Monestrell
| Monestrell | |
|---|---|
| Mahats-barietatea | |
| Mahatsaren kolorea | beltz eta black berry skin (en) |
| Espeziea | Vitis vinifera |
| Jatorrizko herrialdea | Espainia |
| VIVC mahats-barietatea | 7915 |
Monestrell ardogintzako mahats beltzen barietate bat da, Herrialde Katalanetakoa. Klima beroa behar du. Oso hedatua dago Valentzian, Pitiusa uharteetan (Eivissa eta Formentera) eta Murtziako El Carxe eskualdean.[1] Ardoari fruta aroma biziak eta kolore more bizia ematen dizkio. Tradizioz, ardo zaharminduak eta azkenburuko ardoak egiteko erabili izan da, baina, gaur egun, monestrell estilo ugariko ardoak egiteko erabiltzen da, garabide motelagoko beste barietate batzuekin batera, hala nola tempranilloa.[2][3]
Orpoa eta mahatsa
Anpelografiak dioenez, ardogintzako mahatsondo barietate hau indar ertaineko mahats orpo bat da, adar zut goratzen dena. Ernatze berantiarra du, apirileko lehen hamabostaldian, eta umotzea ere berant egiten du, urriko azken hamabostaldian.[1] 7.915 zenbakiarekin katalogatuta dago Vitis International Variety Catalogue (VIVC) vitis vinifera generoko hainbat espezie eta barietateren datu basean.
Winkler indizearen III, IV eta V zona klimatikoetan oso ongi egokitutako landarea da.[1] Aise jasaten ditu lehortea, udaberriko izozteak eta udako bero errea. Izan ere, tenperatura garai luzeak behar ditu umotze egokia lortzeko.[2] Onddoek eragindako gaitzak, oro har, ondo jasaten ditu, baina sentibera da mildiuarekiko eta oso sentibera zurinarekiko. Akaroen erasoekiko sentibera samarra da. Oro har, oso barietate adintsua izan daiteke.[1]
Lur eremu mota guztietara egokitzen da, baldin eta sustrai oso hondoratuak garatzeko sakonera nahikoa badu. Kalitate ona eta errendimendu ertaina eskaintzen du mahasti pobre, harritsu eta karedunetan; lursail emankorragoetan, aldiz, ekoizpen handia ematen du, nahiz eta kalitatea galtzen duen alkohol graduaz (apala), koloreaz (hitsa) eta azidotasunaz (handia).[1][4]
Mahastizaintzak behar izaten dituen egokitzapenetara aise moldatzen da, izan behe mahatseratzea, izan goratzea. Neguan inausketa motza komeni zaio, begi bat edo bi utzita landare bakoitzean.[1]
Mahats mordoak neurri txikitik ertainera bitartekoak dira, konikoak eta oso trinkoak. Aleak beltz-urdinkarak dira, esferikoak, neurri txiki eta ertainekoak eta azal lodikoak. Tanino asko du, zapore gogor eta latza hartzen du, baina aldi berean gozoa, alkohol graduazio goitua ematen dioten azukre batzuei esker.[1][4]
Agronomia
Presentzia handia du Valentziako Erkidegoan, 9.495 ha baititu, batez ere Alacant eta Valentzia artean banatuta. Katalunian, aldiz, asko egin zuen atzera XX. mendean zehar, eta XXI. mendaren lehen hamarkadatan 100 ha baino ez baitzeuden landatuak.[5] Ipar Katalunian ere atzeraldian dago. Jatorri deitura hauetan onartzen da monestrell mahatsa erabiltzea ardoa egiteko: Alacanteko ardoa, Alellako ardoa, Binissalemgo ardoa, Kataluniako ardoa, Conca de Barberàko ardoa, Costers del Segreko ardoa, Empordàko ardoa, Montsanteko ardoa, Penedèseko ardoa, Tarragonako ardoa, Valènciako ardoa eta Cava.
Herrialde Katalanetatik kanpo, Murtzian asko landatzen dute, Jumilla eta Yeclako jatorri izendapenetan, baita Gaztela-Mantxan ere, bereziki Almansa jatorri deituran. Iparralderago, Frantzian sate baterako, kosta egiten zaio umotzea, eta cariñena mahatsa baino geroago bildu behar izatera irits daiteke.[4] Hala eta guztiz ere, landaketa handiena duen bigarren herrialdea da. Bandòuko (Okzitania) barietate tipikoa da, eta oso preziatua da Castèunòu dau Papa inguruan, garnatxa beltzaren azukre maila eta graduazioa orekatzeko.[6] Kalifornian eta Australian mataro izenez ezagutzen dute eta askotan GSM (grenache, shiraz and mataro) nahasketaren parte da edo barietate bakarreko ardo bat egiten dute Mourvèdre etiketarekin.[6]
Ardoa
Monestrell mahatsaz egindako ardoaren estiloak asko alda daitezke lur eremu eta lan enologikoaren arabera.
Ardo beltz errubi kolore bizi eta morekoak ematen ditu, ertz ilunekoak, berriak direnean; baina kolorea gorri ilun izaten da urte baten buruan, eta teila kolorea ontze luzea duenean. Lehen aromak ere aldatu egiten dira: ardo berriak fruta gorri eta beltz freskoa eskaintzen du (mugurdia, ahabia...), baso lehorraren ukitu begetal arin batekin; baina ardo onduak fruta gorri helduago baterantz irekitzen dira, fruitu melatura iristeraino (masusta).[7] Upel batean egonda, bigarren mailako aromak hartzen ditu ardoak: menda, toffe, banilla, piperbeltza... Ahoan egitura oneko ardo mamitsuak dira, tanino indartsu baina biribilak, azidotasun ertaina eta alkohol graduazio sendoa (% 16-17ra irits daiteke mahats bilketa berantiarretan) eta bukaera luzekoak.
Ardo gorri asko ere egiten da, batez ere Valentzian, eta ardo aparduna, bereziki Katalunian. Tipula azalaren kolorea aldatu egiten da, muztioa mahats azalekin beratzen uzten den denboraren arabera. Lurrinari dagokionez, fruta gorri fresko biziaren iradokizunak ditu (marrubi, mugurdi, granada), ahoan ukitu begetalak dituena. Cava egiteko, monestrellak egitura edo bolumena ematen du.[1]
Ardo gozoetan granate eta marroi koloreak ardo beltz batena dirudi, biziagoa edo leunagoa, ardoa berriago edo zaharrago den. Sudurrean fruta hezurdun idortuaren lurrina, abrikotondoaren belarri landuarena batez ere, nabaria da (edo aranpasa, mahaspasak...), konfiturak eta eztia. Ahoan leuntasun sarkor bat dute, konfitatuak dira hondar azukreari esker, eta sudurrean usain txigortu luzeak lagatzen ditu.[1]
Fondellol
Azpimarratzekoa da likore lehorrezko ardo bat egiteko antzinako tradizioa, gaur egun oraindik bizirik dagoena: Alacanteko fondellol ardo zaharmindu lehorra edo apur bat gozoa. Upeletan egindako ontze oxidatiboak kolore marroi iluna ematen dio. Lurrinari dagokionez, txigortu biziak, mahaspasak eta zenbait espezie nabarmentzen dira, porto ardoaren, madeira ardoaren edo antzekoen gisara. Zapore indartsu, bero eta luzeak eskaintzen ditu, fruitu lehor, txigortu eta baltsamikoen doinuak iraunaraziz.
Historia
Erdi Arora arte arakatu daiteke monestrell mahatsaren historia. Katalunian 1381ean agertu zen lehen aldiz, Francesc Eiximenis frantziskotar idazlearen lanetan, Empordà eskualdean kokatuz.[8] XV. mendean, Jaume Roig valentziar medikuak 1460 aipatu zuen, monestrell gisa ere bai. Aldiz, XVII. mendean, Miquel Agustí ospitaleko zaldun agronomoak monestrell barietatea aipatu zuen, baina, harrigarriro, barietate zuria balitz bezala. Garai berekoa da 1629ko erreferentzia bat, argi uzten duena mataro eta garnatxa zirela Scala Dei kartusiar moinasterioaren barietate beltzik onenak, Prioraten. XVIII. mendetik aurrera, erreferentzia ugari daude monestrellez egindako Alacanteko fondellol ardoaz.[1]
Oso barietate preziatua izan behar zuen, izan ere, mahatsaren izenaren sinonimo nabarmenenak gaur egun ere bat datoz ardoa zein mahastiak birlandatzeko aihenak merkaturatzen ziren portu garrantzitsuen izenarekin: Valentziako Morvedre hiria, egungo Saguntori dagokiona, eta Mataró. Proventzan, XVI. mendean, Valentziako portutik eramandako aihenak sartu zituzten, eta horregatik Frantzia osoan, baita munduan barrena, mourvèdre da barietate honen izena.[9] Nolanahi ere, mourvèdre izenaren lehen aipamen idatzia ez zen agertu XVIII. mendearen hasierara arte. Jean Alexandre Cavoleau historialari eta enologoak 1827an jaso zuenez, barietate berari mourvedre deitzen zioten Provenzan; eta Rossellón, berriz, mataró esaten zioten.[1] Izen horrekin ere esportatu zen Kaliforniara 1870eko hamarkada baino lehenagoko uneren batean, non oharkabean iraun zuen 1990eko hamarkadara arte, orduan gorakada nabarmena izan baitzuen Proventzako mourvèdre aldaerarekin lotu zenean.[6]
Izenaren jatorriaz
Francesc Eiximenis frantziskotarrak XIV. mendean zioenez, izena latineko vulgar monesteriellu (monasterium hitzaren txikigarria) hitzetik datorkio, monasterioaren esanahiarekin, barietate hori monjeek landu eta hedatu zutela iradokiz.[10] Antzeko zerbait gertatzen da xarel·lo mahatsari, kartusiar esaten baitiote Prioraten.
Erreferentziak
- ↑ a b c d e f g h i j k Puiggrós i Jové 2018, 97-103. or. .
- ↑ a b Romaní i Olivé 2018, 146. or. .
- ↑ Robinson 2015, 475. or. .
- ↑ a b c Robinson 2015, 471. or. .
- ↑ (Gaztelaniaz) «La variedad de uva monastrell» Monastrell España (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-04-17).
- ↑ a b c Robinson 2015, 483. or. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Sánchez, Javier. «Monastrell, una uva para enamorarse de ella» El Comidista - El País (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-04-18).
- ↑ (Katalanez) Eiximenis, Francesc. (1484). Lo dotzen libre de regiment dels princeps e de comunitats appellat crestia. Valentzia: Lambert Palmart (BNE Digital. Biblioteca Nacional de España) (kontsulta data: 2026-04-16).
- ↑ Robinson, Harding & Vouillamoz 2012.
- ↑ (Katalanez) Eiximenis, Francesc. (1484). Lo dotzen libre de regiment dels princeps e de comunitats appellat crestia. Valentzia: Lambert Palmart (BNE Digital. Biblioteca Nacional de España) (kontsulta data: 2026-04-16).
Bibliografia
- (Katalanez) Favà i Agud, Xavier. (2001). Diccionari dels noms de ceps i raïms: l'ampelonímia catalana. Barcelona: Institut d'Estudis Catalans ISBN 978-8472835597. OCLC .398432483.
- (Katalanez) Puiggrós i Jové, Josep Maria (ed.). (2018). Raïms: les principals varietats catalanes: història, cultiu i vins. Vilafranca del Penedès: Edicions i Propostes Culturals Andana ISBN 978-8416445318. OCLC .1089957232.
- (Ingelesez) Robinson, Jancis (ed.). (2015). The Oxford companion to wine. Corby: Oxford University Press (archive.org) ISBN 978-0198705383. OCLC .908334498.
- (Ingelesez) Robinson, Jancis; Harding, Julia; Vouillamoz, Jose. (2012). Wine grapes: a complete guide to 1,368 vine varieties, including their origins and flavours. London: Allen Lane ISBN 978-1846144462. OCLC .795857065.
- (Katalanez) Romaní i Olivé, Joan Maria. (2018). Diccionari del vi i del beure. Valls: Cossetània Edicions ISBN 978-8490347515. OCLC .1100224714.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Katalanez) Josep Maria Puiggròs i Jové (2018) La cultura de la vinya i el vi a Catalunya, de l’edat mitjana als temps actuals. Universitat de Barcelona.
Content Disclaimer
Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.
- The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
- There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
- It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
- Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
- Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.









