Radmila Trifunović
Radmila Trifunović-Milosavljević (serbieraz zirilikoz: Радмила Трифуновић-Милосављевић), ezizenez Hitra (Хитра) –Aleksandrovac, Požarevac udalerria, Jugoslaviako Erresuma (egun Serbiako Errepublika); 1919ko irailaren 15-Oreškovica, Petrovac na Mlavi udalerria, Okupaziopeko Serbia (egun, Serbiako Errepublika-; 1943ko maiatzaren 5); serbiar eta jugoslaviar partisano komunista izan zen. Jugoslaviako Herriaren Heroi izendatu zuten guda ostean. Hasierako militantzia1919ko irailaren 15ean jaio zen Aleksandrovac herrixkan. Požarevacen Bigarren Hezkuntzan ari zela, mugimendu iraultzailearen aldeko interesa piztu zitzaion. 1938an Radmila Trifunović Gazteria Komunistako kide egin zen[1][2] (iturri batzuen arabera 1936an[3]) eta erakunde horretako Požarevaceko buru izan zen. 1939an Jugoslaviako Alderdi Komunistaren kide egin zen, iturri batuen arabera, Belgraden medikuntza ikasten ari zela egin zen kide, jada Unibertsitateko talde marxistan eta Emakumezko Ikasleen Elkartean sartua zela[4]. 1939an atxilotua izan zen Aleksandrovacen, emakumeen eskubideen aldeko propaganda banatzearren[3]. Partisanoa1941eko Uztaileko Matxinada1941ean, martxoaren 27ko altxamenduak –Jugoslaviako Erresumak Ardatzarekin bat egitearen kontrako altxamendua, zeinek Ardatzaren aldeko Gobernua kentzea ekarri zuen, eta gerora, apirilaren 4an, Hitlerren inbasioa-, Radmila Trifunovićek Belgraden ikasten ari zen medikuntza karrera alde batera utzi zuen eta Požarevacera itzuli zen (Davorjanka Paunović eta Milica Radovanović ikaskideekin batera), Alderdiarentzat lan egitera -une horietan Požarevaceko Alderdi Komunistak 67 kide zituen, eta Gazteriak beste 150[5]-. 1941eko ekainean Moravako probintziako Alderdi Komunistaren komiteko kide eta hezkuntza politikorako arduradun aukeratu zuten[5]; besteak beste Žabari zein Simićevo herrietan zelula politiko bana sortu zuen[6]. Probintzia horretan 1941ko uztaileko matxinada prestatzen lagundu zuen[1][2]. Matxinada honek hasiera batean, bai partisanoek zein txetnikek babestutakoak[7], arrakasta handia izan zuen, 19.000 kilometro karratu eta 300.000 pertsona bizi ziren gune bat askatu zuelarik[8]–irailean Požarevaceko brigadan 1.200 partisano ziren, lan politikoaren hazkundearen neurria ematen du honek[3]-. Moravako probintzian komunistek matxinada horretan indargune garrantzitsu bat izan zuten, txetniken buru Draža Mihailovićek onartu behar izan zuen moduan[9]. Adibidez, masa-errekrutamendua egiteko gai ere izan ziren partisanoak[10]. Hala ere, hilabete horiek oso gogorrak izan ziren Trifunovićentzat, abuztuan bertan bere senar Jovan Milosavljević borrokan hil egin zen Ćuprija herrian alemaniarren aurka borrokan ari zela, eta bestetik, jaioberri zuten alaba, Stojanka Ankica beste familia batekin utzi behar izan zuen, klandestinitateko arauek behartuta[11]. Lan klandestinoa1941tik 1942rako neguan oso gaixo izan zen, baina laster itzuli zen lan politikoa egitera. 1941eko matxinada alemaniarrek Serbian zapaldu ostean, Trifunovićek ez zuen partisanoen baseetara (1942ko hasieran Bosniako Krajinara aldatu zuten), baizik eta “ilegal” moduan lan egin zuen, lerroen atzean. 1942ko otsailean Morava probintzia osorako Alderdiaren hezkuntza arduradun izendatu zuten[12]. 1942ko irailean Veliko Selon beste zelula bat sortu zuen herri horren eta Požarevacen arteko kontaktu mantenduz[13]. Bere lana erabakigarria izan zen 1943rako Morava probintzian Alderdi Komunistak berriz berregitura zedin[1][2], “etsaiaren erabateko presiopean”, berak txosten batean deskribatu zuen moduan[14]. 1943ko urtarrilean Malo Crnić, Nabrdje eta Trnanje herrietan zelulak sortzeko gai izan zen, eta berak deskribatzen zuen moduan “zonalde hauetan gure borrokaz informatzeko konferentziak ere egin genituen”[15]. Bestalde, Emakumeen Fronte Antifaxistaren komite batzuk eratu zituen Brzohod eta Malo Crnić herrietan[15]. 1943ko apirilean, Radmila Trifunovićek zuzendutako brigadak ekintza zuzena egiteko gai izan ziren, adibidez Donja Livadija herrian, non herri hartu, Udaletxea erre eta Požarevacerako konexioa mozteko gai izan ziren[16]. Trifunović partisanoen artean oso errespetatua zen bere ausardia zela eta[2][11], adibidez Bogoljub Stojanović Serbia erdialdeko zuzendari komunistabatek txosten batean deskribatu zuen moduan “Radmila Trifunović Hitra gurera iritsi zenetik, babes lan handia egin dugu eta errazagoa zaigu infiltratzea, burkideek laguntza beti prest izango dutelako”[17]. 1943ko maiatzean Oreškovica herrira iritsi zen partisano batzuekin, baina Serbiar Gobernu kolaborazionistaren armadak, Serbiar Estatu-Guardiak inguratu egin zituen. Tiroketan Radmila Trifunović zauritua izan zen, eta bizirik atxilotu ez zezaten bere buruaz beste egin zuen[1][2] (berdin egin zuen konpainia berdinean berekin zihoan Bojana Prvulovićek[3]; borrakaldi horretan hil ziren baita –etsaiaren txosten baten arabera- Dušan Tešić, Bogoljub Atanacković eta Života Jovanović[18]). Gudaren poderioz trifunovićtarren familian sekulako tragedia izan zen, Radmila beraz gain, bere aita Avram, bere nebetako bat, Marko, eta bere senar Jovan Milosavljević hil ziren eta[3]. Oroimena1953ko azaroaren 27an Jugoslaviako Herri Errepublika Federaleko lehendakari Titok emandako dekretu baten ondorioz, Jugoslaviako Herriaren Heroi titulua eman zioten[1][2][19]. Bere omenez Požarevaceko kale batek bere izena darama. Erreferentziak
Kanpo estekak |