Monique WittigMonique Wittig (Rhin Garaia, Alsazia, Frantzia, 1935eko uztailaren 13a – Tucson, Arizona, AEB, 2003ko urtarrilaren 3a)[1][2] frantziar idazlea eta teoriko feminista izan zen, lesbofeminismoari funtsezko ekarpena egin ziona. Generoaren eraikuntza sozialaz idatzi zuen, eta "kontratu heterosexuala" esapidea erabili zuen lehendabizikoz. Lehen nobela 1964an idatzi zuen, L'Opoponax. 1969an bigarrena etorri zen, Les Guérillères, lesbofeminismoan mugarri bat ezarri zuena. TeoriakWittigen teoriek lesbofeminismoaren oinarria osatu zuten. Teoria horiek postulatu feministetatik eratorriak dira —zehazki, postulatu feminista lesbianetatik—, eta gerora queer teoriak bere egin eta egokitu baditu ere, egiazki materialismo frantziarrean kokatzen dira. Izan ere, teoria lesbofeministaren arabera, sexuaren kategoria gizarte-eraikuntza bat da, ez aurrez zehazturiko kategoria natural edo biologiko bat, eta eraikuntza hori emakumeen eta gizonen arteko botere-harremanen ondorioz sortzen da; hau da, ez da sexuaren kategoria botere-harremana sorrarazten duena, ezpada alderantziz, botere-harremana da sexuen kategoriak zehazten dituena eta horien beharra daukana. Horregatik ulertzen dira gizonezkoak eta emakumezkoak klase gisa, eta ez talde biologiko legez; Wittigen ustez, emakumeak klase gisa definitzen dituena gizonekiko duten esklabotza-egoera da. Ildo horri jarraikiz, heterosexualitatea erregimen politiko bat legez ikusten du, mundua ulertu eta antolatzeko era bat, ez sexu-orientazio, sexu-lehenespen edo sexu-praktika gisa. Bestalde, Wittigek hizkuntzaren funtzioa ere aztertzen du. Bere ustez, hizkuntzak boterearen bereizketa klasikoa iraunarazten du, eta betikotzen ditu, baita, bereizketa horretatik eratorritako definizio guztiak; hau da, hizkuntza eraikuntza maskulino hegemonikoaren esanetara dago, horren arabera sailkatzen da beste guztia. Teoria horiek guztiak feminismo materialistaren jarraitzaile ziren beste hiru emakumerekin batera garatu zituen: Colette Guillaumin, Nicole-Claude-Mathieu eta Paola Tabet. 1970eko hamarkadan, hainbat artikulu argitaratu zituzten Nouvelles Questions Féministes aldizkarian. Lan hautatuak
Euskaraz
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak |