Robert F. FurchgottRobert Francis Furchgott (Charleston, Hego Carolina, Ameriketako Estatu Batuak, 1916ko ekainaren 4a - Seattle, Ameriketako Estatu Batuak, 2009ko maiatzaren 19a) estatubatuar biokimikaria izan zen. Bizitza1937-1940 bitartean kimika ikasi zuen Ipar Carolinako Unibertsitatean, eta ondoren Northwestern Unibertsitatean. Irakasle gisa lan egin du, besteak beste, New Yorkeko Unibertsitatean 1956tik 1988ra, eta unibertsitate hartako Osasunaren Zientzietako Zentroko irakasle emeritua da harrezkero. Sendagaiek odol-hodietan duten eragina aztertu zuen, eta sendagai berak kasu batzuetan odol-hodiak zabaltzen dituela, eta besteetan, berriz, uzkurtu egiten dituela aurkitu zuen. Furchgottek pentsatu zuen desberdintasun horren eragilea odol-hodietako zelulen gainaldearen (endotelioaren) egoera zela. Endotelioa behar bezala ala kaltetuta zegoen, era bateko ala besteko eragina zuten botikek. 1980. urtean egindako ikerketa batean frogatu zuen, esperimentu baten bidez, azetilkolinak endotelioa egoera onean dagoenean bakarrik duela odol-hodiak zabaltzeko ahalmena, eta era berean ondorioztatu zuen endotelioko zelulek seinale molekular ezezagun baten bidez odol-hodietako gihar-zelula lauetan erlaxazioa eragiten dutela, eta horrela zabaltzen direla hodiak. Seinale molekular horri EDRF (endoteliotik eratorritako eragile erlaxatzailea) deitu zion Furchgottek, eta eragile hori identifikatzeko lanetan murgildu zen buru-belarri. Beste hainbat sariz gainera, Medikuntzako Nobel Saria irabazi zuen 1998an, Ferid Murad eta Louis J. Ignarro zientzialariekin batera, oxido nitrikoari buruz eta gai horrek sistema kardiobaskularreko seinale molekular gisa betetzen duen zereginari buruz egindako lanengatik. Erreferentziak
Kanpo estekak
|