Koskobilo
| Koskobilo | |
|---|---|
| Aztarnategi arkeologikoa | |
| Herrialdea | |
| Probintzia | |
| Udalerria | Olatzagutia |
| Koordenatuak | 42°52′54″N 2°11′59″W / 42.881667°N 2.199722°W |
![]() | |
| Garaia | Paleolito eta Neolito |
Koskobilo Olaztin dagoen aztarnategi arkeologiko multzo bat da. Multzoko handiena Koskobilo I kobazuloa zen, bertan dagoen harrobiak 1940ko hamarkadan suntsitu zuena. Urte hartan harrobi horretarako lanetan leize bertikal bat azaleratu zen, eta bertako sedimentuen artean, hainbat aztarna paleontologiko eta gizakiek egindako tresna agertu ziren[1]. Nafarroan dauden ebidentzia arkeo-paleontologiko zaharrenak eta ugarienak ditu[2]. Gaur egun alboko hainbat kobazulo eta eremu irekietan indusketak egiten dira[3].
Kokapena
Koskobilo Olatzagutia herriaren iparraldean dago, Burunda ibaiaren ezkerreko ibarrean, Aizkorri-Aratz mendilerroaren hegoaldeko mugan. Sakana bailarako gunerik estuena da, animalia zein gizakientzako igarobide natural bat dena. Burundaren beste aldean Urbasara igotzeko bide naturaletako bat dago, eta sarbide erraza du Oria ibaiaren goiko arrora, Arabako Lautadara eta, hortik, Deba ibaiaren arrora. Historian pasabide izan da, Ab Asturica Burdigalam bidea gertutik igaroko zelako. Gaur egun ere igarobide ezagun bat da, gertu baitaude A-1 errepidea eta Madril-Hendaia burdinbidea.
Geologiaren ikuspuntutik harrobia Eusko-kantauriar arroaren gune zentralean dago, Bilboko antiklinorioaren hego-ekialdeko amaieran. Egitura hori toles konplexuak dituen eremu baten parte da, 100 kilometroko luzera duena, Altsasu eta Bilbo lotzen dituen faila baten bidez. Koskobiloko kareharriak egitura horren amaieran daude[2]. Harrobian erabili zen kareharria sakonera gutxiko itsaso karbonatatu batean sortu ziren, sakonagoak ziren arroila siliziklastikoz banatuak. Hareharri horiek Egino Formazioan eta Albeniz Unitatean sailkatu dira[4]. Arrokak Albiar garaikoak dira, bertan dauden orbitolinak eta amoniteak ikusita[4][5]. Alpetar orogeniak ingurunea altxatu zuen eta Kuaternarioan karsta sortzen hasi zen, ziurrenik failarekiko paralelo eta elkarzut ziren hausturen bidez[2].
Ikerketaren historia


1940an harrobian egindako leherketa batek leize bertikal bat agerian utzi zuen, 12-14 metro sakon eta 6 metro zabal zituena. Harrobiko langileburua zen Arakamak hainbat fosil identifikatu zituen bertan eta Cirilo Ruiz de Gaona fundizioko langileari eman zizkion, bere anaia Máximo Ruiz de Gaona elizgizon eta paleontologoari emateko. Urte hartan materialak ikusi eta leizetik materialak atera zituen, guztiak paleontologikoak. Hala ere, urte horretan bertan harrobiko lanetan jada leizea husten ari ziren, eta bertan bi lekutan bota zituzten material guztiak[1]. Leku horiek gaur egun Koskobilo I eta Koskobilo III izena dute.
1941etik aurrera Ruiz de Gaonak hainbat artikulu argitaratu zituen, lehenengoa 1941ean bertan[6]. 1952an lehen aldiz aipatu zituen gizakiek egindako tresnen aztarnak, baina ez dago argi lehenago ikusi ote zituen, edo hortik aurrera hasi ote zen interesatzen[7]. Beranduago, Enrique Vallespírekin batera Acheul aldiko punten ingurukoak[8] eta Solutreko ale hostokarak argitaratu zituen[9].
1955ean Joxe Migel Barandiaranek aztarnategia bisitatu zuen eta hainbat material berreskuratu zituen, eta 1974an Maria Amor Begiristainek material horiek argitaratu zituen bere tesinan[10]. 1984an Ignacio Barandiaranek eta Vallespík Prehistoria de Navarra izeneko liburuan sintesi bat egin zuten, eta bertan garrantzia eman zioten aztarnategiari[11]. Hortik aurrera ikerketa bertan behera utzi zen, ez zegoelako material gehiago.
2016an Asier Gómez-Olivencia, Mikel Arlegi eta Joseba Rios Garaizarrek eta euren taldeak fosilak berrikuskatzen hasi ziren. Artikuluan berretsi zuten Nafarroako kuaternarioko aztarnategirik zaharrena zela, eta Solutre aldiko lantegi garrantzitsua[12]. 2019tik aurrera Aranzadi Zientzia Elkarteko talde batek landa lana abiatu zuen indusketa berriak egiteko, Daniel Ruiz-Gonzalezen zuzendaritzapean[13]. Lehenengo indusketek leize zaharreko hondakinak berrikusi zituzten, sekuentzia bat ezartzeko saiakeran. Material ugari berreskuratu baziren ere, sekuentzia hori berreraikitzea konplexuegia zela ondorioztatu zuten, eta inguruko eremuetan prospekzioak eta indusketak abiatu zituzten. Horrela identifikatu ziren Koskobilo II leizea, Koskobilo IV aire zabaleko aztarnategia eta oso gertu dagoen Orna I aztarnategia, gune berean dagoena[3]. Azterketa berberean ondoko Aldoiar harrobian gaur egun suntsituta dagoen beste kobazulo bateko bilduma pribatu bateko materialak berreskuratu ziren, horiek ere giza-aztarnak[14].
Paleontologia
Kareharrietako fosilak
Koskobilon krustazeo dekapodoen (karramarroak, otarrainak, ganbak) 39 espezie identifikatu dira. Hori dela eta, Koskobilo leku paregabea eta mundu mailan balio handikoa da, Kretazeo Goiztiarreko itsasoko bioaniztasuna aztertzeko eta geologia-historiaren garai haietan hura bultzatu zuten faktoreak ikertzeko[15]. 2009ko ekainaren 25an, krustazeo ermitau fosila topatu zen, eta espezie izen berezia eman zitzaion, Mesoparapylocheles michaeljacksoni, aurkikuntzaren egun berean hil zelako Michael Jackson kantaria[16].
Kobazuloetako aztarnategia


Ruiz de Gaonak, Barandiaranek eta berriki Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek bertan berreskuratutako fosil eta subfosil bilduma nabarmena da. Gehiengoa Nafarroako Museoan dago bilduta, baina badira ere fosil batzuk Madrilen zien Aranzadiren bilduman. Guztira 694 ugaztun hondar identifikatu dira, 8 ordena eta 22 familiatan sailkatuta, horiei sei hegazti-taxon eta hiru arrain gehitu behar zaizkie[2]. Estratigrafia-kontrolik gabe bildutako materiala izanik, Erdi eta Goi Pleistozenoko faunak nahastuta agertzen dira, eta zaila da ale gehienak garai jakin bati esleitzea. Ugaztun handien artean, oreina (Cervus elaphus), orkatza (Capreolus capreolus), ahuntz basatia (Capra sp.), sarrio (Rupicapra sp.) eta Stephanorhinus hemitoechus errinozeroa nabarmentzen dira, azken hori 25 hezurrekin ondo dokumentatuta. Hezurren artean badira giza aztarna gutxi batzuk, ziurrenik Neolitokoak edo oraindik modernoagoak[2].
Bildumak Iberiar penintsulan oso urriak diren zenbait taxon agerian utzi ditu: gaur egun Tibeten bizi den Ursus thibetanus, Cuon cf. priscus, Berberia makakoa (Macaca sylvanus), Ursus cf. deningeri eta orein erraldoia (cf. Megaceroides). Aitzitik, jatorrizko zerrendako identifikazio batzuk oker zeuden: Ruiz de Gaonak (1941, 1952, 1958) hipopotamo baten (Hippopotamus sp.) presentzia aipatu zuen, kanino-zati baten oinarrian, eta datu hori garrantzitsua zen, espezie hori mendebaldeko Europa kontinentalean duela 117.000 urte inguru desagertu baitzen. Bildumaren berrikuspenean, ordea, kanino hori basurdeari (Sus scrofa) zegokiola egiaztatu da, eta beraz hipopotamoaren presentzia baztertu egin da Koskobilotik. Antzeko zalantzak agertu dira beste identifikazio zaharretan ere: adibidez, hiena-hortzatzat identifikatutako zati batzuk benetan haitzuloetako lehoiari (Panthera spelaea) zegozkiola egiaztatu da[2].
Kronologiari dagokionez, Stephanorhinus hemitoechus baten hortz baten gainean garatutako espeleotema-geruza bat U/Th metodoz datatu zen, 219.561 ± 9.153 urteko adina emanez, hau da, 7. Isotopo Itsastarraren Aroaren (MIS 7) 7d azpi-etaparen amaieran, Erdi Pleistozenoan. Datazio horrek gutxieneko adin bat ematen du bildumaren zati baterako, eta Ursus thibetanus, Cuon cf. priscus, Macaca sylvanus edo Megaceroides bezalako taxonak errinozeroaren hortz datatuarekin garai bereko izan litezkeela iradokitzen du. Hala ere, haitzuloetako hartzen zenbait aleren eta mikrougaztunen zati handi baten neurriek Goi Pleistozenoarekin bat egiten dute, eta horrek berresten du bilduma une desberdinetako hondarren nahasketa dela, harrobiaren ustiapenaren ondorioz sortutakoa[2].
| Taxona | Hezurrak guztira | Gutxienez identifikatutako izakiak |
|---|---|---|
| Mammalia indet. | 108 | – |
| Equus ferus | 43 | 4 |
| Stephanorhinus hemitoechus | 25 | 3 |
| Artiodactyla indet. | 5 | – |
| Sus scrofa | 11 | 3 + 1 modernoa |
| Cervidae indet. + Cervus/Megaceroides | 9 | – |
| Capreolus capreolus | 22 | 3 |
| Cervus elaphus spp. | 13 | 2 |
| cf. Megaceroides | 12 | 4 |
| Caprinae indet. | 2 | – |
| Capra sp. | 21 | 3 |
| Rupicapra sp. | 50 | 6 |
| Bos/Bison | 57 | 4 |
| Carnivora indet. | 9 | – |
| Felis silvestris + Felis sp. | 6 | 1 + 1 modernoa |
| Panthera pardus | 1 | 1 |
| Panthera spelaea | 2 | 2 |
| Crocuta sp. | 2 | 1 |
| Vulpes vulpes | 16 | 3 |
| Canis/Cuon | 7 | – |
| Cuon sp./Cuon cf. priscus | 3 | 3 |
| Cuon cf. alpinus europaeus | 2 | 1 |
| Canis sp. | 4 | 1 |
| Canis cf. lupus | 2 | 3 |
| Ursus sp. | 40 | – |
| Ursus arctos | 12 | 2 |
| Ursus cf. deningeri | 1 | 1 |
| Ursus deningeri/Ursus spelaeus | 4 | 1 |
| Ursus spelaeus | 31 | 4 |
| Ursus thibetanus | 2 | 1 |
| Meles meles | 2 | 2 modernoa |
| Mustela nivalis | 9 | 6 |
| Talpa sp. | 18 | 6 |
| cf. Erinaceus | 1 | 1 |
| Chiroptera indet. | 1 | 1 |
| Myotis myotis | 4 | 2 |
| Miniopterus schreibersii | 1 | 1 |
| Rodentia indet. | 71 | – |
| Rattus sp. | 3 | 1 modernoa |
| Arvicolidae indet. | 3 | – |
| Arvicola sp. | 1 | – |
| Arvicola amphibius | 16 | 7 |
| Microtus arvalis | 2 | 1 |
| Microtus agrestis | 3 | 2 |
| Microtus (Terricola) cf. lusitanicus | 1 | 1 |
| Pliomys coronensis | 4 | 2 |
| Marmota marmota | 22 | 4 |
| Castor fiber | 6 | 2 |
| Lagomorpha indet. | 1 | 1 |
| Homo sapiens | 3 | 1 |
| Macaca sylvanus | 1 | 1 |
| Aves indet. | 12 | – |
| Columbiformes indet. | 1 | – |
| Columba livia/oenas | 1 | 1 |
| Lyrurus tetrix | 3 | 1 |
| Lagopus muta | 1 | 1 |
| Perdix perdix | 1 | 1 |
| Passeriformes indet. | 2 | – |
| Alaudidae indet. | 1 | 1 |
| Corvidae indet. | 3 | – |
| Pyrrhocorax pyrrhocorax | 2 | 1 |
| Actinopterygii indet. | 3 | 1 |
Arkeologia
1950etik aurrera egindako ikerketan aztarna arkeologikoak aztertzen hasi zen Ruiz de Gaona. 5.000 pieza baino gehiago aurkitu zituen, Paleolitoko hainbat garaitakoak, Solutre aldiko industriak nabarmentzen zirelarik. 1955ean Jose Migel Barandiaranek pieza gehiago aurkitu zituen[1]. Gaur egun Koskobilo IIn egiten ari diren ikerketei esker, okupazioaren ikuspegi zabalago bat dugu.
Paleolitoa


Aurkitutako industria litiko zaharrena Erdi Paleolitoko tresnak dira, tartean aurpegibikoak eta Levallois teknikarekin egindako tresnak dira. Tresna mota hori neandertalekin lotzen da, nahiz eta ez diren aurkitu horien hezurrik. Horren ostean Koskobilo Ieko bildumetan partzialki, eta Koskobilo IIn indusketan Aurignac aldiko tresnak aurkitu dira, Paleolitoan iritsi ziren lehen gizaki anatomikoki modernoekin lotzen direnak[3]. Maria Amor Begiristainek aipatzen du Gravette aldiko hainbat aztarna zeudela[10], baina hori ez da guztiz ziurra. Horren ostean datorren Solutre aldia askoz argiagoa da, Koskobilo Ien dagoelako ale hostokaren ekoizpenaren hondakinen aztarnategi bat, bakarra dena Iberiar penintsularen iparraldean[12]. Lehengai gisa Urbasako suharria erabiltzen zuten. Koskobilo IIn badago Solutreko maila arkeologiko bat[3].
Horren ostean Madeleine aldiko aztarnak aurkitu ziren, aldiaren amaierakoak. Aztarna horiek oso generikoak dira Koskobilo Ien, baina argiagoak Koskobilo II eta Koskobilo IV aire-zabaleko aztarnategian[3]. Bilatutako aztarnek ehiza-leku batekin harremana dutela iradokitzen dute.
Neolitoa
Neolitoan gunea oraindik erabili zuten gizakiek. Bilatutako aztarnek ehorzketa-kobazulo bat dagoena esaten dute Koskobilo IIn. Horren adierazgarri dira berreskuratutako giza aztarnak: hainbat falange, metakarpoak eta hortzak. Aztarna horiek gutxienez bi gizakirenak dira: 14-16 urtetik gorako pertsona heldu batenak eta 2 urteko ume batenak.[15] Kobazuloan ehorzketaren kanpoko inguruan horma txiki bat zegoen, kobazuloaren itxiera gisa erabil zitekeena, barruko hildakoak babesteko[17]. Geruza horretan zeramika aurkitu da, baina maila horren azpian ez dago[17]. Dokumentu zaharretan aipatu da Brontze Aroaren hasierako materialak badaudela[18], baina horiek ere ez dira guztiz ziurrak.
Dibulgazioa
Aztarnategiak duen garrantziarengatik, zein duen sarbide errazagatik, hainbat ekimen egin dira aztarnategia bera hobeto ezagutzeko. 2022an leizerako sarbide berria egokitu zuen udalak, hainbat panel jarrita eta leizea ikusi ahal izateko plataforma baten eraikuntzarekin[19][20]. Horrez gain, maiz egiten dira bisita gidatuak eta hitzaldiak[21][22].
Erreferentziak
- ↑ a b c «Koskobilo muinoa, orein erraldoi eta makako galduen gordelekua» Zientzia Kaiera 2020-12-08 (kontsulta data: 2021-01-17).
- ↑ a b c d e f g h (Ingelesez) Gómez-Olivencia, Asier; Arlegi, Mikel; Arceredillo, Diego; Delson, Eric; Sanchis, Alfred; Núñez-Lahuerta, Carmen; Fernández-García, Mónica; de Alvarado, Mónica Villalba et al.. (2020-11). «The Koskobilo (Olazti, Navarre, Northern Iberian Peninsula) paleontological collection: New insights for the Middle and Late Pleistocene in Western Pyrenees» Quaternary International 566-567: 113–140. doi:. ISSN 1040-6182. (kontsulta data: 2026-07-10).
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) Ruiz-Gonzalez, Daniel; Granizo Candelas, Olaia; Aiestaran, Mattin; Mauleon, Juantxo Agirre. (2025). «Intervenciones arqueológicas en Koskobilo (Olazti), resumen de la campaña de 2025» Trabajos de Arqueología Navarra (37): 195–206. doi:. ISSN 2530-5816. (kontsulta data: 2026-07-06).
- ↑ a b Caballero, J. I. B., Lertxundi, D., & Horgue, M. Á. L. (1996). Evolución sedimentaria del episodio mixto carbonatadoterrígeno del Albiense Superior-Cenomaniense Inferior entre Altsasu (Nafarroa) y Asparrena (Araba): la unidad Albeniz. Príncipe de Viana. Suplemento de Ciencias, (14), 81-96.
- ↑ (Ingelesez) Klompmaker, Adiël A.. (2013-04). «Extreme diversity of decapod crustaceans from the mid-Cretaceous (late Albian) of Spain: Implications for Cretaceous decapod paleoecology» Cretaceous Research 41: 150–185. doi:. (kontsulta data: 2026-07-11).
- ↑ Ruiz de Gaona, Máximo. (1941). «Un yacimiento de mamíferos pleistocénicos en Olazagutía (Navarra)» Boletín de la Real Sociedad Española de Historia Natural (39): 155–160. ISSN 0365-9755. (kontsulta data: 2026-07-10).
- ↑ Ruiz de Gaona, Máximo. (1952). «Noticia del hallazgo y destrucción del yacimiento paleolítico superior más importante de Navarra» Actas del Primer Congreso Internacional de Estudios Pirenáicos. San Sebastián, 1950, Vol. 4, 1952 (Sección III: Prehistoria, Antropología y Etnología), págs. 157-168 (Instituto de Estudios Pirenaicos): 157–168. (kontsulta data: 2026-07-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) Vallespí, Enrique; Ruiz de Gaona, Máximo. (1971). «Piezas inéditas de tradición achelense en las series líticas de Coscobilo de Olazagutía (Navarra)» Munibe (Aranzadi Zientzia Elkartea): 375-384..
- ↑ Pérez (1929-2021), Enrique Vallespí. (1970-01-01). «"Puntas foliaceas de retoque plano en las series líticas de Coscobilo, de Olazagutía (Navarra)"» Anuario de Eusko-Folklore, tomo XXIII (1969-1970): 209-215. (kontsulta data: 2026-07-10).
- ↑ a b Beguiristain Gúrpide, María Amor. (1974). «La colección Barandiarán de Coscobilo, de Olazagutía (Contribución al estudio de la industria lítica del yacimiento)» Príncipe de Viana 35 (136): 345–402. ISSN 0032-8472. (kontsulta data: 2026-07-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) Maestu, Ignacio Barandiarán; Vallespí, Enrique. (1980). Prehistoria de Navarra. Diputación Foral de Navarra ISBN 978-84-235-0501-2. (kontsulta data: 2026-07-10).
- ↑ a b Arlegui Virto, Mikel; Rios Garaizar, Joseba; Rodríguez Hidalgo, Antonio; López Horgue, Miguel Ángel; Gómez Olivencia, Asier. (2018). «Koskobilo (Olazti, Nafarroa): nuevos hallazgos y revisión de las colecciones» Munibe Antropologia - Arkeologia (69): 21–41. ISSN 1132-2217. (kontsulta data: 2026-07-10).
- ↑ Aranzadi. «Historiaurrea bilatzeko bidea Olaztin» Aranzadi (kontsulta data: 2026-07-10).
- ↑ «Ondare Migratua - Patrimonio Migrado de Navarra» Ondare Migratua (kontsulta data: 2026-07-10).
- ↑ a b Aranzadi. «Historiaurrea bilatzeko bidea Olaztin» Aranzadi (kontsulta data: 2025-02-18).
- ↑ René H. B. Fraaije, Adiël A. Klompmaker & Pedro Artal. (2012). «New species, genera and a family of hermit crabs (Crustacea, Anomura, Paguroidea) from a mid-Cretaceous reef of Navarra, northern Spain» Neues Jahrbuch für Geologie und Paläontologie 263 (1): 85–92. doi:..
- ↑ a b Ruiz González, Daniel; Granizo, Olaia; Ochoa Fraile, Blanca; Aiestaran, Mattin; Agirre Mauleon, Juantxo. (2024). «Koskobilo II (Olazti), intervenciones arqueológicas de 2024» Trabajos de arqueología Navarra (36): 247–257. ISSN 0211-5174. (kontsulta data: 2026-07-10).
- ↑ Maluquer de Motes J. (1954). «La industria lítica de Olazagutía» Príncipe de Viana (Iruñea) 54-55: 9-27..
- ↑ «Koskobilo II lezerako sarbidea egokituko du udalak - Olazti» Guaixe (kontsulta data: 2026-07-11).
- ↑ «"Nafarroako Atapurteka txikirako" ibilbidea egina - Olazti» Guaixe (kontsulta data: 2026-07-11).
- ↑ «Koskobilo aztarnategira bisita - Olazti» Guaixe (kontsulta data: 2026-07-11).
- ↑ «Koskobilora bisita gidatua - Olazti - 2026-05-09» Guaixe (kontsulta data: 2026-07-11).
Kanpo estekak
- «Koskobilo, Sakanako historiaurreko argazkia» Aizu! AEKren aldizkaria 21 Abendua 2023.
Content Disclaimer
Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.
- The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
- There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
- It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
- Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
- Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.











