Beer-Xeva[1] (antzinako izena: Beerxeba; hebreeraz: |בְּאֵר שֶׁבַע, Be'er Sheva, "Zazpi Putzu"; grekoz: Βηρσαβεε; latinez: Bersabee; arabieraz |بئر السبع) Israelgo hegoaldeko hiria da, Israelgo Hegoaldeko Barrutiko hiriburua, Tel Aviv-etik 108 km-ra kokatua. Israelgo hiririk zaharrenetarikoa da: Biblian agertzen da. Negev basamortuko hiririk handiena da, eta "Negeveko hiriburua" esaten diote. Hiriaren inguruetan dago Tell Beerxeba aztarnategia, Unescok 2005. urtean Gizateriaren ondare izendatutakoa, Megidokoarekin eta Hazorkoarekin batera (Bibliako hiru Tell-ak).
Historia
Hiria Abraham patriarkaren sasoikoa da gutxienez: ordukoa Beer-Xebako mendixkako aztarnategiari dagokio, gaur eguneko Beer-Xevako hiritik kilometro gutxira. IV. mendetik hona, arrastoak daude bertan jendea bizi izan dela.
Hiria hainbat kultura eta botereren menpe egon izan da: asiriarrak, babiloniarrak, bizantziarrak (VII. mendean utzi zuten hiria); otomandarrek, XVI. mendetik Palestinako lurraldean izan arren, XIX. mendearen amaierara arte ez zioten hiriari garrantzi handirik eman; izan ere, mende horren hasieran europarrak eta beduinoak interesa zeukaten hiriarekin. Otomandarrek, beduinoei laguntzeko, poliziarentzako gune bat eraiki zuten, eta, pixkanaka, jendea bertan kokatzen joan zen: hiria eraiki, eta trenbidea ere egin zuten.
Lehen Mundu Gerran gune garrantzitsua izan zen, eta Palestina britainiarren esku egon zeneko aldian Beer-Xeva gune administratibo txikia ere izan zen. 1948. urtean, Israelgo armadak hiria eskuratu zuen. Juduen eta arabiarren arteko liskarrek ere eragina izan dute hirian, erasoak jasan baititu 2004 eta 2005 urteetan.
Industria kimikoak, hegazkingintza, goi-mailako teknologia eta medikuntza dira hiriko industria-jarduera nagusiak, eta hainbat gai esportatzen ditu (potasioa, bromoa, eta industriarako eta nekazaritzarako produktu kimikoak, batez ere).