Innu
| Mota | etnia |
|---|---|
| Biztanleria (osoa) | 23.287 |
| Honen parte | Lehen Nazioak |
Innut ('herria') -- singularrez: Innu/Ilnu ('gizaki') -- lehen Montagnais (euskaraz: «menditar») deituak, ipar-ekialdeko Labradorren- egungo Ternua eta Labradorren- eta Quebeceko eskualde batzuetan bizi den jatorrizko herria da. Bere aberriari Nitassinan ('Gure Lurra', ᓂᑕᔅᓯᓇᓐ) edo Innu-assi ('Innuen Lurra') eta bere hizkuntzari innu-aimun (innuera) diete.[1]
Irokesek sheshatapooshoish zieten eta, Sebeoken arabera, hamazortzi tributan banaturik zeuden: Astouregamigouch, Attikirimouetch, Betsiamite, Kakouchaki, Miskouacha, Chisedic, Escoumins, Espamichkon, Mauthaepi, Naskapi, Mouchaouaouastiiriock, Tadousac, Otaguottouemiin, Oumamiwek, Nekoubaniste, Weperigweia, Oukesestigouack eta Papinachois. Armitagek, berriz, 24 taldetan banatu zituen, horietatik 20 Quebecen eta 4 Labradorren. Quebecekoak Tadoussac, Escoumins, Lake St John, Barren Ground, Ungava, Musquaro, Nichikun, Kaniapiskau, Petsikapau, Mistassini, Mingan, Naskapi, Shelter Bay, Betsiamite, Ste Margueritte, Moisie eta Nastashquan, eta Labradorrekoak, Michikamau, Davis Inlet, Northwest River eta St Augustin ziren.
Lehen Nazio modernoen arbasoak lurralde hauetan milaka urtez ehiztari biltzaile gisa bizi izan zirela jakina zen. Sasoikako ehiza-migrazioei eusteko, karpa eramangarriak- wigwamak- sortu zituzten, animalia-larruz eginak. Haien bizibidea, historikoki, karibu, altze, orein eta ehiza txikian oinarritzen zuten.
Historia
Uste denez, k.a. 12000 urtearen inguruan iritsi ziren gaur egungo Nitassinan edo innu-lurreera, eta k.a. 5300 urtean Itsas Arkaiko kultura garatu zuten, k.a. 1100 eta k.o. 300 urteen artean Point Reventge kulturak ordezkatu zuena. 1003 inguru Thorvald Eirikssonek, Leif Erikssonen anaia, skræling deitu zien eta bere lurraldeari Markland.
1543 inguruan, Jacques Cartier normandiarra haiekin harremanetan jarri zen Belle Isle itsasartean (Gaspé), eta litekeena da 1545 eta 1585 artean euskal baleazaleekin bizi izana. Horren ondorioz sortu zen euskoalgonkin pidgina.[2] 1570ean mohawken lehen erasoak jasan zituzten. Irokesen eta inuiten etsai sutsuak ziren. 1608an, Samuel de Champlain eta François Gravé Du Pont frantsesek bisitatu zituzten lehen aldiz, San Laurendi ibaiaren iparraldean, egungo Tadoussacen, Saguenay ibaian, eta, eskualdea menditsua zenez, montagnais deitu zieten;[3] 1609an, fusilak eman zizkieten mohawkengandik defendatzeko, eta, harrezketo, Frantziaren eraginpean mantendu ziren.
1643an, ounachkopiouek ("itzalak ikusten diren tokiko herria", horietako baten koktxiserazko izena) deitu zieten, eta 1733tik naskapi ere deituko zaie. 1620tik aurrera frantsesa irakasten saiatu ziren, eta 1625ean misiolariak bidali zizkieten kristautu eta merkatari on egiteko. Hori dela eta, 1629an David Kirk britainiarrari lagundu zioten Quebec Hiria erasotzen. Baina orduan, 1629an, mohawkek egungo Trois Rivièreseko asentamendu innuak suntsitu zituzten, eta baztanga izurriteak izan zituzten 1632an eta 1639an, Quebec Hiriaren inguruan bizi zirenak ia akabatu zituztenak.
1652an irokesek Sillery eraso zuten eta Jacques Buteux misiolaria hil zuten, Tadoussacetik alde egitera behartuz. 1657an berriro eraso zieten Saguenay ibaiaren ertzetan, Ouakwiechiwek, Outabitibek eta Kepatawanejach taldeak sarraskituz (eta banda bihurtu zirenak); horrela, 1661ean irokesek Tadoussac suntsitu zuten, eta 1663an 380 innu inguru Quebec Hirian babestu ziren. 1674an frantsesek Sept Isles asentamendu komertziala eraiki zuten bere lurraldean. 1754-1763ko Gerran ingelesen aurka lagundu zieten, eta 1767an misiolari frantsesek Nehiro-Iriniuv Aiamihe (Nazioetako gizakientzako pregoi-liburua) idatzi zuten euren hizkuntzan. 1763tik Kanada Ingeleseko kide izan ziren.
1842ra arte, ordea, ez ziren Kanadako gobernuaren eragina sentitzen hasi, Saguenay ibaia kolonizazio zurira ireki zenean. 1844an 1.500 quebectar bertan ezarri ziren, eta 1851n 5.000. Honek, 1848an, 106 innuren lehen erreklamazioa eragin zuen, misiolari laguntzarekin, Tumas Mesituapamuskan, Jusep Kakanukes eta Pasil Tnishienapenek gobernu zentralaren aurka sinatua, lurrak eta ehiza lurraldeak kentzearen ondorioz. 1851ko «Victoria Act»en ondorioz, 230.000 akreko erreserba bat jaso zuten, 1853an Peribonca ibaian 16.000 gehiago eta St John aintziran 4.000 gehiago gehitu zirenak.
Horrela, 1856an lehen erreserba ofiziala ireki zen Point Blaven. Era berean, 1857an, zibilizatzeko asmoz, «Act for the gradual Civilisation of Indian Tribes of Canada» eman zen, eta, aldi berean, 1861ean, Betsiamiteen erreserba sortu zen, 200 familia misiolari tutoretzapean zeudela, baina 1863 eta 1911 bitartean 10 epidemia jasan zituzten. 1868an Kanadako Estatutu berria onartu zen. Quebec eta Labradorren artean banatu ziren eta 1876ko «Canada Govern Indian Act» delakoak gobernatu zituen. 1889an gobernu federalak zurezko basoen soiltzea baimendu zuen, 1895ean basoen erdia murriztu zietela kalkulatuz. Gainera, 1896 eta 1900 artean, Kanadako gobernuak debekatu egin zuen kastoreak tranpekin ehizatzea, baina 1900ean ehiztari olde batek Labradorreko lurrak inbaditu zituen, eta, ondorioz, 1909an innu buruzagiek kexak aurkeztu zizkioten Hudson Badiako Konpainiari.
1948an, Davis uhartetxoen taldea Nutakera eraman zuten inuitekin, bertako arrantza aprobetxatzeko, baina handik gutxira itzultzen utzi zieten. 1949an, bestalde, Ternua (eta Labrador) Kanadakoa izatera pasa ziren, 1957an Davis uhartetxoak eta 1973an Shesheshit erreserbak onartu baitzizkien, Daniel Ashini buruzagiaren lanari esker, eta horietan jarraitu zuten, nahiz eta desagerrarazten saiatu. 1950-60 urteetan laguntza ofiziala jaso zuten kultur kolapsoak eta alkoholismoak jarri zien miseriatik ateratzeko. Eta 1960-70 bitartean arazoak izan zituzten ezkutuko karibuen ehizagatik (bost innuk 500 $-ko isuna jaso zuten). 1967ra arte karibu ehiztari izan ziren, eta jainko bat bezala gurtzen zuten. Orduan, George Henricksen alkohola sartzearen arriskuaz ohartu zen, eta misiolariek, Frank Peters otzanak bezala, xamanak -wotshimao- gutxietsi eta su-armak sartzen zituzten. 1978an, Kanadako gobernuak akordio bat lortu zuen kawanachikawachekin lurrak erreklamatzeari buruz, baina zaila zen, beste tribuek ez baitzuten akordiorik sinatu gobernuarekin. 1975ean Council Attikamek-Montagnais sortu zen, 12 komunitate biltzen zituena eta indigenen eskubideak defendatzeko programa bat egiten zuena. Geroago, Shesheshiten Naskapi-Montagnais Innu Association sortu zen, eta 1976an dokumentu bat bidali zion Frank Mooresi, Ternuako gobernadoreari, lurrak erreklamatzeko.
1988an, Goose Bayn (Labrador) lur-arraseko hegaldiak egiten zituzten erreakzio-hegazkinen aurka protesta egin zuten. Bertan, alkoholismoaren % 95eko indizea dago. 1989an Mathieu André graduatu zen, innuerazko lehen maisua, eta bertako kulturaren nolabaiteko berpizkundea gertatu zen, batez ere Florent Vollant eta Claude MacKenzie (Kashtin taldekoak) eta Jean Ives Fontaine musikariei esker. 1986ko urrian Attikamek-Montagnais Educational and Cultural Institute ere sortu zen, Quebecen kultur aste bat babesten zuena. Aldi berean, 1988ko urrian, Council Attikamek-Montagnaisek Ipar Kostako Goi Bilera Ekonomikoan parte hartu zuen, innuen bozeramaile gisa. 1992an, Peter Penashue Innu Nazioaren buru izendatu zuten, eta Christien Rich, Davis uharteetako innu-en buru.
1999an, Survival Internationalek Labradorreko innu komunitateei buruzko azterlan bat argitaratu zuen. Bertan, Kanadako Gobernuaren erabakiek duten eragina ebaluatzen da, hau da, innuak antzinako lurretatik urrun eramatea eta bizimodu tradizionala egitea eragoztea. Survival Internationalek nazioarteko zuzenbidearen urraketatzat jo zuen politika hori, eta paralelismoak ezarri zituen Txinako Herri Errepublikak tibetarrei emandako tratuarekin.[4] Azterlan horren arabera, 1990etik 1997ra, Davis uharteetako innu komunitateak Kanadako batez bestekoak baino hamabi aldiz suizidio tasa handiagoa izan zuen, eta iparraldeko herri isolatuetan ikusi ohi den tasa baino hiru aldiz handiagoa. Gainera, innu komunitateek drogazaletasun-arazo larria dute, batez ere gasolina-esnifatzea gazteen artean eta baita haurren artean ere.[5]
Erreferentziak
- ↑ (Ingelesez) Innu-Aimun - the language of the Innu (Montagnais). .
- ↑ Muñagorri Garmendia, Lander. (2016-10-20). «Euskaratik sortutako hizkerak» Berria.
- ↑ Vincent, Sylvie. (2006). Christie, Gordon ed. Aboriginality and Governance: A Multidisciplinary Approach. Penticton Indian Reserve, British Columbia: Theytus Books, 7–9 or. ISBN 1894778243..
- ↑ Canada's Tibet: The Killing of the Innu, a report from Survival International (PDF file)
- ↑ «Davis Inlet Innu get new home» Aboriginal Multi-Media Society of Alberta (AMMSA).
Kanpo estekak
Content Disclaimer
Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.
- The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
- There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
- It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
- Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
- Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.









