Giltzurrun
Giltzurruna sabelaldearen atzeko alderdian dauden eta gernua isurtzen duten babarrun itxurako bi organoetako bakoitza da, bakoitzak 10 cm neurtzen ditu. Diafragmaren azpian eta peritoneoaren atzean daude. Animalia ornodunetan, eta zenbait ornogabetan, gorputzaren uraren orekari eusten dion organoa da eta metabolismoaren hondakinak kanporatzen dituena. Enbrioien giltzurrunak eta behe mailako animalienak Wolffen hodietaraino iristen diren bi hodi sail dira. Goi mailako abereen giltzurrunak (metanephros), narrasti heldu, hegazti eta ugaztunenak, bi organoz osatuak daude, eta odoleko gernua iragaztea dute eginkizun, ura eta elikadura gaiak xurgatzea, hondakinak isurtzea, eta, azkenik, gernua kanporatzea. Ugaztunen giltzurrunak bi zati ditu: kanpoko azala, konkorduna, glomeruluez eta odol hodi bihurrituez osatua, eta barruko zati leuna, hodi biltzaileak eta giltzurruneko piramideak dituena (10 edo 15). Giltzurrunaren unitate funtzionala nefrona da. Ornodunen giltzurrunakGiltzurrunak ornodunen iraitz organo nagusiak dira. Hiru eratako giltzurrunak bereizten dira: pronefros, mesonefros eta metanefros, beren egituraren arabera eta zirkulazio sistemarekin eta zelomarekin duten harremanaren arabera. Ornodunen enbrioiek, arrainek eta anfibio helduek segmentukako giltzurrunak dituzte (pronefros eta mesonefros). Ez ordea narrastiek, hegaztiek eta ugaztunek.
Giltzurrun mota guztiek dute hodi biltzaile arrunt edo ureter bat, hondakin gaiak kanpora egozteko. Hegazti, anfibio eta narrastietan ureterrak kloakan amaitzen dira eta ugaztunetan gernu maskurian. Maskuriak uretraren bidez igortzen du bere edukina kanpora. Gernua isurkaria da beti, salbu eta hegazti eta narrastietan, horietan erdigotorra baita. Giza giltzurrunaGiltzurrunak egitura pareak dira, babarrun tankerakoak. 10 bat zentimetro luze izaten dira, 150 gramoko pisua izaten dute (giza gorputzaren %0,5), eta abdomen barrunbean daude kokatuta, diafragmaren azpian, aortaren alde banatan. T12tik C3raino hedatzen dira. Ezkerreko giltzurruna beti dago gorago eskuinekoa baino eta beheko muturrak goikoak baino lateralagoak dira, ardatz nagusia laprana delako. Aurreko aurpegiak aurre-albokoak dira eta atzekoak berriz atze-albokoak, beraz pixka bat biratuta daude ardatz lapranaren inguruan. Gernuaz gain, hormona batzuk ekoizten dituzte:
AnatomiaErlazioak
Peritoneo biszerala, mesoen bidez, peritoneo parietalarekin lotzen da .
EgituraGiltzurrunak bi gune ditu, mikroskopioaren laguntzarik gabe bereizgarriak: kanpoaldea edo giltzurrun-azala, eta barnealdea edo muina. Gune hauek ez dute lodiera bera gainerako ugaztun motetan; habitataren idortasuna (ur baliabideak) edo muinaren bilakaera zenbatekoa den, halakoak izango dira giltzurrun-azala eta muina. Giltzurrun azala geruza bikortsua da, gorri arrea, eta ertz ganbilaren azpian dago. Bertan bi ataltxo bereizten dira: arku kortikala, piramidearen oinaldean eta giltzurrunen gainazalaren artean kokatzen dena, eta Bertinen zutabeak. Muina, berriz, argiagoa da, eta ildoduna. Bertan oinaldea (giltzurrunen gainazalera zuzendua) eta erpina (sinuaren kaliza txikietan bukatzen dena) bereizten dira. Bi gune hauek zerikusia dute giltzurrunean nefronek duten kokaerarekin. Giltzurrunaren goiko eta beheko muturrak ganbilak dira, eta bi aurpegiak ere bai. 2 ertz bereizten dira:
Ertz hauen arteko zatia ahurra da, giltzurrun-hiloa izenekoa. Bertan egitura hauek kokatzen dira:
Hiloa giltzurrunen hutsunearen sarrera da: giltzurrunen sinua. Sinu honetan sistema biltzaileko egitura batzuk kokatzen dira:
NefronakNefrona da giltzurrunaren iraizketa banakoa. Giza giltzurrun bakoitzak milioi bat nefrona baino gehiago ditu. 50-55 mm izaten dira luze, eta mikroskopioz ikus daitezke. Nefronen osagaiak giltzurrun korpuskulua eta giltzurrun tubulua dira.
Sistema biltzaileaLehenengo egiturak hodi biltzaileak dira. Hauek giltzurrunaren azalean kokatzen dira, piramideetan sartzen direnak oinaldetatik. Behealdean tamaina handiagoa duten Belliniren hodi papilarretan irekitzen dira. Hauek erpinean dauden piramideko papilaraino iristen dira. Papilak duen area kribotsuaren bidez, kaliza txikiekin komunikatzen dira. Giltzurrunaren gune ahurraren erdialdean inbutu baten antzeko barrunbe bat dago, giltzurrun pelbis izenekoa. Barrunbe horretan pilatzen da giltzurrunetan eratzen den eta hodiek biltzen duten gernua eta higidura peristaltikoen bidez (giharren uzkurdura bideratzen duten uhin erritmikoak, hodietan gertatu ohi direnak) ureterretara iristen da ondoren. Beste egitura batzuk
KapsulakZuntzezko kapsula batek inguratzen du giltzurrunaren parenkima, eta zuzeneko kontaktuan dago honekin. Kapsularen kanpoaldean giltzurrun inguruko gantza (perirrenala) dago. Gantz honen kanpoaldean giltzurrun faszia (zuntzezko kapsula) dago. Giltzurrun faszia honetan bi orri bereizten dira: atzeko orria (nahiko sendoa) eta aurreko orria (nahiko ahula). Bi orri hauek jarraiak dira giltzurrunen alboetan. Goikaldean, guruin suprarrenalaren aurretik eta atzetik pasatzen da, diafragmaren beheko fasziarekin fusionatuz. Baina giltzurrunen erdialdean pelbisaren serosarekin eta giltzurrun arteria eta benen serosarekin jarraitzen dira. Behealdean ere fusionatu egiten dira. Giltzurrun fasziaren kanpoaldean gantz pararrenala dago. OdoleztapenaOdola giltzurrun arteriatik iristen da giltzurrunera. Giltzurrun arteriak abdomeneko aortaren alboko adarrak dira. Eskuinekoa ezkerrekoa baino luzeagoa da, kaba bena, giltzurrun bena, duodeno eta pankrea-buruaren atzean kokatua. Ezkerrekoa laburragoa da, giltzurrun benaren, duodeno eta pankrearen atzetik. Giltzurrun-hiloraino iristen dira aurretik, eta bertatik odol hodi hauek irteten dira:
Giltzurrun arterietatik 5 adar segmentario sortzen dira, aurretik hilora iritsi eta giltzurrunaren segmentuan zehar hedatzen direnak: lau aurreko, giltzurrunaren pelbisaren aurrekaldetik kokatuak, eta atzeko bat, giltzurrun pelbisaren atzetik kokatua. Hilotik pasatuz, giltzurruneko sinuan sartzen dira, eta lobulu arteko arteriak sortzen dituzte, parenkimara iritsi eta muineko piramideetan eta kortexeko Bertinen zutabeen artean kokatzen direnak. Hortik sortzen diren adarrak arku-antzeko arteriak dira, muin eta kortex artean kokatutakoak, eta muineko piramideen oinalderaino iristen dira. Arterien arkutuen adarrak, berriz, lobulutxu arteko arteriak dira. Kortexaren arku kortikaletan eta Bertinen zutabeetan kokatzen dira. Lobulutxo arteko arterien adarrak arteriola aferenteak dira, nefronetako Malpighiren korpuskuluraino iritsi eta bertako glomeruluak sortzen dituzte. Nefronetako Malpighiren korpuskulutik irteten den odol hodia, arteriola eferentea da. Azaleko nefronetatik irteten diren arteriola eferenteek azaleko nefronetako egitura tubular guztiak irrigatzen dituzte. Nefrona justaglomerularretatik irteten diren arteriola eferenteak muineko piramideetan sartzen dira eta adarkatu egiten dira arteriola zuzen espurioak sortuz. Hauek parte hartzen dute muineko egituren irrigazioan. Egiazko arteriola zuzenak, zuzenean irteten dira arteria arkutuetatik eta lobulutxu arteko arterietatik. Muineko piramideetan sartu, eta bertako egitura ezberdinak irrigatzen dituzte: hodi biltzailea, Belliniren hodiak eta Henleren lakioak. Kortexeko eta muineko egitura tubularretatik irteten den oxigeno gutxiko odola bena arkutuetaraino iristen da. Hemendik lobulu arteko benetara, bena segmentarioetara, eta hemendik giltzurrun benen adar tributarioetara. Kortexeko egituretatik lobulutxo arteko benen bidez, eta muineko egituretatik bena zuzenen bidez. Inerbazioa
Itzulera linfatikoaHodi linfatiko gehienak giltzurruneko hiloetatik irteten dira, eta kate lunbarreko aortaren goikaldeko gongoil linfatikoetara irsten dira Giltzurrunaren fisiologia eta gernuaren sorreraSakontzeko, irakurri: «Gernu-aparatuaren fisiologia»
Gernua hiru prozesuren bidez eratzen da: iragazketa berriro xurgatzea eta tubuluen jarioa. Osaera konplexua du, eraketa bera bezala: gai organikoez eta inorganikoez osaturiko disoluzio urtsua da. Odol-plasmaren araberakoa da gernuaren osaera, odoleko plasmaren arabera gernuaren gai batzuk agertzen ez direlako edo gaien kontzentrazioa aldatzen delako. Glomeruluetan gertatzen da iraztea, glomeruluko kapilarrek eta Bowmanen kapsularen paretak bat egiten duten gunean, presio hidrostatikoen eta onkotikoen (presio osmotikoa, proteina edukiaren ondoriozkoa) eraginez. Berriro xurgatzea eta jarioa, berriz, tubuluetan gertatzen dira, difusio soileko edo garraio aktiboko mekanismoen bidez. IragazketaOdola giltzurrun arterietatik iristen da giltzurrunetara. Arteria horiek adarkatuak dira, eta adakartze horren bidez arteriola aferenteak eratzen dituzte. Arteriola aferenteek glomeruluko kapilarretara eramaten dute odola, eta arteriola eferentetik ateratzen da gero. Arteriola eferenteak kalibre txikiagoa du arteriola aferenteak baino, eta horrek presio hidrostatiko handia eragiten du glomeruluaren barnean. Presio horrek eragiten du isurkaria kapilarretatik Bowmanen kapsulara (hau da, giltzurrun hodiaren hasierara) irtetea. Isurkaria Bowmanen kapsularen barnera sartuz gero, glomerulu-irazkin deritzo isurkariari eta plasmaren osagai berak ditu, molekula pisu handia duten proteinetan salbu. Irazkinaren osaera plasma ken proteinak izango da. Prozesu honen ondorioz, irazkinak kapilarrak igaro behar ditu (endotelioa eta mintz basala) eta Bowmanen kapsularen epitelioa. Bowmanen kapsulan zenbat isurkari sartzen den, irazpen-presio eraginkorrak esango du. Presio hori indar mekanikoen eta osmotikoen konbinazio bat da, eta indar nagusia glomerulu barneko odolaren presio hidrostatikoak eragiten duen bultzada da. Bultzada horri aurre egiten diote glomeruluko kapilarren paretaren eta Bowmanen kapsularen paretaren erresistentziak, dagoeneko Bowmanen kapsula barnean dagoen irazkinaren presio hidrostatikoak eta odolaren eta irazkinaren arteko presio desberdintasunak. Irazpen hau ez da hautatze prozesu bat, odolean zelulekin batera agertzen diren proteina plasmatikoen kasuan salbu, eta plasman disolbaturik dauden gaiak irazkinera igarotzen dira ioi (sodioa, potasioa, kloruroa, bikarbonatoa…), gatz, urea, glukosa, aminoazido etab. gisa. Aurreko eskemaren arabera, argi gelditzen da arteria aferentearen zein arteria eferentearen uzkurketak aldaketak eragiten dituela glomeruluaren presio hidrostatikoan eta, horrenbestez, irazketaren eraginkortasuna ere aldarazten duela. Oro har, nerbio kitzikadurak hein berean uzkurrarazten ditu bi arteriak, eta horrela ez da aldaketarik gertatzen irazketan. Gizakiaren giltzurrun bakoitzean minutuko 125 mlko irazketa gerta daiteke glomeruluetan, 180 l egunean. Horrek esan nahi du, irazten den bolumearen parte handi bat berriro xurgatu behar duela organismoak. Hori da nefronaren hodian gertatzen dena. Berriro xurgatzea eta jarioaKontuan harturik gernuaren osaera odol-plasmaren eta glomeruluetako irazkinaren oso bestelakoa dela, irazkinak aldaketa asko jasaten ditu gernua eratu arte egin beharreko ibilbidean zehar. Horren arrazoi nagusia da irazkinaren bolumenaren %99 berriro xugartzen dela nefronaren tubuluaren zulotik tubulu inguruko odol hodietara. Izan ere, minutuko 125 mlko irazkina badago, kopuru horren 1 ml bakarrik kanporatzen da gernu gisa. Hodi horiek arteriola eferentean sortzen dira; arteriola eferenteak kapilar sare bat eratzen du (kapilar peritubularrak), giltzurrun tubulua inguratzen duena eta tubulutik zenbait gai jasotzen dituena: Ondoren, benula gisa elkartzen dira, eta giltzurrun bakoitzetik ateratzen den giltzurrun zainera iristen dira. Gorputzak irazkinaren osagai gehienak xurgatzen ditu berriro: Aldi berean gaien (bereziki potasio, hidrogenioi eta amoniako) jario bat gertatzen da kapilar peritubular horietatik tubuluaren barnealdera, tubulu bihurgunetsu distalaren inguruan, batez ere. Bi prozesu analogo dira, ez da irazkinaren osaera aldatzen soilik, baizik eta baita haren bolumena ere. Berriro xurgatzeko mekanismo nagusiak bi hauek dira: difusio soila, ura berriro xurgatzearen ondorioz sorturiko gradientearen aldera (ura osmosi bidez igarotzen da tubulu inguruko kapilarretara, kapilar hauetan gai solutuen kontzentrazioa handiagoa delako), edo garraio aktiboa (berriro xurgatze aktiboa, adibidez, sodio bonba), ura berriro xurgatzen laguntzen duen gradiente osmotikoa eratzen duena aldi berean. Garraio aktiboan epitelio zeluletan zehar garraiatzen dira sustantziak, sustantziei isurkari tubular eta betegarriaren arteko kontzentrazio desberdintasunen kontra mugitzeko aukera ematen dieten mekanismo kimikoen bidez, eta gero tubulua inguratzen duten kapilarretara iristen dira. Metodo honen bidez, eta energia asko xahutuz, gerta daiteke sustantzia baten kontzentrazioa apala den ingurune batetik (tubuluaren barneko glomerulu-irazkina) bere kontzentrazioa igoko den beste ingurune batera igarotzea (tubulua inguratzen duen kapilarra):
Iraizpenaren erregulazioaHiru kontrol sistemek erregulatzen dute barne jariakarien bolumena eta kontzentrazioa: hipotalamoko egarriaren gunea, hormona antidiuretikoa (ADH) eta angiotentsina-aldosterona sistema. Odolean disolbatuta dauden gaien kontzentrazioa igotzen bada, eta presio osmotikoak gora egiten badu, presio osmotikoaren hartzaileek (osmohartzaileak) informazio jakin bat igortzen dute hipotalamoko egarriaren zentrora eta informazio horren erantzun gisa egarria sortzen da. Horrela ura odolera igarotzen da hestearen bidez eta odola diluitu egiten da, eta gero inhibitu, egarriaren zentroan. Hormona antidiuretikoa (ADH) edo basopresina hipotalamoan sortzen da osmohartzaileen kitzikaduraren erantzun gisa, eta tubulu distaleko zelulei eta hodi biltzaileei eragiten die, urarekiko irazkorragoak bihurtzen ditu. ADH jarioa txikia bada, paretak irazkaitzak dira urarekiko, eta horrela gernua diluituta agertzen da. ADH jariatzean ur gehiago xurgatzen da berriro eta gernua kontzentratuagoa da. Beraz, ADH jariatzen da ura galdu behar ez denean eta inhibitu egiten da ur gehiegia murriztu behar denean. Odolaren presioak bat-batean behera egiten badu (hemorragia batean adibidez), errenina izeneko entzima bat askatzen da arteriola aferenteetan, eta horrek katalizatzen du angiotensinogeno proteina angiotentsina (proteina hodi uzkurtzailea) bihurtzen duen erreakzioa. Angiotensinak arteriolak uzkurtzen ditu –arteria presioa igotzen du–, odol gutxiago iristen da giltzurrunera, gernuaren iraztea eta genesia –urik eta gatzik ez kanporatzea– murrizten dira, azal suprarrenala aktibatzen da eta aldosterona jariatzen hasten da. Horri esker, sodio ioi gehiago xurgatzen dira giltzurrun tubuluetatik odolera, ura xurgatzen da eta odolaren bolumena igotzen da. Lotutako gaixotasunakGiltzurrunekin zerikusia duten gaixotasunetaz arduratzen dira nefrologia eta urologiako espezialistak, batik bat. Hauexek dira ohikoenak:
Erreferentziak
Kanpo estekak |