hasieran, etxeko lanetan jardun zuen eta lau seme-alaba izan zituen. Katolikoa zen; Témoignage chrétien astekaria saltzen zuen eta Aljerian soldadutza konplitu ostean itzuli ziren apaiz langileak ezagutu zituen.[1][2] «Marx ezagutu nuen Charonne kaleko elizan», esan zuen.[2] Hala ere, Clerc elizatik urrundu zen, emakumeak erakunde horretan betetzen zuen lekuagatik.[1] Bere azken urteetan, baina, ez zuen bere burua ateotzat jotzen, agnostikoa zela esaten zuen, edo, agian, sinestuna («Jainkoa zalantza hutsa da, ezin baita denik frogatu. Ezbaian baino ezin da harengan sinetsi, hori jostagarri zait», adierazi zuen).[1] 1960-1970eko hamarkadakSaltzaile gisa jardun zuen denda handi batean. Indotxina eta Aljeriako gerren aurkako manifestaldietan parte hartu ondoren, Abortu eta Kontrazepzioaren Askatasunaren aldeko Mugimenduan (MLAC) lan egin zuen,[2], baina ez zuen aukerarik izan 1968ko maiatza bizitzeko.[2] 1969an banandu zen, eta 1974an, apartamentu txiki bat erosi zuen Montreuilen.[2] Garai hartan «Thérèse de Montreuil» esaten zioten.[3] Abortu klandestinoak egiten zituen Montreuilgo etxeko egongelako mahaian,[1][2] 1975eko urtarrilean Veil legea ezarri zen arte.[2] Mouvement de la paix bakearen aldeko taldean ere egin zuen lan, eta baita Alderdi Sozialista Batuan (PSU) ere.[4] 1980-1990eko hamarkadak1990ean Golkoko Gerraren aurkako «Appel des 75» adierazpena sinatu zuen.[5] Ekintzailea MontreuilenThérèse Clerc-ek 2000n, Montreuilen, «Maison des femmes» egoitza sortu zuen[2][oh 1] indarkeria jasaten zuten emakumeei harrera egiteko, eta gizarteratzeko edo bergizarteratzeko laguntza emateko.[2] Aldi berean, proiektu berri bati ekin zion: ama gaixorik zuen, ohetik altxatu ezinik, eta haren zaintzaren ardura zeukan; orduan, «herritar burujabe, aske eta baliagarri gisa elkarrekin zahartzeko» leku autogestionatu bat sortzea erabaki zuen.[2] Proiektua 1999an hasi bazen ere, ez zen 2007ra arte gauzatu, orduan izan baitzuen Christine Boutin Etxebizitza ministroarekin (eskuin katolikoa) ezinezkoa zirudien bilera bat, eta haren ostean ministroak beharrezko funtsak ahalbidetu baitzituen.[1] Horrela sortu zen «Maison des Babayagas» egoitza. Izena errusiar mitologiako Baba Jaga sorgin zaharrean du jatorria.[6] Tamalez, azken momentuan, Sena Saint-Denis-eko Kontseilu Nagusiak bertan behera utzi zion proiektuan parte hartzeari[1], «diskriminatzailea» omen zela argudiatuz, emakumeei baizik ez zegoelako zuzenduta.[1] Montreuilgo Udalak eta hiriko «Habitation à loyer modéré» (Errenta baxuko etxebizitzak) bulegoak abian jarri zuten berriz ere 2009an, eta, azkenik, 2012. urtearen amaieran ireki egin zuten.[7] 2015. urtean, etxea eraikiko zen lekua xedatu zuten, Convention kalean.[8] Zahartzaroari buruzko Ezagutzaren Unibertsitatea ere sortu zuen (Unisavia).[9] Thérèse Clerc Sébastien Lifshitz-en Les Invisibles dokumentalean agertu zen, 2012an. Bertan, hirurogeiko hamarkadan Frantziako gizarteak homosexualekiko zuen intolerantzia agerian jarri zuen, garai hartan homosexualitatea "gaitz sozialtzat" jotzen baitzen. Bere azken urteetan, argi eta garbi hitz egin zuen bere homosexualitateaz, eta zahartzaroan ere izan zituen harremanez.[1][2] Sébastien Lifshitz-ek, Clerc-en borondatea betez, haren bizitzako azken asteei buruzko filma ere filmatu zuen, Les Vies de Thérèse,[10] hilzorian dagoen gorputzari buruzko tabua desakralizatzeko ahaleginean.[11][12] Bizi-amaieraThérèse Clerc minbiziaz hil zen bere Montreuileko etxean, 2016ko otsailaren 16an,[9] seme-alabez inguratuta. Parisko 20. barrutiko Père-Lachaise hilerrian lurperatuta dago. Bere familiak hileta diskretu bat antolatu zuen intimitatean.[13] Kondekorazioak
Oharrak
Erreferentziak
Bibliografia
Kanpo estekak
|