Agirrek azken berrogei urtean Euskal Herrian edo Euskal Herriari buruz argitaratutako liburu, aldizkari, kartel, panfleto eta beste dokumentu batzuren bilduma itzela egin du, ikertzaileen esku jartzeko helburuarekin. Aitzindaria izan da lan horretan.[2]
Biografia
Monasterioa eta bibliotekonomia ikasketak
Juan Jose Agirre Begiristain 1930ean jaio zen Alegian (Gipuzkoan). Lazkaoko Beneditarren Monasterioan sartu zen 13 urterekin, eta ikasketa erlijiosoak egin zituen, gehienak Lazkaon (Gipuzkoan), eta azken urtekoak Belokeko Beneditarren Monasterioan, Ahurtin (Lapurdin). 1955ean apaiztu zen Baionan (Lapurdin), eta Lazkaora itzuli zen, Lazkaoko Beneditarrek zeukaten ikastetxean eskolak ematera. Irakasle lanetan aritu zen hamabost urtez, harik eta ikastetxea itxi eta Monasterioko Bibliotekaren ardura hartu zuen arte. 1970ean gertatu zen hori.
Ezer gutxi zekien Agirrek orduan liburu-kontuez, eta Montserrateko Abadiara joan zen Bibliotekonomia ikasketak egitera, jakina baita Beneditarrek entzute handiko liburutegia daukatela bertan. Han piztu zitzaion bibliotekari-bokazioa; bildumagile- eta artxibozain-bokazioa ere bai. Eta artxibo handi bat sortzea erabaki zuen, Euskal Herriarekin erlazionatutako funtsekin, etorkizunean ikertzaileek erabil zezaten. Gauzak horrela, 1973an itzuli zen Lazkaora, eta eginkizun berriari ekin zion.[4]
Harrezkero, Lazkaon lan egiten du. eta 2011n Lazkaoko Beneditarren Fundazioa sortu zen Agirreren lanari finkatu eta segida emateko.[1]
«
Montserraten urtebete egin nuen segidan, eta hurrengo urteetan ere joan etorrian ibili nintzen. Guztira han pasatutako denbora hiru bat urte izango da. [...] Gainera, Ranbletan dagoen Biblioteca Central de Catalunyara maiz joaten nintzen, ikastaroetara-eta. Sarrera ona nuen bertan, zuzendaria Montserraten egondakoa baitzen. Hango areto eta gela gotikoetan asko gozatzen nuen.
Eguberrietan, oporretan Lazkaora etorri nintzenean, gure bibliotekan zer genuen jakin nahi nuen. Exajeratu gabe gutxienez zentimetro bat hauts bazuten liburuek, egur estufaren erruz. Orduantxe deskubritu nuen gure biblioteka zein ederra zen, guk ere bagenituela liburu zaharrak, balio handikoak, ederrak. Eta hautsez beteta. 1500. urteko liburuak eta hautsez beteta! Lehenengo droga edo benenoa hauxe izan zen.
Agirrek Monasterioko Biblioteka antolatu zuen, liburu berriak eskuratu zituen eta bildumak osatzeari ekin zion. XIX. menderaino Karmeldarrek Lazkaon bildu zituzten liburu zahar guztiak txukun antolatu zituen monasterioko liburutegian.
Euskal Biblioteka
Era berean, gerora Euskal Biblioteka gisa ezagutuko zenaren oinarriak jarri zituen monasterioan aurkitu zituen euskal liburu eta aldizkariekin.
Kartel, panfleto, dokumentazio eta pegatinen artxiboa
Horrekin batera, liburutegi eta artxiboetan artean gordetzen ez ziren dokumentuak biltzeari ekin zion: panfletoak, kartelak, pegatinak… Eta arreta berezia eskaini zion erbestean eta klandestinitatean ateratzen zen guztiari.
Pixkanaka, Agirrek materiala biltzeko boluntario-sarea egituratu zuen bere inguruan; berak ere makina bat bidaia egin zituen Euskal Herrian zehar material bila. Denborarekin, gainera, alderdi politikoetan, sindikatuetan eta beste hainbat erakundetako partaide izan zirenen paperak eta artxiboak jasotzen hasi zen. Horrekin guztiarekin batera, monasterioko instalazioak egokitu zituen bildutakoa modu egokian gordetzeko, eta lehen antolaketa eta deskribapen lanak egin zituen. Hala, Lazkaoko Beneditarren Biblioteka ezaguna egiten hasi zen, eta laster izan zituen ikertzaileak ate-joka.
Lan asko egin du Agirrek ordutik hona. Artean ere lanean jarraitzen du, euskal gizartearen errekonozimendu zabalarekin. Hainbat sari ere jaso ditu azken urte hauetan. Egiaz, Agirre aitzindaria izan zen bere lanean, eta hasiera-hasieratik etorkizunera begira izandako ikuspegi zabalari esker, euskal ondare dokumentalaren zati garrantzitsu bat salbatzen lagundu duela esan daiteke.
Mariano Ferrer kazetariaren ondare dokumentala. Haren bizitza profesional luzean landutako hainbat dokumentu biltzen ditu Ferrerren artxiboak: informazioa, analisia, azterketa eta teorizazioa. Familia arduratu da ondare hori guztia gordetzen —bereziki, Carmen Rizo alarguna—. Eta familiak ondare dokumental hori Lazkaoko (Gipuzkoa) Beneditarren Fundaziora eraman.[6][7]
Kutxa Bira egitasmoaren barruan hainbat mezu idatzi zituzten herritarrek, eta Iparra Hegoa elkarteak Lazkaoko beneditarren artxibategian utzi zituen mezuok 2021eko uztailean. Bestalde, herriz herri ibilitako egurrezko kutxa Segurako (Gipuzkoa) Turismo Bulegoan egongo da ikusgai.[8]
Hauteskundeetako dokumentazioa. Kanpaina egiteko alderdiek erabili dituzten materialak (kartelak, itsasgarriak, programak...).[9]
Agirrek egindako lan horri segida emateko, bestalde, 2011n Lazkaoko Beneditarren Fundazioa sortu zuten Lazkaoko Beneditarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lazkaoko Udalak.[11] Agirrek egindakoari babesa eta jarraipena ematea da fundazioaren helburua: Lazkaoko Beneditarren Fondoa deiturikoa gordetzea, osatu eta garatzea, eta gizartearen esku jartzea. Agirre bera de fundazioko zuzendaria.
Sariak eta aitortzak
Besteak beste aitortza hauek jaso ditu Juan Jose Agirre:[1]
2009: Manuel Irujo etxeak Lizarran aitortu zion Euskal Herriko memoria historikoa gordetzearen alde egin zuen lan erraldoia, IX. Manuel Irujo Saria berari eskainiz, 40 urtez Euskal Herriko dokumentuak gordetzeko eta mantentzeko egindako lanagatik.[12]
2009: Diario Vascoren Goierri Saria, eskualdeari eman zionagatik.
2009: Galtzaundi Saria. Galtzaundi elkarte tolosarrak ere gizalegez ohoratu nahi izan zuen alegiarra.
2024: Gipuzkoako Foru Aldundiaren omenaldia, Euskal Herriko memoria historikoa eta gertuko memoria zaintzen egindako lanagatik.[13]
Joan Mari Torrealdai: "Lazkaoko Beneditarren dokumentazio-gunea: Juan Jose Agirreren artxiboa". Lazkao: Lazkaoko Beneditarren Fundazioa, 2011 ISBN 978-84-95234-42-1