Txasko
| Datuak | ||
|---|---|---|
| Esanahia | Etxe+atze+ko: Etxazko | |
| Jatorrizko eskualdea | ||
| Jatorria | ||
| Antzeko izenak | Echasco eta Echazco. | |
| Eratorriak | Echazco | |
Txasko (antzinako euskaraz eta erdal grafian Chasco) abizena Los Arcos-en (Nafarroa) jatorria duen euskal abizena da. Nafarroan bertan (Viana) eta Araban (Santa Cruz de Campezo) ere baditu adarrak.
Historia eta heraldika

Euskal jatorriko leinu odolgarbi eta ospetsua da. Familiaren oinetxe zaharrena Lizarrako alderdi judizialeko Los Arcos herrian dago. Horrenbestez, ondorengoek Názar, Piedramillera, Torralba del Río, Zúñiga eta Esprontzeda hurbileko herrietara lekualdatu ziren. Historian zehar, familiaren osakideek behin eta berriz frogatu dute bere noblezia. Gaur egun, Los Arcos-en, XIV. mendeko familiaren etxe-jauregia dago dorre eta armagintza-armategiarekin edertua, hau da, familiako armekin atondua, plaza nagusiaren eta katedralaren aurrean. Hiri horretan bertan, Chasco familiak beste leinu noble batzuekin erlazionatu zen, hala nola, Alba odolgarbiekin. Gainera, Juan Chasco, Los Arcos-en finkatua, beti egon zen Estatu Nobleek parrokiako klaustroan egiten zuten batzarretan eta herriko agintaria izan zen, notarioen testigantza ugariek frogatzen duten bezala.
Abizena 1307[1]koa da baina 1798. urtera arte ez ziren nobleziaren espedienteak lortu. Los Arcos herrian dagoen etxean agertu zen armarria bereizten du. Bere heraldika pinu batez osatuta dago, lehoi ibiltari bat dagoela, enborraren oinean zulatua, urratuta dagoena; zuhaitzaren alde bakoitzean gaztelu bat dauka. Vicente de Cadenas eta Vicenten[2] arabera, beste ezkutu bat dago: urdina, zilarrezko giltza duena, makila bezala jarrita eta eskuinaldean urrezko giltza batekin lagunduta dagoena.
Etimologia

Euskaltzaindiaren arabera , gaur egungo euskal hiztunek oraingo euskarazko tx eta k hartu beharko lituzkete, orain arte Chasco idazten zena Txasko[3] ordezkatuz.
| Ortografia tradizionala | Oraingo ortografia akademikoa |
|---|---|
| Chasco | Txasko |
"Chasco" edo "Txasko" leinuaren jatorria eta etimologia ez dituzte historialari askok aztertu. Hori dela eta, familia honen jatorriaz hitz egiten duten liburu gutxi daude. Abizen honen jakintsuen artean Don Alfredo Basan eruditoa aurkitzen dugu. Jarraian, abizena aztertzen duten lan batzuk agertzen dira:
- Euskal deituren izendegia (Philippe Oyhamburu):
Chasco : Etxazko ("etxea" eletik) edo Sasko ("sasi" berbatik).
- Euskal abizenak ( Endika de Mogrobejo ):
Txasko : Zarika (Sasiz betetako lurra).
Bi egileek bat egin dute abizenaren etimologia "sasi" eratorriarekin.
Dena den, azkenaldian egin diren ikerketek "etxe" erroaren alde egin dute[4], Echasco abizenaren[5] eratorria izaki. Horrela, aski argi dago, garai hartako beste abizenen gisan, hasierako "etxe" erroaren "e" soinua galdu zuela (Echasco > Chasco): Chavarri, Cheverria, Chagoya, Chandia, Chapare, Chartea, Chaurren, Chazarra, Checonenea, Chevelce.
Gainetik, argi gelditu da antzinako euskal abizenek ohi zuten lekuzko -ko atzizkia duela[6], beste garaiko abizenen pare: "Nunutto Miottaco", "Ochoa Larreco" edo "Milia Lasturco".
"Etxe" erroaren eta -ko lekuzko atzizkiaren gaineko argitasuna dela-eta, -as atzizkiaren jatorria argitzea baizik ez da falta. Hori argitze aldera, -atze atzizkia proposatu izan da (etxatze), "atzealdeko etxea" esanahiarekin[7] (Philippe Oyhambururen proposamenarekin batean eta Etxazko abizenaren[8] eratorri gisa). Euskaraz "etxe-atze" osaera[9] "etxatze" bezala esan baita betitik; osaera hau zaharra eta aspaldian finkatua omen da[10].
Euskal tradizioan "etxatze" hitzak "etxatz" ordaina hartu zuen. Hala, hainbat aldaera ikusi daitezke Euskal Herri osoko antroponimian eta toponimian (baserri edo etxeari gagozkiolarik) oroz gain ipar Euskal Herrian.
Hala, Zuberoako Etxatz baserria, 1327an Chatz zen, eta 1337an Echadz[11]. Etchatz, Etchazsse, Etchatzssea, Etchatzzea adierak ere jaso dira[12].
Toponimian bakarrik ez, antroponimian ere ageri da Etxatz. Sarako (Lapurdi) euskal abizen bat izan omen zen Etchatz abizena[13]. Etxatz familia Erdi Aroko familia dirudun bat izan omen zen ipar Euskal Herrian: lurrak zituzten eta etxe frankoren jabeak ziren. Gehienak jauntxo eta notarioak izan ohi ziren[14].
Hori dela eta, Etxatz erroari antzinako abizenetan ohikoa den -ko lekuzko atzizkia atxikitzearen ondorio izango zen Etxazko[6] (gaztelaniaz: De Echaz). Izan ere, -tz soinuari -ko lekuzko atzizkia atxikitzean beti -zko egiten baita euskaraz: Zarautz > Zarauzko, Goiatz > Goiazko, Olatz > Olazko, Aranatz > Aranazko, eta Etxatz > Etxazko. Hau, gerora, Txasko bihurtuz, Philippe Oyhambururen tesiari jarraiki.
Hurrengo garapena izango zuen: Etx(e)atze > Etxatz > Etxa(t)zko > Etxasko > Txasko.
Horrela, beste euskal abizen askoren gisan, argi dago Txasko abizenaren osaera "etxe" erroa eta -ko lekuzko atzizkia direla. Baina, iduri duenez, eta haren kokalekua bitarte (Lizarrako merindadearen mendebaldea), horko euskararen galera goiztiarrak abizenaren desitxuraketa ekarri zuen, gaztelaniaz antza duen "chasco" hitzarekin eragiten zuen homofonia zela-eta.
Erreferentziak
- ↑ (Gaztelaniaz) Lacarra, José María. (1972). El juramento de los reyes de Navarra (1234-1329). Real Academia de la Historia (kontsulta data: 2019-12-24).
- ↑ «Viana Digital Archive - Vianako Heraldika: Apellido Chasco en Repertorio de blasones...» Viana Digital Archive - Heráldica de Viana (kontsulta data: 2019-12-24).
- ↑ Real Academia de la Lengua Vasca, Euskaltzaindia. (PDF) Euskal deiturak. (kontsulta data: 2019-12-29).
- ↑ https://web.archive.org/web/20210515234159/https://www.ueu.eus/download/liburua/Euskaldeiturategia.pdf
- ↑ https://addi.ehu.es/bitstream/10810/17787/1/Erdi%2520Aroko%2520euskararen%2520corpusa.pdf
- ↑ a b https://www.ueu.org/download/liburua/euskalherrikoerdiaroaren.pdf[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ La Soule seule présente 'atze' de même sens déjà dans les anciens proverbes, sans doute pour quelques «Etxatz(e)» à Mendy (echatzzea: «la maison à l’arrière») (https://www.academia.edu/15923211/Maisons_Medievale_Baase_Navarre_Soule%3Fauto%3Ddownload&ved=2ahUKEwjE_pnYg6vvAhU6BGMBHWzYB6EQFjAEegQIBRAC&usg=AOvVaw00gtv6ji2J_m_su8jHDZxh)
- ↑ https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/echazco/ar-27431/
- ↑ https://www.deusto-publicaciones.es/deusto/pdfs/enseiuka/enseiuka16.pdf[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ https://web.archive.org/web/20120204151213/http://www.euskaltzaindia.net/dok/euskera/50095.pdf
- ↑ https://web.archive.org/web/20191107123944/http://tipirena.net/Tipirena_-_Site_officiel_de_Jean-Baptiste_ORPUSTAN/I._Linguistique_et_lexicographie_basques_files/Basque_medieval.pdf
- ↑ https://www.academia.edu/15923211/Maisons_Medievale_Baase_Navarre_Soule%3Fauto%3Ddownload&ved=2ahUKEwjE_pnYg6vvAhU6BGMBHWzYB6EQFjAEegQIBRAC&usg=AOvVaw00gtv6ji2J_m_su8jHDZxh
- ↑ Etxatz (Etchatz): Apellido de Sara (Lab.) (https://hedatuz.euskomedia.org/3059/1/19077087.pdf[Betiko hautsitako esteka])
- ↑ https://iparraldekohitza.eus/2019/11/15/kontatua-ez-den-klase-zapalkuntza/
Ikus, gainera
- Euskal Herria
- Euskaltzaindia
- Nafarroako Erresuma
- Nafar-aragoiera
- Nafarroako Sonsierra
- Noblezia
- Odol garbitasun
- Viana
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Viana Digital Archive - Txasko abizena
- Nafarroako kultur ondarearen kontsultak Registro nº: NA-1-033-002078-000. Escudo de armas de Chasco
- INE Txasko abizena bizilekuaren arabera
- (Gaztelaniaz) Lizarraldeko genealogia - Abizenari buruzko informazioa Lizarraldean
- (Gaztelaniaz) El Gran Priorato de Navarra de la Orden de San Juan de Jerusalén
- (Gaztelaniaz) Notas del vecindario de Los Arcos en la Baja Edad Media: laicos y cabildo parroquial, presencia de judíos y organización municipal
- (Gaztelaniaz) Lanako Harana eta bere herriei buruzko informazioa
- (Gaztelaniaz) ANTZINAKO - Chasco leinua
Content Disclaimer
Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.
- The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
- There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
- It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
- Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
- Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.









