Primitiba Lekuona Berasategi
Primitiba Lekuona Berasategi, (Primi, Primittiba) (Oiartzun, Gipuzkoa, 1924ko apirilaren 13a – ib. 2011ko abenduaren 20a)[1] farmazialaria, sasi-praktikantea eta euskarazalea izan zen. Euskara maite zuena eta herri osoarentzat lan egindakoa. Injekzioak jartzen zituen sasi-praktikantea eta botikako langilea izan zen 48 urtez. Gerra zibilak gogor astindu zuen familia, besteak beste, bi osaba fusilatu zituztelako. HistoriaPrimittibaren ama Diburtxi Berasategi Gaztelumendi zen, Karrikako Beinberri, mendi- baserrian jaioa. Aita Bruno Lekuona Etxabeguren, kale aldean zegoen Etxetxiki baserrikoa. Bost senidetan zaharrena zen. Bere atzetik 4 anaia: Jose Luis (1925), Juan Mari (1927), Andoni (1932) eta Julian (1938). Julian jaio zenean 14 urte zituen Primik.[2] Halabeharrez, eskola gutxikoa izan zen. Lagunekin jolasteko aukera ere aski gutxi. Umea zela gaixotasun luzea pasa zuen, bat-batean hankak lurrean jarri ezin eta mugitzen ez zela geratu ondoren. Gerora jakin izan zuen “belauneko tumore zuria” zela bere gaixotasuna. Eskola zen familia osoaren kezka, baina sendatu beharra zeukan. Donostiako ospitalean hartatzen zuten, hiru hilabetero hanketako igeltsua berrituta. Bidaia herriko esneketari baten autoan egiten zuten. Horrela bi urte luzez. Bederatziren bat urte izango zituen erabat osatuta geratu zen arte.[3] Eskolan ibilitako urte apurrak, herriko mojen eskolan egin zituen. Ama jostuna zuen, beti josten ibiltzen zena behintzat eta oso umetatik jardun zuen bere ondoan ikasten. Eskulanetan trebea izan zen beti. Jolastera ere puntua eginez ateratzen omen zen, modu berriak asmatzen eta lagunekin partekatzen. Ikasi zuen guztia bere kabuz ikasitakoa izan zen. Denborarekin alor askotan lortu zuen maisutasunez aritzea. Puntoz egindako lanak, kakorratzarekin egindakoak, smock izeneko apaingarriak soinekoetan, bordatuak, ehoziri lanak. Errenteriako denda batentzat aritzen ziren. Giro euskaldun, euskaltzale eta fededunean hazi zen.[4] Bi osaba izan ziren apaiz: Martin eta Manuel eta segidan bere anaietako hiru: Juan Mari, Andoni eta Julian. Horrez gain asko kantatzen zuen familia izan zen berea. Guraso biak ziren abesti zaleak. Amaren aldetik bertsoak; aitarenetik, berriz, kantak. Anaia apaizak ere, modu batera edo bestera, kantariak hirurak. Orohar euskal kulturan blaitua bizitzeko zoria izan zuen Primik. Osaba Manueletik hasita, hiru anaiek ere izan zuten euskal kulturako diziplina aunitzetan aritzeko gaitasuna. Izan ikerketan, antzerkian, bertsolaritzan, musikan, itzulpengintzan edo literaturan.[5][6][7] Gurasoen faltan, bera bihurtu zen etxeko ama. Asteartero jarraitu zuten osaba eta senideak elkarrekin afaltzen bere etxean. Hizketa gai beratsuaren bueltan beti: euskara, musika... Bere gazte garaia lagunartean igaro zuen eta lagunartea izan zen bukaera arte elikatu zuena, astero eurekin bilduz. Herrian antzerkia egiten eta dantza taldean aritu izan zen Juanito eta Manolo Oñatibiaren eskutik. Irakurtzeko zaletasuna zuen, bere anaia Jose Luisek bezala. Irrikitan egoten ziren, adibidez, osaba Manuelek harpidetuta jasotzen zuten Pan-pin euskarazko komiki berria jasotzeko. Juan Mariren kantuen eskutik iritsi zen poesia maitatzera.[3] 12 urterekin gerra eta frankismoaren jazarpen basatiaGerra altxatu zenean, familiak Arabako Miñao herrira bidali zuen, Teodoro Iñarra eta bere arreba bertan zeudela aprobetxatuz. Ez zuen gerra zuzenean ezagutzeko aukera eduki, etxera itzuli zenerako Oiartzundik pasea zegoelako, baina bai ordea faxistek familian eragindako sarraskia bizitu. Bi osaba, Julian eta Martin. Biak zortzi egunen barruan fusilatu zituzten. Julianen nondik norakoak ez daude argi, nahiz eta leku batzuetan azaldu Endarlatsara aldera eraman zutela beste gizon batzuekin batera eta hantxe fusilatu. Martin, Errenteriako parrokiako apaiz laguntzailea zen eta Gerbasio Albisu, beste apaizarekin batera atxilotu eta Donostiako Ondarretako kartzelan sartu zituzten. Bi lagunak batera fusilatu zituzten Hernaniko hilerrian. Familiak ez zuen euren senideen berri gehiago izan, ez eta gorpuak inon aurkitu ere. Betiko desagertu ziren.[8] Osaba Manuel, apaiza bera ere, 1941 arte gordeta bizi izan zen Lasarteko moja brijidatarren komentuko Antonio Abauntz kapilauaren etxean.[2] 18 urterekin etxetik kanpo laneraHerriko botikan hasi zen lanean, anai-arrebak ziren Manuel eta Amalia Anton-ek[9] amarekin tratua egin eta gero. Hogeita bi urte eman zituen haiekin, nahiko denbora farmaziako preparatiboak egiten ikasteko. Garai horretan ikasi zuen injekzioak jartzen ere eta sasi-praktikante gisa ibili zen luzaro etxez etxeko zerbitzua emanez. Jubilatu zen arte jarraitu zuen farmazian, aurrekoak utzita Carmen Errandonearekin jarraitu baitzuen bertan. Guztira 48 urte egin zituen farmazia lanetan.[3] Herriko beharretan laguntzenBotikako lanbidea medio, herritar askoren berri zeukan Primik. Emakume ezaguna, eta, bere mailan, beharrezkoa jende askorentzat. Laguntzekoa izan zen. Herriko elizan bertan 40 urtez aritu zen, Don Eugenio parrokoaren garaian hasita. Parrokia lanak bere gain hartuta eman zituen urte horiek guztiak, kasik serora lanak egiteraino. Zaharren egoitzako egoiliarrekin ekintzak egitera, astero joaten zen, baita gaixoak bisitatzen edo Caritas bezalako taldeetan laguntzen ere.[3] Erreferentziak
Kanpo estekak |