Turismoa Turkian
Turismoa Turkian, neurri handi batean, hainbat gune historikotan, eta bere Egeo eta Mediterraneo itsasoaren kostaldean zehar dituen konplexu turistikoetan oinarrituta dago. Azken urteetan, Turkia, halaber, kulturarako, spa, eta osasun-turismorako entzute handiko helmuga bilakatu da. 2011n, Turkiak, 31,5 milioi baino gehiago atzerriko turista erakarri zituen.
Turkia, Asia eta Europa arteko miraria

Mediterraneo itsasoak bainatzen duen Asiako kostaldean kokatuta dago Turkia. Turkiako mendebaldeko itsasaldean Grezian bertan baino aurri greziar gehiago dago. Hantxe bisita ditzakegu, bihurgunez jositako Meandro ibaiaz gain, Troia, Mileto, Efeso, Didima, Afrodisias, Halikarnaso edo Pergamo bezalako aurriak. Hangoak ziren ezagutu genituen lehenengo filosofoak eta matematikariak ere (Tales, Anaximandro, Heraklito ...).

Pergamoko liburutegia Alexandriakoa bezain ospetsua izan zen Antzinaroan. Pergamo hiriak 400.000 liburuko liburutegia zuen, monumentu ugariz hornituta zegoen, eta Asiako probintzia erromatarren hiriburu bilakatu zen (K.a. 129). Efeso hiria, berriz, Egeo itsasoaren ertzean, merkataritza gune garrantzitsua izan zen K.a. VII. mendetik aurrera. Erlijio gunea ere izan zen: han zegoen Artemisaren tenplua, munduko zazpi mirarietako bat, lurralde hau San Paulok ebanjelizatu zuen eta tradizioak Ama Birjinaren heriotza bertan kokatzen du. Efeso hiria, garairik onenean, 200.000 bizilagun edukitzera heldu zen.

Gaur egun, Turkiako biztanle gehienak musulmanak dira. Islamiar herri honetan emakumezkoek ez dute belorik erabiltzen, bozkatu egiten dute, eta 1934tik parlamentarioak ere izan daitezke.
Meskita da, kalearen ondoren, musulmanen bizitza sozialaren bilgunea. Gizonezkoek eta emakumezkoek meskitaren lasaitasunean aurkitzen dute solaserako eta erlaxatzeko lekurik egokiena. Hor eztabaidatu, paseatu edo biaoa egiten dute, eta horrela egokitzen diote erlijio gunea eguneroko bizimoduari.

Egia esanda, ezin dugu Turkiaz hitz egin autobus (otobüs) geltokietako giroa aipatu gabe. Autobusaren ondoan hau guztia jan dezakegu: artaburu erre berriak, jogurt-irabiakiak, luzoker freskoak, sesamo-uztaitxoak edo arkume okela ogitartekoak. Ibilbide laburretarako, edo dagokion autobusa irten berria bada, beti egoten da betetzen denean irteten den mikrobus pribaturik (dolmus).
Naturaren mirariak

Turkiako natur mirarien artean aipamen berezia behar du Pamukkale. Urek Pamukkalen lagatako kaltzio karbonatozko konkrezioek igerileku mailakatu multzo ederra eraiki dute. Beste behin ere, naturak arkitektorik onenak gainditu ditu. Natur mirari hauen artean Kapadoziako eskualdea ere aipatu behar dugu, euriak, haizeak eta eguzkiak bertan landutako paisaia zoragarria baita.

Anatoliako goi-lautadaren bihotzean kokatuta, Kapadozia higadura-arroilez osatuta dago. Ibarren ondoan higadurak zutabeak, konoak, dorreak, piramideak eta 30 metro altu diren orratzak ere sortu ditu. Tobazko haitzetan hondeatzeko erraztasunak ermitau eta monjeen finkapenean lagundu zuen; eta asko dira haitzetan egindako elizak. Santutegi hauek guztiak babeslekutzat ere erabili zituzten inbasio batzuei aurre egiteko. Turkoek konkistatu ostean, monasterioak pixkanaka desagertu ziren, eta santutegiak bertako biztanleek okupatu zituzten, etxe ukuilu eta garautegi bihurtuz.

Europa eta Asia artean kokatuta, mendebaldea eta ekialdearen artean, Istanbulen aurrez aurre aurkitzen dira bizitza ulertzeko bi modu. Istanbul, lehen Konstantinopla deiturikoa, munduko hiriburua izan zen ia mila urtez. Istanbuleko kaleetan dagoen itsasontzi eta auto nahaspilak ez du zerikusirik eraikin batzuetan goza daitekeen lasaitasunarekin. Eraikin hauetako bat garai batean sultanen egoitza izan zen Topkapi jauregia da.

Bazar Handiak negozio eta entretenimendu bila doazen turkiarrak zein turistak erakartzen ditu. Han ikasten da eraman handiko tratua egiten, presarik gabekoa, erosketak joko atsegin bihurtu arte. Erromatarrek ura ozpinarekin edaten zuten freskagarri gisa, eta ohitura horrek Bizantzion gaur egunera arte iraun du: saltzaile ibiltari askok eskaintzen dute hutsik edo luzokerrekin nahastuta.
Ezin gara Turkiatik joan Hamman turkiar bainua probatu gabe, bainu horiek ondo sentitzearen gozamena itzultzen baitiote gorputzari.
Kanpo estekak
Content Disclaimer
Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.
- The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
- There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
- It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
- Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
- Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.









