Bizkarrezur-muin
Bizkarrezur-muina ornodunek bizkarrezurraren barnean duten nerbio-kordoia da, garunaren luzapentzat jo daitekeena. Garunarekin batera nerbio-sistema zentrala osatzen du. Burezur zulogune okzipitalean hasi eta lehenengo orno lunbarreraino iristen da (45 cm inguruko luzera du). Garunaren hezur-egitura babeslea garezurra da; bizkarrezur-muinarena, aldiz, bizkarrezurra. Bere zeregin nagusia nerbio-seinaleen garraioan datza, harremanetan jartzen baitu gorputza eta garuna. Izan ere, nerbio-seinale eragileak (garunetik gorputz enborrera eta adarretara doazenak) eta zentzumenezkoak (kontrako norabidean doazenak) garraiatzen ditu. Bizkarrezur-muinetik 31 nerbio espinal abiatzen dira, aipatutako seinaleak eramaten dituztenak. Garunean gertatzen denaren aldean, bizkarrezur-muinean kontrakoa gertatzen da: gai zuria kanpoaldean dago, eta gai grisa barnealdean. Gogoratu gai grisa neuronen gorputzez (soma izenekoez) osatuta dagoela, eta gai zuria neurona horien axoiez (mielinaz bilduta daudenak). Muinaren zehar-ebakia eginez gero gai grisa barneko zatian ikusten da, eta H itxura du. H horren erdian hodi fin bat dago, ependimo-hodia, muinaren erdialdea burmuineko bentrikuluekin harremanetan jartzen duena. Isurkari zerebroespinalez beterik dago. Kanpo-estekak |