Frieda Nugel
| Frieda Nugel | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotzako izen-deiturak | Frieda Gertrud Nugel |
| Jaiotza | Cottbus, 1884ko ekainaren 18a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Bad Godesberg, 1966ko azaroaren 6a (82 urte) |
| Hobiratze lekua | Tholenswehr Cemetery (en) |
| Familia | |
| Ezkontidea(k) | Louis Hahn (en) |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Frederiko Gilen Unibertsitatea (1907 - 1909) Municheko Unibertsitatea (1909 - 1909) Martin-Luther-Universität Halle-Wittenberg (1909 - 1912) |
| Tesia | Q95612314 |
| Tesi zuzendaria | August Gutzmer |
| Hizkuntzak | alemana |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | matematikaria |
Frieda Nugel (Cottbus, Brandenburgo, Alemania, 1884ko ekainaren 18a - Bad Godesberg, Bonn, Alemania, 1966ko azaroaren 6a) alemaniar matematikaria izan zen, eta herrialde horretan matematikako doktoretza lortu zuen lehen emakumeetako bat. 1912an lortu zuen, Halle-Wittenbergeko Martin Luther Unibertsitatean, August Gutzmerren gidaritzapean. Ordura arte, lorpen honetan Marie Gerrnet (1895, Heidelberg), Annie Reineck (1907, Berna) eta Emmy Noether (1908, Erlangen) bakarrik izan ziren aurretik.[1][2]
Biografia
Frieda Nugel 1884ko ekainaren 18an jaio zen Cottbusen, Brandenburgon (Alemania), eta Friedrich Arthur Nugel eta Marie B. Bomberen sei seme-alabetatik laugarrena izan zen. Eliza ebanjeliko luteranoak bataiatu zuen, eta bere hezkuntzako lehen ikasgaiak etxean jaso zituen. Ondoren, Cottbuseko neskatoen bigarren hezkuntzako ikastetxean sartu zen, eta 1901etik 1906ra arte egon zen bertan.[3]
Urte hartan bertan, Berlinera joan zen irakaskuntzan sartzeko azterketak egitera, irakasle izan nahi baitzuen. 1906ko udaberrian hasi zen irakasle lanetan, eta 18 hilabetez aritu zen, Werdeck familiaren jauretxean, Cottbusetik gertu. Irakasle gisa aritzearekin batera, matematikako eskola pribatuak hartzen zituen Rudolf Tiemann-ekin, azken mailako azterketak egin ahal izateko. Azterketa horiek 1907ko irailaren 16an egin ahal izan zituen Luisenstädtischen-eko bigarren mailako eskolan, Berlinen.[3]
Hiru ikasturte Berlinen eman ondoren, Municheko Unibertsitatera joan zen, eta bertan Ferdinand Lindemann eta Aurel Vossen eskolak jaso zituen. Geroago, 1909ko udazkenean, doktore-tesia hasi zuen Hallen. Bere ikerketaren gainbegiralea August Gutzmer izan zen, baina Georg Cantor, Albert Wangerin, Friedich Ernst Dorn eta Karl Schmidten irakaspenez ere asko baliatu zen, besteak beste.[2]
Bere tesia, "Die Schraubenlinien. Eine monographische Darstellung", aurkeztu zuen Halle-Wittenbergeko Martin Lutero Unibertsitatean 1912an, eta matematikako, fisikako eta filosofiako ahozko azterketak otsailaren 27an eta 28an egin zituen. 1912ko uztailaren 9an lortu zuen graduazioa. Matematikako doktoretza jaso zuenean, Frieda izan zen garrantzi handiko titulu bat jaso zuen lehen emakume alemaniarretako bat. Hura baino lehen, Marie Gernet (1985), Annie Reineck (1907) eta Emmy Noether (1908) izan ziren lortu zuten bakarrak. Aurrerago, gainera, matematika, fisika eta alemaneko irakasle izateko probak gainditu zituen.[2][3]
Ibilbidea
Irakaskuntza-bizitza
Irakaskuntzan aritzeko azterketak pasatu eta berehala, irakasle gisa kontratatu zuten Cottbuseko Augusta eskolan. Garai hartan, Louis Hahn-ekin konprometitu zen, zeina historiako doktoretza-ikasle ikertzailea izan baitzen Hallen, Friedarekin batera. 1914ko apirilaren 4an ezkondu ziren eta berak Cottbus-eko irakaskuntza postua utzi zuen, bikotea Altenara, Westfaliara, joan baitzen, Louis Hahn-ek editore lana zuen tokira. Lehen alaba, Ingeborg, 1915eko martxoaren 1ean izan zuten, eta urte horren amaieran Altenatik Emdenera joan ziren. Emden Louisen herria zen, eta han editore postua eman zioten bere familiako egunkarian.[3]
Mundu Gerrak
Lehen Mundu Gerra 1914ko abuztuan hasi zen eta Friedak gerraren ahaleginean lagundu behar izan zuen, familia gaztea izan arren. 1916ko udaberritik gerra lana egin zuen "Kaiser-Friedrich Oberrealschule" eskolan, lan horretan parentesi bat eginez 1916ko abendutik 1917ko udaberrira arte, bere bigarren semea, Helmut, jaio zelako. 1917ko martxoaren 2an jaio eta gutxira ekin zion berriro lanari, eta bertan jarraitu zuen 1918ko amaiera arte. Bi seme-alaba gehiago izan zituen: Gerold, 1920ko urriaren 17an jaioa, eta Waltraut, 1922ko irailaren 11n jaioa. Familia gazte eta zabaldu berri horrekin, Friedak ezin zuen lanik hartu, baina gai izan zen bere etxean klase partikularrak emateko, matematikakoak, fisikakoak eta alemanekoak 1918tik 1928ra. Etxeko hezkuntza-lanez eta eskaintzen zituen klase pribatuez gain, Weimarko Errepublikako urteetan bere senarrari kazetaritza-lanean eta lan historikoan laguntzen zion.[4]
1920ko hamarkada iritsi zen, urte beldurgarriak Alemaniarentzat, istilu polizial askorekin, Frantziak eta Belgikak Ruhr haranean egindako okupazio militarrekin, eta horrek hiperinflazioaren eta negozio askoren kolapsoaren hasiera eragin zuen. Horietako bat Louis managerra eta editorea zen egunkaria izan zen. Lanik gabe, Louisek etxean lan egin behar zuen, gehienetan ordaindu gabeko lana eginez, eta, beraz, Friedak familiaren ardura hartu eta irakaskuntzara itzuli behar izan zuen. Berriro ere irakasle-azterketak egin eta gainditu behar izan zituen irakaskuntzara itzuli ahal izateko.[4]
Bigarren Mundu Gerran, Emdengo baldintzak bizimodu normalarekin bateraezinak bihurtu ziren, batez ere herri hori Westfaliako itsas portu bihurtu zenetik. Britainiarrek eta amerikarrek bonben bidez egindako erasoak areagotu egin ziren, eta Emden-eko ikastetxea Bad Wildungen-era lekualdatzeko erabakia hartu zen. Hori dela eta, Friedak herri horretara joan behar izan zuen senarra Emden-en utzita. Geroago, bere kezka areagotu egingo zen bere bi semeak gerran euren arteko gatazketan arriskuan zeudela jakitean, Helmut Errusiako kapitain gisa eta Gerold Lorraineko teniente gisa. 1944an, beldur zen hitzak jaso zituen: bere semeak desagertutzat ematen ziren, ustez hilda. Konfirmazioa ez zen 1961era arte gertatu. Senarra, gerratik bizirik atera zena, 1952an hil zen, gaixotasun luze baten ondorioz. Gaixotasun horren ondorioz, Friedak irakaskuntza utzi zuen 1945ean.[4]
Senarra hil ondoren
Senarra hil ondoren, Frieda Nugelek Emdenen bizitzen jarraitu zuen, Ingeborg alabarekin. Alaba gazteena, Waltraut, ezkondu egin zen eta Bonnen bizi zen. 1955ean Bad Godesbergera joan zen Waltrauti laguntzera eta bere hiru bilobak zaintzera.[2]
1962an berri handi bat jaso zuen, doktoretza lortu eta 50 urtera. Bere tesia "matematikoki eta historikoki bereziki baliotsua" kontsideratu zen eta Halle-Wittenbergeko Martin-Luther unibertsitateak saritu egin zuen, Bonn eta Cottbus-etik ere ohoreak jasoz.[4]
Emakumeen eskubideak
Frieda emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea izan zen. Egunkari baterako artikulu bat idatzi zuen 1921ean, emakumeak bizitza publikoko lanetara duen sarbideari buruz. Horrez gain, beste artikulu batzuk idatzi zituen emakumeen eskubideak hobetzearen alde, hezkuntza hobetzearen alde, eta bere esperientzietatik argudiatuz hezkuntza sistema nola hobetu behar zen idatzi zuen. Hauek dira artikulu horiek: "Die deutsche Hausfrau und der Krieg" (Alemaniar etxekoandrea eta gerra) 1916an, "Frauenbewegung und Kinderemanzipation" (1919), "Die Frau in der Gemeindeverwaltung" (Emakume mugimendua eta haurren emantzipazioa) 1921ean, eta "Staat und Stadt Hamburg: Die dreijährige Grundschule vom Standpunkt der Mutter" ( Estatua eta Hanburgoko hiria: hiru urteko lehen mailako eskola, amaren ikuspegitik) 1925ean.[4][5]
Argitalpenak
Frieda Nugelek bere ibilbide profesionalean egindako argitalpenen artean, honako hauek nabarmentzen dira:
- Helizeak. Ilustrazio monografiko bat. Inaugurazio-hitzaldia Halle-Wittenbergeko Unibertsitatean, 1912an.
- Alemaniar etxekoandrea eta gerra. 1916 eta 1917 artean sortua, ezkuizkribu bat da, Gertur Bäumer doktorea aipatuta, Alemaniako emakumeen mugimenduko burua eta 1933. urtera arte ministro izan zena, eta Emdenen egunkari batera bidali zena. Eskuizkribuan, etxeko emakume alemaniarren problematika jorratzen zen, gerra garai zailetan berogailuaren ondoan egon behar baitzuten, eta, hala ere, gauzak egiteko ahaleginak egin.
- Emakumeen mugimendua eta haurren emantzipazioa. Eskuizkribu mekanografiatua, emakumeen eskubideen oposiziogile zen Kurt Ollendorf doktorearen ekarpen bati erantzuteko, "Emakumearen emantzipaziotik haurraren emantzipaziora" artikuluan jasoa, "Emakumearen Emantzipazioaren aurkako Alemaniako Konfederazioaren hileroko egunkarian". Eskuizkribuaren lau orrialdeetan, Frieda Nugelek emakume burgesen mugimendua defendatzen du, eta aurkarien metodoak eta haien difamazioaren asmoa agertzen ditu. Era berean, emakumeen mugimendua helburu tirabiratsuetatik babestu behar dela onartzen du.
- Emakumea tokiko gobernuan. 1921eko irailaren 24an argitaratutako Deutsche Allgemeine Zeitung egunkariaren artikulu honetan, Friedak orain arte "adin txikiko emakumeak" zirenei eskatzen die hautestontzietara joan daitezela herriaren ordezkariei botoa ematera, hauek ere legeak onartu baititzakete. Emakumeei eskatzen die botoa eman dezatela agindu horiek betearazteko.
- Nesken goi-eskola. Eguneroko egunkari batean saiakera baterako eskuizkribua. 1924tik aurrera idatzia, Friedak "maistra" gisa ulertzen zuen moduan adierazi zuen, eta Neskatoentzako Goi Eskola, "Oberlyzeum", sortzearen gaia jorratzen du, ministerioek onartu eta betearazi behar zuten agindua.
- Estatua eta Hamburgoko hiria: hiru urteko lehen hezkuntza amaren ikuspuntutik. Bigarren gehigarria Hamburger Nachrichten egunkarirako, 1925eko apirilaren 18an argitaratua.
Sariak eta aintzatespenak
- 1962an, "Urrezko doktoretza" saria eman zioten, hamarkada batzuk lehenago egindako tesiagatik. Bere menpeko ohiak, Hanno Beckek, Halleko Unibertsitateko bere lagunei "Doktorearen urrezko diploma" eskatu zien, berak jakin gabe. Joseph Ehrenfried Hofmann doktoreak, Tübingenen, ebaluazio bat egin zuen, eta horren ondoren, 1962ko urtarrilaren 23an, Frieda Nugelen doktore-tesia "matematikoki eta historikoki oso baliotsua" zela adierazi zuen. Rudolph Zaunick doktoreak eta Herbert Scurla doktoreak, RDAko ikerlari ezagunak, Frieda Nugelentzat saria eskatu zuten Halleko Matematika eta Zientzia Naturaletako Fakultatean.[6][5]
Erreferentziak
- ↑ (Gaztelaniaz) Stadler, Marta Macho. (2014-06-18). «Frieda Nugel, matemática» Mujeres con ciencia (kontsulta data: 2026-08-15).
- ↑ a b c d (Ingelesez) «Frieda Nugel - Biography» Maths History (kontsulta data: 2026-08-15).
- ↑ a b c d «Uni Halle, FB Math./Inf., History» disk.mathematik.uni-halle.de (kontsulta data: 2026-08-15).
- ↑ a b c d e Alexandru, Ionel. «Frieda Nugel». www.learn-math.info.
- ↑ a b «Frieda Nugel». Lausitzer Rundschau.
- ↑ «Uni Halle, FB Math./Inf., History» disk.mathematik.uni-halle.de (kontsulta data: 2026-08-15).
Kanpo estekak
Content Disclaimer
Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.
- The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
- There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
- It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
- Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
- Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.









