Magus

Magus (antzinako persieraz, magu-, babilonieraz, maguš, antzinako grezieraz, mágos [μάγος], latinez, magus)[1], edo magoa zoroastrismoaren eta aurreko irandar erlijioen apaiza da. Mago hitzaren erabilerarik ezagunena, Dario I.a Handiak idatzitako inskripzio hirueledunean dago, Behistungo inskripzioa izenaz ezagutzen dena. Antzinako persiera hizkuntzan idatzitako testu zaharretan mago bat, zurvandar apaiz bat da, eta, ustez, zoroastroar apaiza ere.
«Magos» hitza, ekialdeko Mediterraneo osoan eta hego-mendebaldeko Asian Antzinate berantiarreraino eta harantzago oso hedatua egon zen, eta grezierazko goēs (γόης) hitzan eragin zuen. γόης magiaren praktikatzaile bat izendatzeko termino zaharra zen, baina esanahia aldatu zen eta esanahi berriarekin, γόης -eran zereginak eta ezagutzak, astronomia, astrologia, alkimia eta beste ezagutza esoteriko batzuetara zabaldu ziren. Azkenean, persiar jatorriko hitzak ordezkatu egin zuen hitz zaharra. Elkarketa hori, era berean, helenismoan zabaldu zen sasi-zoroastroar erlijioarekiko liluraren emaitza izan zen; greziarrek uste izan zuten, Zoroastro izan zela magoen sortzaile kaldearra eta astrologiaren zein magiaren asmatzailetzat jotzen zuten, gaur egungo «magia» bezalako hitzetan oraindik ere irauten duen esanahia.
Mateoren Ebanjelioan, Ekialdeko «μάγοι» (magoi) Jesus jaioberriari gorazarre egiten diote (erabilera berezi hori, eta beti ere hizkuntzaren arabera, «mago», «errege santu», «errege», «errege mago» eta, ingelesez, «gizon jakintsu» gisa ere itzuli ohi da).
Jaraunspeneko apaiz zoroastroarren ohitua bizirik dirau Indian[2][3] eta Iranen. Han, Herbad, Mobad (Magupat, hau da, Magu-en burua) edo Dastur izena hartzen dute, beren mailaren arabera.
Historia
Irango iturrietan

Hitza bi aldiz baino ez da agertzen K. a. V. mendea baino lehenagoko irandar testuetan, eta horietako bakarra datatu daiteke zehaztasunez. Aipamen bakar hori Dario I.a Handiaren Behistungo inskripzio hirueledunean (antzinako persiera, akadera eta elamita) agertzen da, K.a. 520. urtean idatzi zena, gutxi gorabehera. Testu horretan, matxino bati «magi»[4] izena ematen zaio; antzinako persierazko zatian «mayu-» (normalean mediarren hizkuntzatik hartutako mailegutzat hartzen dena) agertzen da. Terminoak testuinguru horretan duen esanahia zalantzazkoa da.
Beste agerpena Avestaren testuetan dago, zoroastrismoaren literatura sakratuan. Kasu horretan, Avestaren zati berrienean baitago, terminoa moghu.tbiersean adierazpenean agertzen da, «moghurekiko etsaia» esan nahi duena, eta hapax bat dena. non moghu hitzak ez duen (lehen uste zen bezala) «mago» esan nahi, baizik eta «tribuko kide»[5], edo aitzin-iranierazko hizkuntzako klase sozial jakin bati egiten zion erreferentzia, eta avesteraz egiten jarraitu zuen.[6]
Gatetako avestar hizkuntzan idatzitako testuetan (testu zaharrenetan, alegia) agertzen da hitz bat geroko magoekin inolako loturarik ez duena, baina lehen uste zen bazegoela erlazio hori. Hitz hori, "magavan" adjektiboa da, "maga-duna" esan nahi duena. Lehen, avesterazko maga- eta medoen hizkuntzako (hau da, antzinako persiarrarena) "magu-" hitza garaikideak zirela uste izan zen (eta baita biak sanskritoko "magha-" tik hartuak zirela ere). Baina, nahiz eta «Gathetan[7] hitza Zoroastrok irakatsitakoa eta irakaskuntza hori onartzen zuen komunitatea aipatzeko ere erabiltzen duela dirudien», eta badirudi avestiar «maga-» hitza sanskritozko «magha-» hitzari lotuta dagoela, «ez dago arrazoirik pentsatzeko mendebaldeko irandar «magu» (Magus) formak esanahi bera duenik»[8] Baina «izan daiteke, hala ere», avesterazko moghu hitza (avesterazko maga- bezalakoa ez dena) «eta medoek erabiltzen zuten magu hitza, jatorri bera izatea. Mediarren artean, magu hitzak «(apaizen) tribuko kide» esan nahi zuen eta, beraz, geroago, «apaiz» zentzu berezia garatu ahal izan zuen, lehenago «tribuko kide» hitz irandar komuna izan zenak.[5][6]
«magi» hitza nola erabili zen persiar olerkaritzan erabili zen, eta K.o. XIV. mendeko persiar olerkari liriko eta mistiko sufi ezaguna izan zen Hafezen poemetan adibide batzuk aurki daitezke. Maiz erabiltzen dituen bi esamolde daude: lehena «Pir-e Moghan» da (hitzez hitz, «magi-en agurea»)[9]
Greko-erromatar iturriak
Garai helenistikoa
Magoei buruz iritsi zaigun erreferentzia greziar zaharrena — grezierazko μееος (mágos, plurala: magoi) — Heraklitok (K.a. 535 - K.a. 475) egina izan liteke, K. a. VI. mendekoa, eta Klemente Alexandriakoak aipatua (hemen: Clemente, Protreptikos 2.22.2 )[10]. Bertan, kristau idazleak madarikatu egin zituen magoak beren errito eta erritu «erlijiogabeengatik».[11] Ez da gorde Heraklitok aipatzen dituen erritualen deskribapenik, eta ez dago ezer iradokitzen duenik, Heraklitok, atzerritarrei buruz hitz egiten ari zela esateko.
Herodotoren (K.a. 484 – K.a. 425) deskribapenak, ordea, hobeto gorde dira. K.a. V. mendearen erdialdeko bere idazkietan, Asia Txikian bizi ziren irandar erbesteratuak deskribatzen dituenean, «azti» terminoa bi zentzutan erabiltzen du. Lehen zentzuan (Historiak, 1.101)[12], Herodotok mediarren tribu edo herri (ethnous) gisa aipatzen ditu magoak. Beste zentzu batean (1.132)[13], Herodotok «magoi» terminoa erabiltzen du «apaiz kasta» bat modu generikoan aipatzeko, baina «jatorri etnikoa ez da berriro aipatzen».[8] Robert Charles Zaehnerren britaniar adituaren arabera, beste testu batzuetan magoak aipatzen dira:
«Magoen berri badugu, ez bakarrik Persia, Partia, Baktriana, Corasmia, Aria, Media eta saken artean, baita irandarrak ez diren Arabia, Etiopia eta Egipton ere. haien eragina Asia Txiki osoan ere hedatu zen. Beraz, oso litekeena da magoen apaiz-kasta izen bereko mediarren tribuaren desberdina izatea».[8]
K.a. V. mendean, greziar magoek mageia eta magike hitzak sortu zituzten magos (μάγος) baten jarduera deskribatzeko, hau da, bere artea eta bere praktika deskribatzeko.[14] Baina ia hasieratik, ekintzak izendatzen zuen izenak eta hori egiten zuten aktorea izendatzen hitzak bide bereiziak hartu zituzten. Ordutik aurrera, «mageia» ez zen erabili magos-ek benetan egiten zutena aipatzeko, baizik eta zentzu modernoan «magia» hitzak duen esanahia hartu zuen, hau da, naturaz gaindiko baliabideak erabiltzea mundu naturalean efektua lortzeko, edo efektu horiek engainuen edo esku-jokoen bidez lortzeko itxurakeria.[14] Lehen testu grekoek esanahi gutxiesgarri hori izan ohi dute, eta horrek, aldi berean, «magos» hitzaren esanahian eragina izan zuen, eta horren ondorioz, ilusionista eta berritsu esanahia hartu zuten.[15] K.a. V. mendearen erdialdean, Herodotok magi-ak iragarpen eta ametsen interpretetzat hartzen ditu (Historiak 7.19, 7.37, 1.107, 1.108, 1.120, 1.128).[16][17]
Heleniar garaia baino lehenagoko iturri greziarren artean Xenofonte historialari eta militarraren idazkiak ditugu, persiar gortea bertatik bertara ezagutu zuena. Bere *Ciropedian*, K.a. IV. mendearen hasierakoa, Xenofontek magos-ak erlijio-gai guztietako autoritate gisa deskribatzen ditu (8.3.11),[18] eta enperadore izango zenaren hezkuntzaren arduradun gisa irudikatzen ditu. Apuleiok, filosofo platoniko numidiarrak, «jakintsu eta errege-filosofo» gisa deskribatzen du magos-a, ikusmolde platonikoaren arabera.[19]
Erromako garaia
Magoak «magiarekin» lotu zenean -greziar magikos -, modu logikoan edo, greziarrek Zoroastrori buruz zuten irudiaren arabera azti bihurtu zuten. Plinio Zaharrak, I. mendekoan, «Zoroastro» izendatzen du magiaren asmatzaile (Natur Historia, xxx.2.3), baina zehaztu zuen:«badirudi lanaren banaketaren printzipioa dela eta, Zoroastro ez zen arte ilunak greziar eta erromatar munduetan sartzearen erantzule». Zalantzazko ohore hori asmatutako beste mago bati egokitu zitzaion, asmatutako Ostanesi, eta hari egotzi zioten sasi-letratura magiko gehiena».[20] Plinioren ustez, magia hori «arte munstro» bat zen, greziarrengan magiarekiko «irrika» (aviditatem) ez ezik, benetako «erokeria» (rabiem) ere eragiten zuena, eta Pliniok uste zuen filosofo greziarrak — tartean Pitagoras, Enpedokles, Demokrito eta Platon — atzerrira joaten zirela hura ikastera eta gero hura irakasteko itzultzen zirela (Natur Historia, xxx.2.8 – 10).
«Zoroastro» edo, hobeto esanda, helenistek imajinatu zuten Zoroastroren hura, «magoen» irudi enblematikoa zen, eta magoen ordena sortu zuen (grekoek uste zuten magoen ordena bat bazela). Gainera, bere aurkarien testuak gutxiesteko testu «zoroastriko» zerrenda zabala egotzi zioten. «Greziarrentzat, jakituriarik onena exotikoa zela uste zuten» eta Zoroastro urrun zegoen, bia geografikoki nola denboran ere.[20] Testu horien gaia askotarikoak ziren, naturari buruzko tratatuetatik hasi eta nigromantziari buruzko beste batzuetaraino iristen zen, baina testu horietako gehienak espekulazio astronomikoei eta ezagutza magikoei buruzkoak ziren. Gainera, haien benetakotasuna oso gutxitan jarri zuten zalantzan.
Astrologiarekin elkarlotzen lagundu zuen faktore bat Zoroastroren izena izan zen. Hasieran, bere izena izarren gurtzarekin identifikatu zen (astrothytes, "izarrak sakrifikatzen dituena" da) eta, "Zo-" aurrizkiarekin, baita izar bizidunarekin ere. Geroago, etimologi mitiko are landuagoa garatu zuten: Zoroastro berak inbokatu zuen izarretik (-astr-) zetorren suaren isuri(-ro-) biziaren (zo-) ondorioz hil zen, eta, are gehiago, esaten zen izarrek mendeku gisa hil zutela, berak menperatu edo kontrolpean izan zituelako. Bigarren faktorea, eta «garrantzitsuena» [21], astrologiarekin lotzeko, Zoroastro kaldearra zela uste zuten. Grekoek beste izen batzu kere eman zizkioten: Zaratas/Zaradas/Zaratos zen (Hortik Zaratrusta) (adibidez: Agatías Scholasticus 2.23 – 25, Klemente Alexandriakoa, Stromata I.15), Joseph Bidez eta Franz Cumonten arabera, izen hori Zoroastroren izenaren forma semitiko batetik eratorria da. Sudako (Bizantziar entziklopedia historikoa) astronomiari buruzko atalak dio babiloniarrek Zoroastrorengandik ikasi zutela beren astrologia. Luziano Samosatakoak (Mennipus, 6) Babiloniara bidaiatzea erabaki zuen, "Zoroastroren azti, ikasle eta ondorengoetako bati iritzia eskatzeko".
Erreferentziak
- ↑ (Ingelesez) «MAGI» Encyclopaedia Iranica (kontsulta data: 2026-08-11).
- ↑ (Ingelesez) «The Origins of Zoroastrian Priesthood in India» Parsi Khabar (kontsulta data: 2026-08-11).
- ↑ Kotwal, Dastur Firoze M.. (1990). «A Brief History of the Parsi Priesthood» Indo-Iranian Journal 33 (3): 165–175. ISSN 0019-7246. (kontsulta data: 2026-08-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Mark, Joshua J.. (2025-04-18). «Inscripción de Behistún» World History Encyclopedia (kontsulta data: 2026-08-11).
- ↑ a b Boyce, Mary. (1975). A History of Zoroastrianism. I Leiden: Brill, 10–11 or..
- ↑ a b Gershevitch, Ilya. (1964). «Zoroaster's Own Contribution» Journal of Near Eastern Studies 23 (1): 12–38 [36]. doi:..
- ↑ Gatha-k, Zoroastrismoaren olerki sakratuak dira.
- ↑ a b c (Ingelesez) Zaehner, Robert Charles. (1961). «The dawn and twilight of Zoroastrianism : Zaehner, R. C. (Robert Charles), 1913-1974 : Free Download, Borrow, and Streaming : Internet Archive» Internet Archive (New York: MacMillan): 163. (kontsulta data: 2026-08-13).
- ↑ Zand, Afshin The Continuity of Zoroastrian Thought in Iran as Evident in Hafez
- ↑ Butterworth, G W. (1919). Clement of Alexandria. Vol. 92 (Loeb Classical Library ed.). Cambridge, MA: Harvard University Press: Harvard University Press. p. 45. ISBN 978-0-674-99103-3.
- ↑ Bremmer, Jan N.; Veenstra, Jan R. (2002). The Metamorphosis of Magic from Late Antiquity to the Early Modern Period. Peeters Publishers. 2. or. ISBN 9789042912274.
- ↑ Herodotus (1904). The Histories of Herodotus. D. Appleton. 41. or.
- ↑ Herodotus (1904). The Histories of Herodotus. D. Appleton. 54. or.
- ↑ a b (Ingelesez) Janowitz, Naomi. (2001). Magic in the Roman World: Pagans, Jews and Christians. Londres: Routledge, 9 or. ISBN 9780415202077..
- ↑ (Ingelesez) Peters, Edward. (1978). The Magician, the Witch, and the Law. University of Pennsylvania Press, 1 or. ISBN 9780812211016..
- ↑ Herodotus (1904). The Histories of Herodotus. D. Appleton.
- ↑ Bremmer, Jan. (2008). Greek Religion and Culture, the Bible and the Ancient Near East. Brill, 240 or. ISBN 9789047432715..
- ↑ (Ingelesez) Gera, Deborah Levine. (1993). Xenophon's Cyropaedia: Style, Genre, and Literary Technique. Clarendon Press ISBN 9780198144779..
- ↑ Too, Yun Lee (2010). The idea of the library in the ancient world. Oxford: Oxford University Press. ISBN 9780199577804. 96. or.
- ↑ a b Beck, Roger (2003). "Zoroaster, as perceived by the Greeks". Encyclopaedia Iranica. New York: iranica.com..
Kanpo estekak
Content Disclaimer
Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.
- The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
- There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
- It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
- Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
- Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.









